Espainiako poliziak, etxean bezala

Espainiako Gobernuak ziria sartu dio beste behin Eusko Jaurlaritzari, eta gizarteari oro har. Gernikako estatutuaren 17. artikulua urratuz, eta Hegoaldeko gehiengoari entzungor eginez, 4.837 guardia zibil eta 2.226 poliziak etxean bezala segiko dute Hego Euskal Herrian. Madrilgo Kongresuak atzera bota du EAJk aurkeztu eta Amaiurrek babestutako legez besteko proposamena.gz

Go on home British soldiers zioen irlandarren abestiak. IRAren amaiera hitzartuarekin batera Erresuma Batuak indar polizialak egokitu zituen, militar askok eskualdea utziz eta beste indar polizialak eraberrituz. Euskal Herrian, ETAk armak utzi eta bi urtera, Alde hemendik! edo ¡que se vayan! leloek Espainiako Gobernuaren irria besterik ez dute sortu. “Euskadin, gainontzeko espainiar lurretan bezala, etxean daude”, esan du PPko bozeramaileak. Estatu arrazoiak hartu dio gaina gainontzeko guztiari, legeari barne. Estatutuan bertan idatzita dagoena jasoz, “Espainiako Estatuaren interes orokorra larriki konprometiturik” dakusa Madrilek.

Estefania Beltran de Heredia, Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, legealdiaren hasieran Fernandez Diaz Espainiako barne ministroari egin eskakizuna hutsean gelditu zen. Ez egokitzapenik, eta are gutxiago erretretarik. Polizien presentziak duen gastu ekonomikoa ere ez da arrazoi nahikoa izan, ezta gaia aztertzeko ere. 7.000 polizia espainiar inguru daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan sakabanatuta. Ez da aldaketarik. 1936ko gerrako lurralde errebeldeak Guardia Zibilez josi izan dira, 1960ko hamarkadatik aurrera ETAren aurkako borrokaren aitzakian. Gernikako Estatutuaren arabera salbuespenezko presentzia dena, epe mugarik gabe luzatzen ari da.

Orain, ETAren biolentziarik gabe, Espainiak atzera pausorik ez ematea erabaki du. Kontrakoa akaso, %7 igo baita 2009tik 2012ra polizien presentzia. Beltran de Herediaren “birdimentsio eta legea betetzeko” eskakizunari muzin egin zion Fernandez Diazek. Entzungor, egoera baloratu behar lukeen Segurtasun Batzordea ez du deitu ere egin. Gaur egun, Hegoaldean Espainiako 2,5 polizia daude mila biztanleko, eta Espainian, 3,1. Guztira Hegoaldean dagoen polizia kopurua Europako altuena da, Zipreren atzetik, 5,6 polizia biztanleko. (Kontrako Bidetik, Jokin Sagarzazu)

Jaularitzaren eskakizuna bezain iragankorra izan da irailaren 24an EAJk aurkeztu eta Amaiurrek babestutako legez besteko proposamena. Guardia Zibilaren eta Espainiako poliziaren murriztea eskatu diote. Aurreikustekoa zen moduan, PPk eta PSOEk indarrak batu dituzte eta beraz bazterrera bota dute proposamena. Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituk Ipar Irlandako Time for peace, time to go home izan du gogoan. Bistan da “bakearen aldeko ekarpena” ez dutela aintzat hartu izan nahi:

Eskakizun instituzionaleei emandako erantzunetan ez ezik, herri ekimenen aurreko erreakzioetan ere argi eta garbi utzi du bere jarrera Espainiako Gobernuak. Abuztuaren 31an, Altsasuan, Ospa Eguna antolatu zuten, “indar okupatzaileak herrian nahi ez dituztelako”. Errakzioa ez zen edonolakoa izan. Guardia Zibilak herria setiatu zuen.

Hamar egun beranduago, Fernandez Diaz ministroak Leitzako Guardia Zibilen egoitza bisitatu zuen. “Guardia Zibila Leitzan dago eta Leitzan segiko du, eta batzuei gustatzen ez bazaie, jakin dezatela, Guardia Zibilak Leitzan segiko duela”, adierazi zuen Diazek. Hamar urtez luzatu zuen Guardia Zibilak Maxurrenea eraikinaren erabilera. Etsipenetik baino umoretik heldu diete Altsasuan. Hau da Ospa Egunaren ‘balorazioa’:

Alderdi politikoak eta herri mugimenduak ez dira polizien murrizketa eskatu duten bakarrak. Bake prozesua bultzatzeko antolatutako Gizarte Foroak aurkeztutako hamabi gomendioetako batek horrela dio: Estatuaren segurtasun-indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna berdimentsionatzea gomendatzen dugu errealitatera moldatuz. Giza Eskubideak bultzatu eta bermatzeko atalak jasotzen du iradokizun hau.

Ez da analista zorrotza izan behar Espainiaren jarreraren logika ulertzeko. Euskal proiektu abertzalea garaitzeak bezain besteko garrantzia (edo gehiago) du hori nola edo horrela irudikatzeak. Hamarkadatan salbuespenezko gisa aitortu dituzten neurriek bere horretan jarraituko dute, ‘normaltasun’ politikoaren eta terrorismoaren biktimen izenean. Beste edozein jarrera ez litzateke irmotzat hartuko, ahultzat baizik. Gerra psikologiko eta sinbolikoan irabazteko, etxea leihotik botatzen ari da Mariano Rajoy presidentea. Horretarako, hobekien egiten dakiena ari da praktikan jartzen, alegia, ezer ez egitea. 

Noizbait poliziak etxera joango dira, baina ez dute telebistan emitituko.

[Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Hego Euskal Herrian.Mapa]

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Espainiako poliziak, etxean bezala”-ri buruz

  • Ziria sartu? Ez dira hain inozoak. Izatekotan Eusko Jaurlaritza da guri ziria sartu nahi diguna.

  • Fermin Galparsoro 2013-09-25 17:58

    “Orain, ETAren biolentziarik gabe, Espainiak atzera pausorik ez ematea erabaki du” Noski, arazoa sekula ez bait da izan ETA, hori argi daukie españolek, arazoa euskal herria bera da eta ETA likidatzea lortu daben bezala, gure herriaren likidazioarekin jarraituko dabe.
    Noizbait inperialisten indar armatuak gure lurraldetik badoaz, bi arrazoi hauetakoren batengaitik izango da:

    1.-Askatasuna lortu dogulako eta bota egin doguzalako.
    2.-Likidatu gaituztelako.

    Espero dot lehena izatea.