Solstizio mobilizatzailea

Solstizio mobilizatzailea –

Udako solstizioak borroka ezberdinen aldarrikepenei eman die ongietorria. Berrogeialdiaren ondorengo manifestazio jendetsuenak ikusi ditugu gure kaleetan, eta herri dinamika askoren etenaren ostean, asteburu honetan pilatu diren mobilizazioek ziklo berri ezberdinetarako lehen pausoa jarri dute.

Solstizio mobilizatzailea
Eguzkia 2016ko udako solstizioan. Arg: Jessie Eastland (Wikipedia)

Ekainak 19, ostirala. Lehenik bizitza

Urtarrilaren 30eko greban ereindakoa ezin izan da baldintza onenetan jaso, baina hala ere egindako lanak utzi du fruitua. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, milaka eta milaka lagun atera ziren kalera eskaera zehatz batzuk aldarrikatzera:

  • Zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan
  • Zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatu
  • Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
  • Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea
  • 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak.
  • 1.200 eurotako gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea.
  • Pertsona guztien erregularizazioa

Jaurlaritzak aurreikusten duenaren arabera 3.000 milioi euro gutxiago bildu ditu zergetan; Nafarroako Gobernuak 800 milioi euro gutxiago. Ez bazaie kapital handiei zerga igotzen, edo oso gutxi igotzen bazaie, agerikoa da nork ordaindu beharko duen guztia. Krisia aberatsek ordain dezaten hil ala bizikoa da kalean egungo indar harremana aldatzea, eta Karta Sozialak horretarako abagunea eskaintzen du: borroka ezberdinen bateratzea dakar eta indar metaketa ahalbidetu. Lanerako marko aproposa da, geroz eta gehiago zorroztu behar den tresna, ez besterik.

Ekainak 19-20. Izanbidea

Espainiako Gobernuarekin euskal presoen sakabanaketa egoerari amaiera emateko komunikazio kanalen bat baldin bazegoen, hankaz gora jarri zuen pandemiak. Hori gutxi balitz, espetxeetan berez gogorra zen egoera are gehiago okertu da: bisiten debekua, kartzela barruko neurrien zorroztea, gaixorik dauden presoen osasun egoera arriskutsua… Dispertsioaren amaiera desiratzen duen herritar oro aktibatu nahi du Sarek, eta bide horretan aurkeztu zuen duela gutxi Izanbidea dinamika. Lleo horren baitan milaka eta milaka lagun atera dira kalera asteburu honetan Irunen, Gernikan, Iruñean…

Larunbatean Iruñean egin zen martxak aurreikusita ez zegoen balio erantsi bat izan zuen: Francisco Jose Ramada preso irundarra Murtziatik Iruñeko kartzelara gerturatu zuten. Horretaz gain aipatzekoa da larunbatean bertan Alvaro Arri preso getxoztarra Castellotik Burgosera lekualdatu zutela. Garikoitz Arruarte Almeriatik Soriara mugitu dute, Gorka Lupiañez Topasetik Logroñora, eta Kepa Arronategi Zuerako espetxetik Arrasateko Aita Meni ospitalera.

Presoen aldeko mugimenduak, beste herri mugimendu askoren gisan, txoznetatik jasotzen ditu bere diru sarreren zati esanguratsu bat. Uda honetan jairik egongo ez dela ikusita, egoerara moldatuko den kanpaina bat abiatu du Etxeratek: “Deposito bete elkartasun“.

Ekainak 21, igandea. Hemen erabaki, herritarrok erabaki

Solstizio mobilizatzailea
Arg: Iñigo URIZ/FOKU (GARA)

Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa du helburu Gure Esku Dagok hauspotutako ‘Hamaika Gara’ egitasmoak. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta asteburu honetan Nafarroako zazpi herritan plazaratu dute aldarria: Arbizu, Bakaiku, Bera, Doneztebe, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Lakuntza, Lizarra eta Oteitza.

Pandemiak agerian utzi duen beste gauzetako bat Hego Euskal Herriko bi autonomien ahultasuna izan da. Estatuko gobernuak izan duen jarrera zentralistak eremu askotan eragin digu herritarroi: polizia oro zuzenean Moncloaren esku izatera igaro zen, Osakidetza zein Osasunbidearen gidaritza hartu zuten, eta neurri berberak ezarri zizkien Madrili eta hemengo edozein herri zein hiriri.

Pentsa daiteke guzti horrek testuinguru apropos bat sor dezakeela burujabetzaren alde, baina ez du zertan. Asmatu egin beharko da non eta nola eragin horretarako, eta udak hausnarketarako tartea eskainiko du.


Atzo bere blogean zabaldutako artikuluan honakoa dio Unai Apaolazak: “jendeak, berez, segurtasuna eta egonkortasuna nahi dituela irentsita, hau da, antropologia neoliberala onartuta, momentuko erakundeen egonkortasuna ipar, estatuari egonkortasuna emateak indartu egiten gaituela ondorioztatzera iritsi gara. Eta konfrontazioak ziurgabetasuna sortzen duenez, ahuldu egiten gaituela”. Landutako hiru eremuetan aurre egin ahal izateko aldarrikapen hutsetik konfrontaziora egin beharko da jauzi uneren batean, gure errealitate propiora egokituta.

Beti pentsatzen dugu konfrontaziora jauzi egiteko gehiengoa gure alde izan behar dugula, eta, beharbada, konfrontazioa bera izan daiteke gehiengoak sortzeko modurik onena, soka noraino tenkatu behar den jakinda. Hori opa diot solstizio berriari, bederen.

Solstizio mobilizatzailea

Solstizio mobilizatzailea

Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude