Mikel Auza (LAB): "Sakanako LHn 6 ziklo eskaintzen dira gazteleraz. Euskaraz, bakarra"

Mikel Auza –

Mikel Auza Makutso (Iruñea, 1972) irakasle teknikoa da 1998tik, eta egun LABeko liberatua da. Sindikalista lanetan dabil, besteak beste, urte luzez irakasle lanetan aritu den Sakana Lanbide Heziketa institutuan, Altsasun. Zentro honetan euskaraz ikasteko zailtasun handiak daude, eta berarengana jo dugu gehiago jakiteko asmoz. 

Mikel Auza

Lehenik eta behin koka dezagun institutua: noiztik ari da lanean, zer eskaintzen du…

Orain dela 50 urte inguru sortu zen, eta bere lehenbiziko izena San Miguel de Aralar izan zen. Duela urte gutxi aldatu genion (orain FP Sakana LH da). Goi mailako bi lerro daude: fabrikazio eta produkzio mekanikoaren programazioa batetik, eta mekatronika bestetik. Ertainean soldadura eta galdaragintza, mantenu lan elektromekanikoak, eta menpekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzea. Bestalde, araubide bereziko kirol ikasketak (eskalada eta mendiarekin lotutakoak), baita oinarrizko LHko lerro bat: zerbitzu komertziala. Guztiak, bat izan ezik, gazteleraz; hots, 6 ziklo gazteleraz eta 1 euskaraz.

Institutu honetan euskara ikasteko eskubidea ez dago bermatuta, beraz. Horrela izan da historikoki?

Bai, horrela izan da. Nafarroa Garaian 1986an Vascuencearen Legea ezarri zen, “zonaldeak” sortuz; egun, “zonalde euskaldunean” hiru LH ikastetxe daude: bat Beran, beste bat Elizondon, eta Sakanakoa. Lehengo bietan prozesu bat eman zen 1998an. Erabaki zen lanpostu finkoa zeukaten irakasleak erretiratu ahala sartzen ziren irakasle berriek euskaldunak behar zutela izan. Prozesu hori 12 urtez luzatu zen, gutxi gorabehera, eta egun irakasle guztiak euskaldunak dira.

Mikel Auza
Mikel Auza (Arg: Guaixe)

Ze profil daukate Sakana LH institutuko irakasleek?

32 irakasle eta 5 espezialista daude egun, eta horien artetik soilik 8 dira behin-betikoak (horietako bat ni). Zortzi funtzionario hauen artean “D” zerrendatik oposizioa atera zuena bakarra da, eta besteak gaztelerako zerrendakoak dira. Azpimarratu nahiko nuke irakasleek orohar bizi duten prekarietateak ere zerikusi handia duela irakasle euskaldun finkoak lortzeko ezintasunarekin (baita klaseen mailarekin ere).

Plan estrategiko bat diseinatu zenuten institutuan. Euskarari dagokionez, zertan datza?

Sakanan ez da Beran eta Elizondon bezala pasa. Orain dela urte batzuk, eskolako zuzendaritzan nintzela, argi genuen euskaraz ikasteko eskubidea bermatu behar genuela. Izan kontutan Sakana LHko ikasleen %70a euskalduna dela, eta %30 “erdalduna”. Kakotx artean diot, zeren eta asko A eredutik datoz, eta beraz, euskara ulertzeko gaitasuna daukate. Klase ematera etorri behar ziren irakasleak euskaraz jakin behar zutela garbi genuen, nolabait esanda, Beran eta Elizondon egindako bidea jarraituz. Horrela zentroaren bi beharrak asetzen ziren: batetik ikasle erdaldunek klasea jasotzea, eta bestetik ikasle euskaldunei euskaraz egitea.

Zuzendaritza taldetik aurkeztu genuen plan hau, eta azken zortzi urte hauetan lau lagun aritu gara horrekin lanean. Buelta eman nahi genion irakasle profilari, Berako eta Elizondoko prozesua eredu. Badakigu ikasturte honetan hainbat sindikatuk protesta egin dutela lekualdatze prozesuetan, eta Sakana LH institutuak eskatutako “D” ereduko bost irakasle etortzea eten dute Hezkuntzako Departamentutik. Aurretik ere bi salaketa jaso genituen, CC.OO-eko bi afiliatuk eginak, eta Hezkuntzatik gure plan estrategikoa eten zuten. Hezkuntza departamenduak dio D eredua edo erdal eredua jarri behar dela, eta horren arabera kontratatuko direla irakasleak.


Sakana Lanbide Heziketa institutuaren webgunea

(gaztelania hutsean, dirudienez)


D ereduaren aukera babesten duzue, orduan?

Noski baietz! Bai sindikatu gisa eta bai pertsona bezala nahiago dut mila aldiz D eredua egotea Sakanako LHn, hori argi eta garbi daukat. Baina esan bezala, behin betiko irakasleen artean erdaldunak daude, eta D eredua ezarriz gero haien lanpostua galduko dutela ikusten dute. Ikasleen %30 “erdaldun” hori ere mantendu nahi dute (nahiz eta urtetik urtera euskaldun kopua geroz eta handiagoa den ikasleen artean). Horretaz gain, D eredua jarriz gero erdal eredukoak Iruñera joan beharko lirateke ikastera, eta ziklo batzuk kilikolo geratuko lirateke, kontutan izanda Sakanako ikasle euskaldun batzuk Ordiziko Goierri institutura joaten direla. Testuingurua zein den aztertuta, Beran eta Elizondon egindako eredua bultzatzea onena dela deritzogu, aurrerapausoak eman daitezen.

Azkenean, dena irakasleen beharren arabera egiten da, eta ekuaziotik kanpo geratzen dira ikasleenak.

D eredua bai ala ez eztabaidatzeko orduan talkak izan ditugu gure artean, baina guztiok daukagu garbi kontratatzen diren irakasle berri guztiak euskaldunak izan behar direla.

Hezkuntza departamenduaren erabakiak hankaz gora utzi du, beraz, ikastetxeak diseinatutako plana…

Erabat. Aurten lekualdatzeak izan dira (“concurso de traslados”), eta bertan Sakanarako 5 lanpostu finko atera ziren euskaraz. Zer egin dute CC.OO-en salaketaren ostean? Hori kendu, eta desagertu dira. Lehesten dute erdal zerrendako irakasleek lan egitea; beraien afiliatuak, alegia… Berdin zaie Sakanako ikasleen beharrak zeintzuk diren. Hezkuntzako Departamentutik, legediaren arabera, lanpostuak kendu ditzakete, eta hala egin dute, azalpenik eman gabe.

Ikasleak mugitzen ari al dira gai honekin?

Batzuk denbora asko inbertitu dute borroka honetan, baina urteak bete ahala ikastetxea utzi eta batzuetan errelebo falta somatzen da. Lanbide Heziketan bi urte igarotzen dituzte ikasleek, baina bi urte horien barruan zenbait hilabetez lantokietara joaten dira ikastetxean denbora gutxiago igaroz, ikasle mugimenduaren kaltetan. Baina badakit Sakanan gazte mugimendua gaia mugitzen ari dela, nahiz eta koronabirusan kontu honek dena gelditu duen.

Sakanako gazteek salatzen dutena da batxillerra (edo DBH) amaitu eta gero ez daukatela bailaran euskaraz ikasteko eskubiderik, egoera onartezina da. D eredua eskaintzea eskatzen dute. Adierazi didatenaren arabera ulertzen dute, irakasleekin dagoen egoera tarteko, aldaketak bizkor ematea zaila izan daitekeela, baina hori ez litzatekela aitzakia izan beharko. Ahal den heinean euskaraz aukera gehiago egotea eskatzen dute.

Otsailaren 29an “Euskara Eskubidea” lemapean manifestazioa egin zen Iruñean. Nola ikusten duzu Nafarroan egun bizi den egoera?

Iruñeko Udalean zein Nafar Gobernuan aldaketak egon dira, euskaldunon kalterako. Hemen izan genituen gobernuko hiru ikuskariak institutuan eman nahi genuen prozesuaren aldekoak ziren, eta aurreko gobernuarekin ziur nago gure plan estrategikoa aurrera joango zela. Bestalde, oroitarazi behar da Altsasu “zona euskaldunean” dagoela, eta bertako herritarren eskubideak ez direla errespetatuak.

Orain sindikalgintzan egiten ari zaren lana tarteko Nafarroa mailan hainbat errealitate ezagutzeko aukera izango duzula pentsatzen dut…

Herrialde mailako Lanbide Heziketako erreadiografia bat egiten ari naiz, eta agerikoa da euskara baztertuta dagoela goitik-beheiti. Adibidez, Donapean bada lerro bat euskaraz (automozioa), baina arratsaldez jartzen dute; noski, ikasleen gehiengoak goizetan ikasi nahi du, eta arratsaldetan oso jende gutxi izan ohi da. Kexa bat aurkeztu nuen modulu guztiak goizez eta arratsaldez banatu beharko zirela esanez, guztien eskubideak errespetatze aldera, baina jada erran didate ezetz. Zuzendaritzako guztiak erdal eredukoak dira.

Txantreako Virgen del Caminon bi lerro daude mekatronika ikasteko, eta bermatu ahal zuten ziklo bat euskaraz ateratzea ikasleen erdia euskalduna delako. Ba ez, dena gazteleraz jarri zuten. Badakit erabaki hau hartu zutenean zuzendariaren semea eta Hezkuntza departamenduko arduradun baten semea zeudela eskolan, biak erdal eredukoak; ziur naiz horregatik jarri zutela dena erdaraz, bestela bi horiek beharbada ez zirelako Txantreako eskolan sartuko.

Horrelako kasuak Nafarroa Garaia osoan ikusi daitezke.

Ze asmo duzue aurrera begira Sakanako institutuan?

Elkartzen ari gara Sakantzen taldekoekin, beste sindikatu batzuekin…  Hezkuntza departamenduari presioa egiteko asmoz, zuzendaritzatik eskatzen zaiena errespetatzeko: Beran eta Elizondon emadako prozesu bera ematea. Sakanako enpresariek ere honekin bat egitea nahi genuke.


Mikel Auza
Mikel Auza
Mikel Auza
Mikel Auza
Mikel Auza

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.