Ahohandi

Ahohandi –

Anboto agerkarian.

AhohandiIgaro dira egun batzuk Euskaraldia hasi zenetik. Nik parte hartzea eta Ahobizi rola jokatzea erabaki nuen, espainolarekin betetzen ditudan espazio edo harreman horiek euskalduntzeko asmoz. Egia esan, ez zait zaila egin nire egunerokotasunean Ahobizi rol horri eustea, inguru euskaldun batean bizi bainaiz. Baina, badauzkat espainolez eraikitako harremanak; eta, horietan, aurrerapausoak egin ditudala esan dezaket. Ez da ahaztu behar, harremanak euskalduntze horretan, pauso txiki bakoitzak etorkizuneko bide luze bat zabaltzen duela. Beraz, ekin diezaiogun bideari.

Ahobiziok betebehar garrantzitsu bat daukagu: euskara espazio guztietara zabaltzea, gure hizkuntza ezpainetan dantzatzea. Batzuek beren euskalkia erabiliko dute, besteek euskara batuan hitz egitea izango dute nahiago; baina egitea da kontua. Horretan ere, konplexuz beteta bizi den herria da euskaldunona. Euskalkia erabiltzen duena, euskara batua darabilenari begira; eta alderantziz. Utz ditzagun alde batera lotsak eta hiztun legitimokeriak, denok ari baikara maite dugun hizkuntza berean.

Belarriprestek Euskaraldiari ematen dioten hauspoa ere aipatu beharra dago, guztiz beharrezkoak baitira hizkuntzaren normalizazioan. Zenbat aldiz gertatu zaigu kafetegi, denda edo gasolindegi batera joan, euskaraz hasi, erantzuna erdaraz jaso, eta guk ere erdarara jotzea. Gehienetan, parean daukagun hori deseroso ez sentiarazteko egin ohi dugu, nahiz eta, beharbada, pareko horrek norberak euskaraz jarrai dezala nahi izan. Belarriprest txapatxo horrek, egoera horiek ekiditzen eta euskarazko komunikazio horri eusten laguntzen du. Aitor diezaiegun Belarriprestei daukaten garrantzia eta egiten duten ahalegina.

Azkenik, Euskaraldia aurkeztu zenean agertzen ez zen, baina egunek aurrera egin ahala jaio den, rol berri bat ere badagoela konturatu naiz: Ahohandi. Rol hori jokatzen dutenek, ingurukoek Euskaraldian egiten dutena kritikatzen dute: “Ahobizi urte osoan naiz ni, ez beste batzuk bezala”, “Belarriprest baino, belarrimotz da hori”, “urte osoan zehar erdaraz dabil, eta orain Ahobizi?”, “hau ez da Euskaraldia, Postureoaldia baizik”. Gehienek beren burua euskaltzale eredugarri bezala daukate, Axular, Lauaxeta edo Elbira Zipitria balira bezala. Ez dira konturatzen euskararen normalizazioaren kaltetan dabiltzan nartzisista batzuk besterik ez direla. Euskalduntzearen bide edo borroka honetan ez dago mailakatzerik, ez dago bazterketarik; guztiok gara berdinak, guztiok gara beharrezkoak. Eta norbait soberan egotekotan, hori Ahohandia da.

Zorionak Euskaraldian parte hartzen ari zareten guztioi. Gora euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko hautua egin duzuen guztiak! Animo Ahobizi! Eskerrik asko Belarriprest! Egin albo batera edo aldatu zure rola Ahohandi, mesedez.

Ahohandi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Ahohandi”-ri buruz

  • Erabat ados esandakoarekin.

  • Ahohandiak sobera daude, euskaraldia izan edo ez, baina ezin da albo batera utzi egiatan euskaraldiak urteberriko helburuen antzeko ibilbidea daukala. Hasieran denak oso adoretsu gabiltza, txapa kendu eta agur benur. Ez dakit txapek hipnosi moduko bat sortzen ez duten… Nik euskaraldian izena eman dut, baina ez dut txaparik jantzi oraindik, eta euskerara hurbiltzen nabilen askok ez daramate txaparik (ez baitira euskaraldira apuntatu, baini niri horrek bost axola). Ekintzak batzuei lagunduko diela ukagaitza da, baina norberak hortik kanpo esfortzuak egin behar ditu baitare, txapa eraman edo ez, iniziatiba behar da, norbaitek hartu behar du, eta ezin daiteke besteek hartu dezatela itxoin, norbera izan behar da iniziatiba daukan pertsona hori.

  • Txapek hipnosia sortzen ote duten diozu. Niri txapek nikotina partxeak oroiarazten dizkidate. Dosia bukatzean, akabo, partxea jarrita eraman arren. Txapekin ere antzeratsu. Euskaraldia bukatu baino lehen ahobizi bati baino gehiagori ahazten zaio (ustez) hartu duen konpromisoa. Eta txapak paparrean darrai; baina dosirik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude