Hizkuntza politika ezbaian

Hizkuntza politika ezbaian –

Hizkuntza politika ezbaianPolitikariekin eztabaidak antzuak direla esatea topikoa izan daiteke. Baina askotan zenbait politikariekin benetan antzuak dira deus ere balio ez dutelako. Urtearen hasieran hemen bertan argitaratu nuen artikulu bat (Kohorte galdua); bertan aztertu nuen Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak egindako adierazpenak. Urtearen amaieran, abenduaren 18an, sailburuak Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 aurkeztu zuen. Bertan, 43. orrialdean legealdirako hizkuntza politikaren helburuak zehazten ditu; euskaldunen bilakaerari dagokionez, 1.2 helburua, 2020 urterako Autonomia Erkidegoan, 5 urtetik gorako 788.100 euskaldun izatea jotzen du helburu eta, abiapuntua, 2011 urteko datua ezartzen du: 5 urtetik gorako 749.182 euskaldun. Helburua, bada, izango litzateke, 9 urtetan, 2011-2020 urte bitartean 38.918 euskaldun gehiago lortzea. Kontua da, 2011 urteko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuan (EUSTAT) 2 ? 4 urteko umeen artean 40.257 euskaldun zenbatu zirela 2 eta 4 adin-tarteko haur guztien %63,4, alegia.

2011ko zentsuaren arabera  2 eta 4 urteko haurren artean, 40.257 euskaldun, 18.414 ia-euskaldun eta 4.779 erdaldun ziren. Antza denez, adituek esan diotelako edo, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ez du uste 2011ko ume haiek, urte hartan, euskaldunak zirenik, eta okerrago dena, ez du uste, sei urte beranduago haur haiek euskaldun gisa har zitezkeenik. Helburua, 2020. urterako, eta abiapuntua 2011ko datua, 9 urte betetzeko, beraz, 2017-2020 epealdirako agenda estrategikoan. Horrela, sailburuak espero du 2017-2020 urte bitartean 13.192 euskaldun gehiago lortzea, urteko hazkunde-tasa %0,56.

Kalkulatu dugu 1981 eta 2011 urte bitarteko hazkunde tasa, bost urtetik gorako herritar euskaldunen hazkunde-tasa, %1,85, alegia. Izandako hazkunde-tasa hori, hain zuzen, %0,56 halako hiru da. Hogeita hamar urteetan izandako hazkunde-tasaren arabera 5 urtetik gorako herritarren artean 2011-2020 urte bitartean, amaieran, 798.718 euskaldun izango lirateke. Jarritako helburua baino 10.000 euskaldun gehiago. Nonahitik ikusita agenda estrategikoaren helburua oso-oso apala da, ez dela zuzena esango genuke.

Ez dugu uste aditurik behar dugunik azaldutakoa zuzena dela esplikatzeko. Bistakoa baita. Halere, alferrik ari gara. Auzia ez baita adituek zer esaten duten, ez baita teknikoa, auzia, batez ere, politikoa baita.

Bateren batzuek aditzera eman nahi dute gure eztabaida hau teknikoa dela. Agian horregatik, Bingen Zupiria Gorostidi sailburuak adituen eskuetan uzten du. Ez, sailburu jauna, eztabaida hau ez da teknikoa. Eztabaida politikoa da, guztiz. Hizkuntza politika egiteko erabiltzen diren oinarriak eta lanabesak ezbaian daudelako. Adituek esaten dute hizkuntzaren erabilera dela  hizkuntza gutxitua biziberritzeko giltzarria dela, hiztun-elkartearen tamaina nahikoa denean, behinik behin. Adituek arrazoi daukate, berriro ere. Baina hizkuntza gutxituaren erabilera hizkuntzaren egoera soziolinguistikoaren araberakoa da, erabilera ezagutza-tasaren funtzio zuzena baita. Euskararen kasuan, esaterako, behatutako euskararen erabilera-maila egoeraren arabera itxaro daitekeena baino handiagoa da. Horrela gertatzen da Euskal Herriko udalerri gehien-gehienetan eta horrela frogatu izan da 1989. urtez geroztik kale-erabileraren 7 neurraldietan. Euskaldunok, oro har, duin eta kementsu eusten diogu euskararen erabilerari. Urtetan horrela erakutsi dugu eta, aurrerantzean ere, ahalegin handiagoa egingo dugu. Aho biziz, seguru.

Halere, euskaldunok gutxiengoa garen bitartean, herena baikara ozta-ozta, erabilera baino ezaguera izango da hizkuntzen arteko asimetria gainditzeko gakoa. Euskararen erabilera oso garrantzitsua da hiztun-elkarte trinko eta sendo irauteko, bai, baina ez da biziberritzeko auzirik erabakigarria. Gaur egun, ezagutza da euskararen normalizaziorako giltzarria. Euskaldunok biztanleriaren gutxiengoa garen bitartean euskara erabiltzeko zailtasun handiak baitauzkagu sarri askotan, harik eta ezin erabili izateraino.

Txillardegiri, besteak beste, Euskara Batua zor diogu. Ez Euskara Batua bakarrik, soziolinguistika matematikoa eta euskararen erabilera aztertzeko eta ebaluatzeko prozedura ere. Prozedura matematiko estandarizatua, sendoa, baliozkotasun handikoa eta fidagarria. Gurea ez da eztabaida teknikoa sailburu jauna. Eztabaida, muinean, Txillardegi gutxietsi eta baztertu zutenen puntu berean dago. Euskaldunok ez gara gure hizkuntzaren egoeraren erantzuleak, izatekotan, akaso, gure hizkuntza biziberritzearen eragile kementsuenak gara.

Hizkuntza politika ezbaian
Arg: Satandelicious

Hizkuntza politika ezbaian dago. Agenda estrategikoak zedarritutako 25 helburuetatik aurreneko 2etan Biztanleriaren eta Etxebizitzaren Zentsuak erabiltzen dira iturri gisa. Gainerakoetan, iturriak dira: Inkesta Soziolinguistikoa, ARRUE proiektua, HPS edo V. plangintzaren amaierako ebaluazioa.

Inkesta Soziolinguistikoaren kasuan, inkestan bertako fitxa teknikoan argitzen da, %95eko konfiantza mailarekin, Erkidego Autonomikoan 1,9 puntuko errore-maila estimatzen dela. Horrela, 2020 urterako jarritako helburuek, guztiek batek izan ezik, ez dute gainditzen inkestak ezarritako errore maila. Hau da, aurreikusitako hazkundeak, gertatzekotan, politika eraginkorraren emaitza baino kontsidera daiteke zoriaren ondorio izan daitezkeela.

Gaude, hizkuntza politikaren oinarriak eraberritu eta eguneratu behar direla. Euskararen biziberritzearen aroak ez baititu gainditu, oraindik orain, estandarizazioaren langa. Biztanleriaren herena izatetik populazioaren erdia izateraino bide malkarra daukagu, Azken 50 urteotan egindako ahaleginak ustel gerta daitezke urratutako bidetik ateratzen bagara. Euskararen erabilera areagotzeak, dudarik ez dago, hiztun-elkarte trinkoago eta sendoago egingo gaitu, jakina. Hori, ordea, ez da nahikoa izango euskaldunok biztanleriaren gutxiengoa izatetik ateratzeko eta hizkuntzen arteko asimetria gainditzeko. Hizkuntza politika ausartagoa eta sendoagoa behar dugu. Ahalik eta arinen.

Hizkuntza politika ezbaian Hizkuntza politika ezbaian

5 pentsamendu “Hizkuntza politika ezbaian”-ri buruz

  • Hizkuntza Politika(k) aldatu behar gorriaz, erabat ados.
    Eskaparategintzari utzi, eta euskaldunon komunitatea berrosatzeko politika zintzoak eta eraginkorrak behar ditugu gauzak areago okertu baino lehen.
    EAJ-k gobernatzen dituen erakundeen aldetik batez ere, baina EHBilduk gobernatzen dituenetatik ere bai.
    Diagnostiko errealistak behar ditugu hasteko. Ez EAJren bertsio fantastikoak, eta EHBilduk azkenaldian eskaini dizkigun irakurketa bitxiak (Euskararen Nazioarte Egunaren Adierazpena adibidez) ere.
    Aipatzen duzun euskararekiko atxikimendua ere higatuz doala iruditzen zait. Eta gaitasunarekin dauka lotura zuzena horrek ere: gero eta gehiago dira erdal-elebidunak, gero eta gutxiago euskal-elebidunak…
    Konpromiso askoz handiagoa eragile abertzale guztien aldetik eta lidergo euskaltzalea.
    Euskalgintza esnatzea ezinbestekoa dugu. Subentzio politikek eragindako paralisi intelektualetik eta EAJrekiko segidismotik irtetea.
    Heziberrirekin gertatzen ari dena, berbarako, oso adierazgarria eta larria da (http://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/hesi-berri)…
    Herri eta hirietako kultur eta aisialdi-eskaintzaz zer esan? Erdaren itsaso gero eta zabalagoa dugu inguruan…
    Hizkuntz Politika(k) zeharo azkartu behar gorria daukagu, bai, bestela jai.

  • Kaixo.
    Ea laguntzen didazuen datu pare eta bat bilatzen, (ez ditut inon topatzen!)

    Lanbide heziketan d ereduaren egoera 17/18 kurtsoan, eta euskaltegietako helduen matrikulazio kopurua.

    Izan ere, uste baitut, lan mundua, helduen mundua euskalduntzea dela gure hizkuntzak duen erronkarik larriena.

    Milan esker.

  • Xabier Isasi 2017-12-29 09:51

    Egun on Ipiru. Nik dakidala Jaurlaritzak oraindik ez ditu argitaratu 2017/18 ikasturteko daturik, ondorengo estekan http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/hezkuntza-estatistikak/ aurki ditzakezu orain artean argitaratutakoa. Euskaltegietako dau estatistikoei dagokienez, Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako helduen euskalduntzei buruz esteka honetan (HABE) http://www.habe.euskadi.eus/s23-4728/eu/contenidos/informacion/ikasleak/eu_9721/ikasleak.html Bat nator zurekin, lan mundua euskara biziberritzeko zulo beltza da.

  • Xabier Isasi 2017-12-29 09:57

    Egun on JJ Agirre

    Oro har, ulertzen dut esaten duzuna eta, neurri handian, bat nator zurekin. Zuk adierazitako kezkei bat gehiego erantsiko nieke: euskaltzale kritikoon sakabanaketa eta ahulezia hizkuntza politikaren gaineko eztabaida sustatzeko eta proposamenak zabaltzeko. Iruditzen zait asko garela zerbait egin behar dela pentsatzen dugun euskaltzaleok, ez dugu asmatzen, ordea. Edozelan ere, eskerrik asko. Saiatuko gara.