Euskara, abertzaleen txiringitoa eta bizibidea
Euskara, abertzaleen txiringitoa eta bizibidea –
Aurreko artikulu batean azaldu genuen zonalde erdaldunetako kaleko hizkuntza paisaia -eremu pribatuan- modu xumean eragiteko ekintza. Badira 3 urte ekintza hauei ekin genienetik eta ordutik aluminiozko 300 plaka eta 60 pegatina atarietan itsatsi daitezela lortu dugu. Denbora luze iraungo duten oharrak dira. Eguzki izpiek eta euriak ez diete zuzenean eragingo; erabilitako materialak gutxienez 20 urtez irautea bermatzen du. Hortaz, ikusgaitasuna izango duten mezuak dira. Faktore naturalek baino, giza faktorea dute etsai nagusia, zehazki euskararen aurkakotasuna edo euskarafobiak oldartuak. Egindako ikerketaren arabera, halere, aluminiozko plakak kentzea %2 ingurukoan gertatu da.
Helburu nagusia euskarari presentzia ematea da, dagoeneko gaztelaniaz baduten mezuen baliokideak jarriz (inola ere ez gaztelaniazkoak ezabatuz edo kenduz). Hori bai, letra eta grafia ezberdinduaz. Ekimen honek 1.500 eurotik gorako kostua izan du. Hori, ekintzaileek emandako ordu kopurua aintzat hartu gabe, ordu horiek, doakoak izan baitira. Zabalkundea Bilbo eta inguruko herrietan izan da, hala nola, Donostian.
Ekintza zuzen honek euskarafobia azaleratu zezakeela ez genuen zalantzarik. Horren harira, bitxikeriak eta umorez artatutako lelokeriak argitaratzen dituen webgune batean, ekintza hauen inguruko artikulu bat idatzi zuen erabiltzaile anonimo batek. Webgune horrek finofilipino du izena. Zalantzarik ere ez dugu, plaka horiek ingeleraz izan balira, ez luketela inolako erreakziorik sortuko. Kontua da, plaken inguruko artikulu horrek webgune horretan ohi baino irakurle gehiago erakarri zituela. Normalean 3.000 inguru izaten baditu ere, kasu horretan, 14.000 irakurtaldi jaso zituen eta 243 iruzkin. Bertan, Espainia aldeko hainbatek idatzi zuten. Iruzkinen artean denetarik irakurri da; tontakeria itzelak, modu dibertigarrian zein modu zakarrean haizatuak; euskararen aurkako gorrotoa zein aldeko defentsa. Horietako batzuk:
…
Euskara, abertzaleen txiringitoa eta bizibidea.
Artikuluko egilearen argudio nagusietakoa ekintza hori azpiko publizitatea ezkutatzen zuela da. Modu irrigarri eta batzutan iraingarrian, “bere auzokideen artean euskaldunik ez dagoela” eta “euskarari ikusgaitasuna artifizialki” eman nahi izana helarazten digu erabiltzaile anonimoak. Euskara, bere ustez, “abertzaleen txiringitoa” baino ez da, “gutxi batzuen bizimodua” ateratzeko bidea soilik. Plaka eta itsasgarri horien egile bezala, sinatuak atera ditugula esan behar dugu. Ez dugu espero eta ez dugu eduki inolako salmenta gehigarririk. Agian, enpresa edo sektore batzuentzat erabilgarri izan daiteke euskarazko letrero eta plakak finantzatzea eta doan ematea. Horrela izan dadila espero dugu eta egin eta eragin leloari jarraitzea. Izan ere, irabazi asmorik gabeko kultura elkarte izaki, gure helburu nagusia euskararen dibulgazioa eta atxikimendua sustatzea da. Ez dakit horrek txiringito izaerari erantzuten dion. Baina hala bada, txiringito gehiagoren beharrean gaude. Izan edo ez izan, gure hizkuntza eta nortasunari eustea da jatorri eta helmuga.
Esan beharra dago, artikuluko argazkian azaltzen den plaka hori (idazlearen erreakzioa piztu zuena) bere tokian dirauela eta kentzeko inolako saiakerarik ez dela egin. Nonork jakinmina baldin badu.
Badakigu hasieran min egingo diela batzuei bere komunitatean edo inguruan euskaraz zerbait ikusteak. Baina baretu daitezela. Normalizaziora bidean goaz. Ohitzen joan beharko dira gainera, horrelako ekintza gehiago badatoz eta.
Ekimen polita