Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’ –

Hamarka mila pertsona batu zituen manifestazioaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak, eta erantzukizunez bideratzeko konpromisoa adierazi du.

Botere judizialari, erakunde publikoei eta gizarte eragileei eskaera bana luzatu die, euskararen normalizazioak aurrerapausoak emateko.

Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa izeneko tresna aurkeztu du Kontseiluak, etorkizuneko sententziei erantzunak tokian toki eta batasunetik antolatzeko.

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’

Gaur egindako prentsaurrekoan, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an euskararen biziberritzearen aurkako sententziak salatzeko hamarka mila pertsona batu zituen manifestazioaren balorazioa egin du. Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek «eskerrik beroenak» eman dizkie azken hilabeteetan lan nekaezina egin duten pertsona guztiei, «jendearekin hizketan, argazki eta bideoak egiten, kartelak pegatzen, autobusak antolatzen, manifestazioan laguntzen… aritu diren ehunka bolondresei». Halaber, larunbatean Bilboko kaleak bete zituzten hamarka milaka herritarrei ere esker onak luzatu dizkie.

.

Aurreikuspenen gainetik, gizartean kezka partekatua

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’Manifestazioaren balorazioari dagokionez, Eskisabelek ondorengoa adierazi du: «pozik gaude emaitzarekin. Kontseiluaren aurreikuspenen gainetik erantzun zuen jendeak. Pozik gaude deialdiaren arrakastarekin, batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela ikusi dugulako. Badagoelako kezka bat euskararen sustapenari jarritako oztopoek eragindakoak, eta, aldi berean, badago gogo bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko». Gainera, poztasuna agertu du «uztai sozio-politikoaren zati handienak manifestazioarekin bat egin zuelako». «Euskararen normalizazioa adostasun sozialak handitzetik eta sakontzetik etorriko da, eta larunbatekoa, alde horretatik ere, noranzko egokian doala uste dugu» gehitu du idazkari nagusiak.

Larunbatekoak Kontseiluari «ardura bat» erantsi diola azaldu du, eta «indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzeko konpromisoa» agertu du, «beti ere, euskararen normalizazioaren alde eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde».

Manifestazioaren bukaerako hitzartzean esan bezala, «itun soziopolitiko baten premia» azpimarratu du Idurrek. Hain zuzen ere, «gaur egungo testuinguruan euskararen normalizazioaren aurrera egingo bada ezinbestekoa delako itun soziopolitiko berri bat eraikitzea, etorkizuneko erronkei heltzeko. Oldarraldirik ezean ere beharrekoa litzatekeen bezala». Eta Kontseiluaren konpromisoa itun sozio-politiko hori bideratzea izango dela azaldu du, «adostasunen bilaketa eta lanketatik».

Bestalde, hiru interpelazio eginez jarraitu du Eskisabelek. Lehenik eta behin, botere judizialari: «Uste dugu botere judizialaren eremuan hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa bat egin beharko litzatekeela: sentsibilizazio eta kontraste lan bat». Jarraian, erakunde publikoei zuzendu da: «uste dugu erakunde publikoek bi arlotan egin dezaketela ekarpen handia: batetik, normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak azken bururaino eramaten; hau da, helegite bide guztia aurrera eramanez. Bestetik, oldarraldiari kasurik egin gabe, euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzen, automurrizketarik gabe, ausart jokatuz. Eta, jakina, alderdi politikoei politika publiko ausart horien berme izan daitezen eta judizializatzen jarraitzea eragozteko». Eta azkenik, eragile sozialei eta herritarrei: «euskararen normalizazioak denok behar gaitu. Azaroaren 4ko manifestazioarekin ez da ezer bukatu. Baizik eta bide luze baten hasieran gaude. Beraz, jarri abian oldarraldiaren aurkako eta, orokorrean, euskararen normalizazioan sakontzeko jardunbideak eta ekimenak. Euskararen normalizazioa zeharlerro izan dadila bakoitzaren jardunetan».

Zentzu horretan, Kontseiluak azken hilabeteetan euskalgintzako eta hainbat sektoretako eragileekin batera tresna bat garatu duela azaldu du, oldarraldiari tokian toki eta batasunetik erantzuteko tresna edonorren eskura jartzeko asmoz.

.

Sententzien aurrean, askotarikoen arteko elkarlana

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak aurkeztu du Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa izeneko dokumentua. Gogorarazi du Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 2. artikuluan zehazten duela inor ezin dela diskriminatua izan bere hizkuntzarengatik, baina oraindik euskal hiztunen eskubideak ez daudela guztiz bermatuta eguneroko arlo askotan.

Horrexegatik, Protokoloa euskararen normalizazio prozesuan atzerapausuak egitera behartzen ari den oldarraldi judizialari erantzun irmoa emateko asmoz garatutako tresna dela azaldu du, «hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena, euskalgintzaren eta hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten askotariko eragileen arteko harremana eta elkarlana hauspotuz».

Protokoloaren funtzionamenduan sartuta, argitu du bi kasutan aktibatu ahal izango dela: arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza-eskubideen loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko; eta hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren-aurkako sententzia baten berri jasotakoan, erantzuna prestatzeko. Kontseiluak jasoko du kasuaren berri, eta eragileekin batera hurrengo urratsak aztertuko ditu.

Sententzien kasuan, eragin eremuaren arabera bi erantzun mota aurreikusi ditu Protokoloak: udal edo tokiko kasuak, eta foru erakunde edo administrazio orokorragoetakoak. Lehenengoetan, tokiko euskalgintzak eta eragileek izango dute erantzunaren protagonismoa, eta sustatuko da beraiek egitea harremana alderdi eta sindikatuekin. Alde batetik, bertako euskalgintza udal mailako alderdi desberdinekin harremanetan jarriko da, salaketa bateratu baterako oinarririk baden ikusteko. Erasoa salatzeko prest dauden eragile sozial eta politikoen artean eman beharreko erantzuna adostuko da, hau da, adierazpen bat (bateratua nahiz bakoitzak berea), prentsaurrekoa, elkarretaratzea edo bestelako ekimenak. Eragileen konpromiso maila desberdinak aintzat hartuta, ez zaio inori behartuko prest dagoena baino urrunago joatera.

Bigarren kasuan, foru erakunde edo administrazio orokorragoetan, sindikatuekin batera erantzun bat adosteko saiakera egingo litzateke: salaketa adierazpena, prentsaurrekoa, elkarretaratzea, mobilizazioa…

Bi kasuetan, Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoa den kasuetan, euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzea. Sententzien kasuan, egingarri denean, errekurtsoa babesa adieraziko lioke erakundeari.

Azkenik, argitu du Protokoloa ez dela dokumentu itxia, baizik eta erantzun eta esperientziak metatu ahala, eragileen ekarpenak jasoz, protokoloa aberasten eta egokitzen joatea dutela xede. Eskuragarri dago www.kontseilua.eus/protokoloa atarian.

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude