Halloween Arrankudiagan

Halloween Arrankudiagan –

Gure etxean Halloween, edo Gau Beltza, ez dira sekula arrotzak izan. Arrebak eta biok ez dugu sekula ospatu umetan, baina bai heldu zaigu haren oihartzuna, batetik, film bidez, umetan nire kuttuna Gabon aurreko amesgaiztoa (Sellick, 1993) ei zen, eta aitaren kontakizunaren bidez. Berarentzat naturala zen garai honetan kalabazak erabiltzea auzokoak beldurtzeko. Hori dela eta, Josu Ozaitak eta Joseba Larratxek lagatako galdetegiari esker, bere lekukotza jaso nuen. Duela 60 urteko kontuak dira, atzo goizekoak. Arrankudiagan gertatu ziren; Bilbotik 15 minutura.

Halloween Arrankudiagan

Aita Ugaon jaio bada ere, Arrankudiagakoak ditu gurasoak. Aita Bakiolakoa zen, eta baserria zegoen tokian poligonoa dago gaur egun. Amama Labekon jaio zen, ordea, gaur egun Bilboko ogi denda bati izena ematen dion auzoa, baita Javi Eskalza futbolariaren jaiolekua ere. Bertako bideetan ikusten eta jartzen zituzten kalabazak aitak, osabak etab. Aurpegia eta sudurra marrazten zizkieten, eta goiko partetik zabaltzen zituzten, bertatik kandelak sartzeko. Haginak egiteko txotxak erabiltzen zituzten, eta ondo baino hobeto betetzen zuten helburua: ingurukoak ikaratzea. Izan ere, bertako bide askotan ez zegoen argirik, eta egotekotan, oso gutxi. Linterna eskuetan joaten ziren askotan.

Ume bihurrikeriak ziren, auzokoak beldurtzea helburu zutenak. Ez zen jai bat, ez zen egun jakin batean egiten, ez zeukan izenik, ez Halloween, ez Arimen Gaua, ezta Gau Beltza ere. Urria kalabaza garaia da, eta beraiek erabiltzen zituzten bihurrikeriak egiteko, urteko beste sasoietan beste gauza batzuk erabiltzen zituzten moduan. Dioenez, arimen istorioak baino gehiago, orduan desagertuei edo heriotza arraroei buruzko kontakizunak bolo-bolo zebiltzan, Sacamantecas edo Zakuaren Gizona, adibidez. Hala ere, azaroaren 1ean Domu Santua ospatzen zuten (gaur egun ere).

Bestalde, urri bukaerako egun haietan ez zegoen diru bilketa egiteko ohiturarik (“truco o trato” delakoa), Eguen Zurin edota Agate Deunean bai, ordea. Eguen Zurin, inauterietako “Ostegun Gizena”, baserriz baserri kantatzen da eta, aita ume zela, janaria ematen zitzaien, eta bildutakoarekin askaria egiten zen. Normalean nerabeak ateratzen ziren. Agate Deunean karitaterako dirua eskatzen zen eta umeek nagusiei laguntzen zieten. Aitaren berbetan, goxoki gutxi ematen zuten, txerrikiak edota arrautzak bai, ordea. Ziurrenik, umeak triste joango ziren etxera, nagusiak ez, ordea.

Estatu Batuetatik etorri behar izan da Halloween plazara ateratzeko atzo goizera arte gure inguruko ohiturak zirenak. Guretzat kanpoko jai dena aitarentzat naturala zen; egin egiten baitzuten, eta kito. Orduan, ez ziren mozorrotzen, ez zuten diru bilketarik egiten; bihurrikerietan besterik ez ziren ibiltzen. Horrek ere gogora ekartzen digu zelan errotzen diren ohiturak, izan ere, guretzat arrotza dena naturala zen aitarentzat eta naturala da gaur egun ere.

Halloween Arrankudiagan Halloween Arrankudiagan

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude