Herritarren eskubidea, instituzioen erantzunkizuna

Herritarren eskubidea, instituzioen erantzunkizuna –

Azken hilabeteetan Nafarroan euskararen aurka egindako erasoak arrapaladan etorri dira: euskararen arau markoetan murrizketak (administrazioa euskalduntzeko dekretua oraindik eta gehiago murriztea, ordenantzetan atzerakadak…), lan deialdietan euskara ez baloratzea, D ereduko lerroak irekitzeari uko egitea, edo euskaraz jarduten duten pailazoak debekatzea. Jardun euskarafobiko horren jomugan egon da Iruñeko Udaleko haur eskoletako euskarazko plazak murriztea ere. Zorionez, aldeko haizea ere badator, Unibertsitatetik bertatik. Euskarazko eskaintza handituko duela aditzera eman berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Hainbat ikasle, langile eta eragileren lana fruituak ematen hasia da. NUPek hartutako bidea balioan jarri nahi dugu. Nola da posible Unibertsitate mailan aurrerapausoak ematen ari den honetan, haur eskoletan eta D ereduan atzera egitea?

Herritarren eskubidea, instituzioen erantzunkizuna
Arg: Ekinklik

Hori dela eta, aurreko astean kalera atera ginen, beste behin, Iruñeko haur eskoletan eman nahi den atzerakada gordina Iruñeko Udalaren akzioz eta Nafarroako Gobernuaren omisioz emango dela salatzera. Inboluzioaren arduradunak interpelatzeko asmoz, Udaletxe plazatik abiatu eta Gobernuaren egoitzaren aurrean bildu ginen.

Iruñeko Udalaren akzioz eginen da, euskarazko plaza kopurua 371 plazatik (eskaintzaren %39,4) 112 plazara murriztuko duelako (eskaintzaren %11,9). Alegia, Iruñeko Udalak euskarazko hizkuntza-eskaintza %70 murriztea erabaki du. Horrek, besteak beste, ditikoentzako Iruñea guztian 20 plaza baino ez dela egonen esan nahi du.

3 urtetik aurrerakoen matrikulazio datuek, ordea, agerian uzten dute Iruñeko familien hautua zein den (sare publikoan D eredua %35 da Iruñean). Halere, hori justifikatu nahian, Udalak berak egindako inkesta polemikoaren emaitzek, beste behin ere, agerian utzi dute familien nahia: %36k interesa dugu dute seme-alabek euskara ikas dezaten. Kaltetutako gurasoek Udalari hainbat eskaera eta proposamen helarazi dizkiote, eta entzungor egin die guztiei. Modu ezin ageriagoan geratzen ari da Iruñeko Udala: errealitateari bizkar emanda, zerbitzu publikoak herritarrei ukatuz, eskubideak urratuz eta hizkuntza apartheida praktikatuz dihardu. Iruñeko Udalak kalean utzi nahi ditu, ikusezin bihurtu nahi ditu familia horiek, ez dezala inork ikus Iruñean euskarak duen indarra. Arazo hau konpontzeko egindako proposamen guztiei muzin egin diete Navarra Sumatik. Eta Nafarroako Gobernuak ere babesgabe utzi ditu: PSNko ordezkariekin egon dira, baina proposamen argirik ez diete egin. Zer egin asmo du Gobernuak? Navarra Sumaren politika euskarafobiko berak aplikatuko al ditu? Erantzunak nahi ditugu. Izan ere, hau guztia arazo ikaragarria da gurasoentzat. Instituzioen egitekoa herritarren eskubideak bermatzea da, eta ez horiek zapaltzea.

Halaber, salatu nahi dugu Nafarroako Gobernuaren immobilismoa. Iruñeko Udalak murrizketa egiteko baliatu duen sententziak aditzera ematen du Nafarroako Gobernuarena dela haur eskolen eskumena. Baina, erabaki judizial horren aurrean Nafarroako Gobernua isilik dago, are gehiago, Gobernuak berak Iruñean 5 haur eskola ditu, eta duen %14ko euskarazko plazen kopurua handitzeko ez du ezertxo ere egin.

Haur Hezkuntzako 0-3 urte bitarteko zikloa Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kudeaketaren menpe egoteko aldarrikapena historikoa da, eta egun, berebiziko garrantzia du horrek. Izan ere, administrazio bakar baten pean egoteak ahalbidetuko luke Nafar guztion euskarazko haur eskolen plangintza osatua egitea. Horrela, bermatu ahalko litzateke txikitatik euskaraz ikasten hasteko eskubidea.

Horregatik bildu ginen Gobernuaren egoitzaren aurrean, argi eta ozen esateko badela garaia! Orain da unea neurri zehatzekin erakusteko Nafarroako haurrek hezkuntza prozesuaren hasieratik bukaera arte dutela euskaraz ikasteko eskubidea, eta orain da unea 0-3 Hezkuntza Zikloaren egiazko aitortza egiteko, bertan dihardugun profesionalon lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko, eta ez beti bezala hitz polit hutsetan gelditzeko. 0-3 bitarteko haurrak ere eskubideak dituzten hiritarrak dira.


Sinatzaileak

  • Agurne Gaubeka Erauskin – Hizkuntz-Eskubideen Behatokia
  • Amaia Urzelai Lasa – LAB
  • Asier Biurrun Ajuria – AEK
  • Iban Amotxategi – ELA
  • Iñigo Otxoa, Izaskun Berasategi eta Saioa Anzizu – HE Gurasoak
  • Juan Javier Iturralde – Zaldiko Maldiko Kultur Elkartea
  • Marta Diez – Sortzen Elkartea
  • Nekane Otamendi – IKA

“Euskara Eskubidea” elkarrizketa sorta:

Herritarren eskubidea, instituzioen erantzunkizuna
Herritarren eskubidea, instituzioen erantzunkizuna
Agurne Gaubeka

Hizkuntz Eskubideen Behatokia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude