Euskaraldiak 11 egun. Erdaraldiak 365.

EAJren Euskaraldiak 11 egun. Erdaraldiak 365.

EAJren Euskaraldiak 11 egun. Erdaraldiak 365.Ariketa onuragarria da Euskaraldia, ahaleginak norenak gora-behera. Ondo kudeatzen bada, erabileran aurrera egiteko oinarriak jartzen lagundu behar luke.

Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak eragin dizkit zalantza gehien hasieratik bertatik, eta zalantzatik kezkatara igarota gaude dagoeneko.
Lakuan behintzat, agintari/arduradun gutxi batzuen inplikazioaz aparte, euskara teknikarien gain utzi da Euskaraldiaren garapena, sindikatu euskaltzaleak bazterrera utzita. Argazkialdian ikusi ditugu batez ere sailburu eta zuzendari gehienak. Sindikatu “ez-nazionalisten” ekarpena ere, argazkian agertzera mugatu da; erretratuan tropelean urten, eta segi erdaraz. Gauzak horrela, argazkigintzan murgildu ez, baina ELAkideak Euskaraldian parte hartzera gonbidatu ditugu. Sindikatua bera ere buru-belarri murgilduta dabil bertan, idazkari nagusitik hasita, hizkuntza-ohitura za(t)arrak aldatzen joatea xede.
Ez neukan egunotan Jaurlaritzari inongo kritikarik plazaratzeko asmorik, abenduaren 4ra arte behinik behin, baina Argia astekariak argitaratutako lanak barruak astindu dizkit.

(El chorreoko argazkia, gure diruz majo ordainduta)

Aratz ageri da barriro, euskaldunak ez garela Eusko Jaurlaritza honen lehentasuna, aldizkako apaingarria baino. Euskaraldia hamaika egunez sustatzea (herritarron diruz) erabaki du EAJ-k, buzkentzak barik, argazki andana ordainetan.

Erdaraldia 365 egunez sustatzen du ostera, airez, itsasoz eta lurrez, hedabide erdaldun unionistak eta alderdiarenak bapo finantzatuz adibidez… herritarron diruz beti ere. Datuak hotzak bezain adierazgarriak dira.

 

2017an publizitate instituzionala honela banatu da:
Vocento-Cope UTEari 2.350.000 eurotik gora.
EITB talde osoari (kate erdaldunak barne) 2.026.000 euro.
EAJren Noticias taldeari 1.210.000 eurotik gora.
Prisa taldeari (El País, Ser, Los 40 eta C. Dial) 846.160 euro.
Gara egunkariari 417.313 euro. Berriari 345.838 euro. Argiari… 10.991 euro baino ez.

Diru (publiko) horien %90 baino gehiago, ia sei milioi euro, gaztelera hutsez edota oso nagusiki gazteleraz argitaratutako hedabideak areago gizentzera bideratu dira. Euskarazko hedabideetara milioi erdia baino gutxiago! Cadena Ser-ek bakarrik, euskarazko hedabide guztiek hartutakoa beste jaso du.
Argazki hanpatuetatik haratago, hauxe da EAJren egiazko hizkuntza politika, espainieraren aldekoa, ugazabak zaintzekoa, erdarazalea, beren hedabideetatik euskaldunok erdeinua besterik jasotzen ez badugu ere. Euskaraldia? Baita zera ere. EAJrena ERDARALDIA eternala da.

EAJren Euskaraldiak 11 egun. Erdaraldiak 365.

Oinezkoa

10 pentsamendu “Euskaraldiak 11 egun. Erdaraldiak 365.”-ri buruz

  • Klase borroka besterik gabe.

  • Bai. Ugazaba español eta menpeko euskaldunen artekoa.

  • EAJ herri-ekimenaren ahaleginaz baliatzen da itxurak egiteko. Topagunearen ahaleginari ere txapela jarri dio, kanpaina honi eusteko diru publiko juxtukoak eman eta artikuluan esaten den bezala, ordainetan alderdi-marketing kanpaina erraldoia egiteko.
    EAJ-k eskupekoak ematen dizkigu euskaldunoi, eta dirutza handiak zapaltzen gaituztenei.
    Euskaraldian parte hartu behar da, bultzatu, baina EAJ-k egiten duen erabilera salatu ere bai.

  • “Denok hartzen ditugu erabaki politikoak, bai guk, baita zuek ere. Egoera honen errua ez dago alde bakarrean eta orduan, bakoitzak eman beharko ditu pausoak egoera hau gainditzeko”. Ematen du Vocentoren ildo editoriala maiteago duela EAJ-k Argiarena baino.
    Gainera el correo eta el diario eta, erdaraz dira, askoz praktikoagoak euskaraz idazten dutenak baino. Ai Mitxelenak burua altxatuko balu!

  • “Eusko”-treneko Anartz Iturbek idatzitako pasarte honek ederto islatzen du EAJren hizkuntz politika zein den, gobernatzen dituen erakunde gehienetan: euskararen aldeko ARGAZKIALDIA, eta erdaraldia kronikoa.
    Anartzek salatu du ezin izan dituela lanpostu baterako azterketak euskaraz egin. Bukaerako pasarte honek oso ondo islatzen du erakunde publikoetan bizi ohi den egoera:
    “Plazak publiko egin ordu berean langileoi Zazpi Kaletako tren geltokira joatera gonbidatu gintuzten Euskaraldiarekiko atxikimendua erakusteko argazki bat ateratzeko. Hantxe elkartu ginen hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatu genuenak eta hizkuntza eskubideak etorkizunean beteko dituztela erantzun zutenak. Oso ondo dago Euskotrenek EUSKARALDIA bezelako ekimen baten alde egitea baina 11 egunek ezer gutxirako balioko dute beste 354 egunetan pausorik ematen ez badugu”.
    https://zuzeu.eus/euskara/euskotreneko-erdaraldia/

  • Itxurakerietan maisu dira. Ez dira bakarrak, baina hauek itxurakerian goien gradoa aise gainditu dute. Geroa Baiko bozeramalearen adibidea ere ikusgarria da. Euskaraldiaren bideoa igo zuen Facebookera azaroaren 23an eta Nafarroako Legebiltzarkideen argazkia azaroaren 17an. Aurreko, tarteko eta ondorengo mezu guztiak erdara hutsez daude, gaur arte. Kopetaprest. https://www.facebook.com/profile.php?id=100012683201449

  • Euskarak bizi ahal izateko politika behar du. Euskaraldia bezalako ekimenak, txikikeriak dira, eusko jaurlaritzari aurpegia zuritzeko. Arazoa politikoki konpondu beharrean, arazoa herritarrongan jartzen dute. Gu gara euskaraldiaren antolatzaile, baina aurpegia zuritu eta argazkian aterako direnak, eusko jaurlaritzakoak izango dira.
    https://zuzeu.eus/euskal-herria/euskaraldia-12-eguna/

  • Duda badut hagintariei Euskaraldia zer den ondo azaldu zaienentz.
    Argazkietan irteteaz gainera, gakoa euskaraz jardutea azaldu die inork?
    Baina ondo azaldu? pouerpointak-eta erabiliz?
    Jende oso lhanpatuak dira, eta ez daude txikikerietan denbora galtzeko…

  • Nazka, nazka egina politikari hoiekin. Beraientzat euskaldunok zapatan arritxingorra besterik ez ginala konturatu nintzen. Baita konturatu ere benetan interesatzen zaiotena GURE BOTOAK ETA GURE DIRUA bakarrik dela. Orrexegatik gure kultura nazionala eta gure hizkuntza nahitanahiezko baldintza bezela hartzen ez dituzten bitartean ez diotet nere botoa ematen, eta, hala edo nola, zergak ere ahal dudan gutxien ordaintzen ditut.
    BATU GAITEZEN EUSKALDUNOK. HASI GAITEZEN GURE DEMOGRAFIA LANTZEN