Euzkadi is not Disneyland

Euzkadi is not Disneyland –

Euzkadi is not DisneylandOrain dela hilabete bat inguru, Argia astekarian ondoko txantxa argitaratu zuten. WhatsAppetik albistea jasotzerakoan barre egin eta lagun talde batean konpartitu nuen ere. Ostean albistea prozesatzen hasi nintzen, txantxak askotan bigarren irakurketa badute, ageriko mezuaz gain bigarren irakurketa.

Hortik 10 egunetara Garak EH Bilduren idazkari nagusiari, Arnaldo Otegiri, eginiko elkarrizketa argitaratu zuen. Berriz ere, Euskal Alderdi Jeltzaleari zein Podemos-Ahal Duguri ustezko aliantza posible baterako deia egiten zien. Ziklo politiko berria ireki zenetik, EH Bilduk eskua hainbatetan luzatu dio Eusko Alderdi Jeltzaleri. Azkenekoz, ezker independentistok eskurik gabe gelditu gara.

Lagun artean, azkeneko urtean, askotan EAJrekiko balizko aliantza batez aritu izan gara. Tartean, Maltzagaren ideiaren bueltan Zuzeu atarian egondako eztabaida. Lagun batek askotan aipatu izan du “EAJrekin batera ezinezkoa, EAJrik gabe gatz”. Nik neuk idei hori defenditzen dut, nahiz eta ulertu gai konkretu batzuetan, taktikoki,  ezkerreko independentistok akordio zehatzetara heldu gaitezkeela. Baina esaldi edo lema horren atzean, arrazoi estrategikoak egon badaude.

78ko erregimenaren lurraldetasun eta ekonomi krisiaren aurrean gauden honetan, kontrarreformaz hitz egiten ari garelarik, ustelkeri sistemikoaz… herri akordio demokratiko eta sozial aurrerakoien beharra defenditzen dugula indar metaketa bultzatuz, zenbait aurrerapen eman direla aitortuta ere, EAEn[1], momentuz bigarren frontea irekitzeko ez gara kapaxak. Bidea ez da erreza, gainera gure agenda bi edo hiru ardatz dituenean: gatazkaren ondorioak (1), erabakitzeko eskubidea (2) eta aro neoliberalarekin hausteko burujabetza sozialaren aldarrikapena (2-3).

Testuingurua aproposa bada ere, Kataluniako herriarekin batera 78ko erregimena erausteko arrakalak sortzeko gai ez garela dirudi. Bitartean, EAJ inoiz baino erosoago dago, inor ez da gai haien proiektu zalantzan jartzeko eta zentralitate politiko osoa bereganatuta dute. Jendartean badago pentsamendu hegemonikoa sinesten dutela EAEko egoera bestelakoa dela estatuko gainontzeko herriekin konparatuta, “Euskadi is different”.

Akaso, familia politiko bakoitzaren alderdi egiturak, testuinguruaren irakurketan, betearazten duten rola kokatzen ez gaude asmatzen. EAJri behin eta berriz eskua luzatuta, jeltzaleak 78ko erregimeneko bloketik kanpo kokatzen ditugu. Hau da, ustelkeria sistematikotik, murrizketatik edo errepresio egikaritzen duen bloketik kanpo, besteak beste. Jeltzaleen eredu indartzen dugu, haien proiektua zalantzan jartzeko gaitasuna murriztuz eta zentralitate politikoa haien esku utziz. Gaur egun, Eusko Alderdi Jeltzalearen eredua hegemonikoa da: egonkortasuna, gestio ona, gardentasuna, ongizatea edo segurtasuna haien gainean eraikita iruditegia dugu. Jendartean nagusi diren balore hegemoniko hauek Jeltzaleen proiektuarekin elkarlotuta daude.

Bestalde, bigarren frontea irekitzerako bidean indar metaketa beharrezkoa delakoan nago. Aurreko zikloaren ezaugarri nagusietako bat familia politikoen zurruntasuna zen, Hego Euskal Herriko familia politiko bakoitzak bere alderdi-sindikatu egituratik mugiarazteko zailtasuna. Ziklo politiko berriak blokeen arteko politika eta gehiengo soziologiko berriak eraikitzeko aukera eskaintzen du. Baina ez da berdina indarrak metatzea alderdi-sindikatuen arteko aliantzen bidez edo gehiengo soziologikoen logetatik, alderdi-sindikatuen arteko aliantzetatik haratago. Hortaz, eskua luzatzerakoan EAJri badirudi haien oinarri sozialarekin zubi lana egin nahi dela. Printzipioz soziologikoki erabakitze eskubidearen zein eskubide sozialen alde nagusi den euskal jendarteren sektore bat haien burua hauteskunde lehian EAJn ordezkatuta ikusten dutenak.

Bi aldagai hauek, ez bakarrak, moduz batez edo bestez bigarren frontea irekitzea ekiditen dute. Alde batetik, ez kokatzea EAJk 78ko erregimenaren euskal zutabe gisa. Kataluniako prozesua gurera ekarriz, ongizatearen galera zein CIUren desintegrazioa erabakigarriak izan dira estrategia independentista hauspotzeko.  Beraz, EAJn arrakalak sortzea ezinbestekoa da, EAJren eredua zein ordezkatzen dituen baloreak aurkatu behar ditugu. Beste alde batetik, indar metaketa alderdi-sindikatu logiketatik abiaraztea gehiengo berriak osatzeko eta nortasun politikoak berregituratzeko aukerak mugatzen ditu. Honek herri honetan estrategia independentistak edo Gure Esku bezalako ekimenek izan dezaketen potentzialtasun osoa trabatzen du.

 

[1]             Nafarroko zein Iparraldeko testuingurua bestelakoa da, horregatik Euskal Herriaren osatunaz ez naiz aritu.

Euzkadi is not Disneyland 
Euzkadi is not Disneyland
EAJ, estrategia independentista, Euzkadi is not Disneyland, ezker abertzalea, maltza, sortu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude