Xabier Isasi hizkuntz politikaz mintzo Berrian

Xabier Isasi

Xabier Isasi. Horra Berriako elkarrizketan adierazitako zenbait ideia. Hausnarketa merezi dute eta eragin behar lukete.
Niri behinik behin, egokiak iruditu zaizkit gehienak… Zer irizten?

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin (ESEP) ez dira normalizazio soziala eta elebitasun orekatua lortuko…
Normalizazioa hamasei eremutara mugatzen du planak (ESEP). Horrela ezinezkoa da normalizazio soziala lortzea… Ezin daiteke planteatu elebitasun orekatua, egoera erabat asimetrikoan gaudenean. Lehenbizi hizkuntzen arteko simetria bat lortu behar da, eta gero definitu zer hartzen den elebitasun orekatu moduan.

Uste dugu diagnostiko bateratu bat egin behar dela, beste mota bateko hizkuntza politika bat garatzeko. Errotik aldatu behar da egungoa.

Herri euskaldunenak deseuskalduntzen ari dira. Elebitasunaren aitzakian, erdalduntzen ari dira. Euskaldunen kopurua %95etik gorakoa den bi udalerri geratzen zaizkigu soilik: Baliarrain eta Orexa. Horrek hausnarketa bat eskatzen du.

Unescok esaten du euskara hizkuntza gutxitu eta zaurgarria dela. Beraz, lehenengo aldaketak hori onartzetik etorri behar du. Alderdi politiko guztiok diagnostiko bateratu bat izan behar dugu. Adierazle gehienek esaten dute euskararen normalizazioan gaizki goazela.

Gutxieneko oinarri batzuk adostu behar ditugu etorkizunari begira. Arnasguneak zaindu eta indartu behar ditugu. Gainera, funtzio berriak eskuratu behar ditugu euskararentzat.

Alderdi bakar batek ere ezin du esan euskara hizkuntza gutxitu bat ez denik, eta hazkunde prozesuan eten bat egon ez denik.

Euskara berreskuratzeko prozesua ez da eman erakundeetatik bultzatutako politikei esker, baizik eta euskal hiztunen komunitatearen konpromiso eta lanarengatik.

Itundutako hizkuntza politika bat behar da. Itun estrategiko hori da Madrildik etor daitezkeen erasoen aurkako babesik handiena.

Euskara ez jakitea ez da eskubide bat, gabezia bat baizik. Gaur egun indarrean dauden hiru ereduek huts egin dute ikasleak euskalduntzeko orduan. Murgiltze ereduaren aurka daudenek gurasoen aukeratzeko askatasuna erabiltzen dute argudio moduan. Baina hori gezur edo engainu bat da. Beste irakasgaietan helburu batzuk ezartzen dira, eta horiek lortu behar dira. Hor ez da hitz egiten gurasoen aukeratzeko askatasunaz.

 

 

Oinezkoa

3 pentsamendu “Xabier Isasi hizkuntz politikaz mintzo Berrian”-ri buruz

  • Alderdi guztien diagnostiko bateratua ezinezkoa da… PP eta PSEren ustez normalizazioan urrunegi eta azkarregi joan gara, eta EAJ-k ontzat jo du jarrera hori, ez teorian baina bai praktikan.

  • zakarias aiztierdi 2013-09-25 17:55

    ondo atera dituk gakoak, Jonjo. Bikainak Isasiren/EH Bilduren asmoak

  • Gehiena bai, baina den-dena ere, ez da argi, nire ustez.
    2001eko Inkesta Soziolinguistikotik:
    “… elebidunen kopuruak gora egiten duela Euskal Herrian, baina elebidunen multzo horretan «elebidun euskaldunen» kopuruak ez diola indar berdinez jarraitzen gorakako joera horri. Konklusioa zera da, gainerako elebidunek («elebidun erdaldunak» eta «elebidun orekatuak») ez dute euskara gehiago erabiltzen behar adinako gaitasun linguistikorik ez dutelako…”

    Duela hogei urte, batzuek dagoeneko azlpen horri MOTZ irizten zioten. Zenbaitzuek soilik hizkuntzaren ezaguerari begiratzen zioten bitartean beste batzuek ohartarazten zuten ERABILERARI begiratu behar zitzaiola. EZAGUTZA ERABILERAREN ALDAGAIETAKO BAT BAINO EZ zela. Erabileran, ezagueraz gain beste hainbat aldagaik ere eragiten zuela, eta erabilera zela, beraz, aztertu beharreko aldagai nagusia.
    Bazirudien iritzi zuzen hau erabat nagusitzeraino zabalduko zela, baina hogei urte geroago ere, hor dabilzkigu berriro iraganeko mamuak bueltan: oraindik ere, ezaguera maila (gaitasun linguistikoa) dirudi elebidun euskaldun gehienek erdaraz jardutearen adierazpide ofizial bakarra, alde batean eta bestean ere…

    Eta horra Inkesta soziolinguistikoaren beste konklusio eztabaidagarri bat:
    “euskara erabiltzea ahalbidetzen duen behar adinako gaitasun linguistikoa, familia barruko transmisioari esker lortzen da gehienbat, eta itxaron egin beharko da hurrengo belaunaldia aztertu arte, jakin ahal izateko nagusiki erdaraz diharduten elebidunek haien seme-alabei euskara transmitituko ote dieten, honela izanez gero euskaraz jardungo duten elebidunak sortuko baitira…”
    Nire uste apalean, gehiago itxaron beharrik ez dago. Erabileraren etena nabaria da, eta odolustea etengabea ostera…
    Nork bere teoria defendatzeko eskubide osoa du, eta teoria guztiek dute zilegitasun bera… printzipioz, baina inork ez du frogek gezurtatzen dituzten teoriei eusteko eskubiderik.

    Erabakiak hartzeko postuetan daudenei, JI Hartsuagaren honako testu hau gomendatuko nieke, niri bezain argigarria gerta dakiekelakoan: http://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin04_141.pdf