Errealitate likidoa

Errealitate likidoa –

Ez nuke filosofikoegi jarri nahi -bertzeak bertze nik Filosofiari buruz lau txorakeria dakizkidalako eta ziurrenik gaizki ikasiak ditudalako-, baina egunotan bati baino gehiagori bota diot koronabirusaren inguruko guztiak errealitatearen etengabeko likidotasuna areagotu duela, eta guk gure iritziak eta jarrerak horretara moldatu behar ditugula.

Errealitate likidoaMunduan bizi diren 7.800 milioi biztanleen erdia baino gehiago izanen da ni baino jakintsuago. Horretan zalantzarik ez izan. Horregatik, neuk ere ezin izan nuen aurreikusi koronabirusak sortuko zigun kaka nahastea. Baina martxoaren 12ko goizean, Nafarroa Garaian 61 positibo baino ez genituelarik, neurri zorrotzagoak eskatzen hasi nintzen, ordurako geneuzkan datuek adierazten baitzuten ikaragarria etorriko zitzaigula.

Apirilaren 12an dena itxita egon behar zela eskatzen segitzen nuen. Baina maiatzaren 12an irekitasuna aldarrikatzen nuen. Eta zer erranik ez ekainaren 12an.

Iruñeko Udalak apirilaren 21ean baieztatu zuen aurten ez zuela sanferminik antolatuko. Eta martxan jarri zuen ospakizun herrikoien aurkako errepresio makina. Eta isun eta atxiloketen bidez, sanferminetan zer egiteko prest dagoen erakutsi digu.

Eta, tira, ohiko errepresio zale amorratuek ospakizunak kriminalizatzea parametro logikoen barnean sartzen da. Baina nik ez dut oposizioaren jarrera kolaborazionista ulertzen. Jendeari arduraz jokatzeko eskatzen diote, baina hain zuzen ere, ordutik ordura aldatzen ari zaigun errealitate likido honetan, nire ustez arduraz jokatzea da unean uneko datuen araberako iritziak eta jokabideak izatea, konplexurik gabeko erabateko malgutasunez. Alegia, gai izatea gaur gauza bat errateko eta bihar kontrakoa, baldin eta errealitatearen azterketak horretara eramaten bagaitu.

Laburbilduz, sanferminak ahalik eta normalen ospatzearen aldekoa naizela*.

(*) baldin eta datuen oraingo joera onak uztailaren 6 arte jarraitzen badu.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko ekainaren 16koa]

Errealitate likidoa

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.