Azpidazle

AzpidazleHeinrich Böll-en ipuin batean, protagonista irri-egilea da. Irri egiten du, ofizioz, hori baitu lana, jendearen irria imitatzea, eta arrunt ona da: berdin-berdin imitatzen ahal du errege baten irria edo eskale batena, irakasle batena edo bidaiari batena; gauza da irri lasaiak eta irri histerikoak egiteko, irri diskretuak eta irri nabarmenak egiteko, ia-ia aditzen ez diren irria eta irri kutsakorrak. Narrazioko protagonista, halere, tipo serioa da, eta etxean neketan egiten du irribarre ñimiñoena ere. Are gehiago, bere lanean arrakasta handia duen arren, lan normalak dituen jendeari inbidia dio, berak azalpen luzeak eman behar izaten baititu zertan lan egiten duen galdegiten dioten bakoitzean; aukeran, lanbide normal bat aipatu nahiko luke, iturgina edo dendaria, esplikaziorik eskatzen ez duten horietarik, ezezagun batek haren ogibidez interesa adierazten dion aldioro.

Gure nortasuna gauza anitzek definitzen duten, baina publikoki zer garen erran behar izaten dugularik, gehienetan lanbidea aipatzen dugu: ikastaro bateko lehenbiziko egunean edo telebistako saio batean, geure burua aurkezteko, ez dugu erraten biboteduna naiz (hori begi-bistakoa da), zinemazalea naiz (hori zaletasuna da), heterosexuala naiz (hori aldez aurretik ziurtzat ematen da), homosexuala naiz (hori gure bizitza pribatuari dagokio), aita/ama naiz (hori seme-alabez mintzatzen hasteko mehatxua da, eta, beraz, jendea uxatzeko aproposa), friki hipster trendy postureozalea naiz (hori inork ez luke uklertuko): ez, zertan egiten dugun lan adierazten dugu normalean (okina naiz, halako tokitan lan egiten dut). Langabetuak ez ohi dute beren burua langabetu gisa definitzen (non eta ez diren, Hedoi Etxarte bezala, ausart samarrak eta franko ideologizatuak); horrelakoetan, lehenik ofizioa aipatzen da (izaera) eta gero lan falta (egoera) – historialaria / filologoa / erizaina naiz, baina langabe nago.

Tesia egiten ari nintzelarik, nik ere, Böllen narrazioko pertsonaiak bezala, inbidia nien lan normalak zituztenei (gero, diotenez, bertzelako bekaitzak garatu ditut, hala nola idazle txarrei, baina hori bertze kontu bat da). Tesia prestatzen ari nintzela erran bezain fite, galdera etortzen baitzen (“zeri buruzko tesia?”), eta, nik, orduan, hiru aukeraren artean hautatu behar izaten nuen: azalpen motza baina –niretako– erdipurdikoa, ez nahikoa, faltsua eta ez asegarria (“Nafarroaren nortasun historikoaz ari naiz”); azalpen luzea, –entzulearendako– aspergarria (“Frantzian asmatu duten memoriaren lekua izeneko kontzeptua Nafarroako historian aplikatu nahian nabil”); eta arras azalpen luzea, –niretako– zehatza eta egokia, baina gehienetan entzuleari bortz axola zitzaiona eta haren deserosotasuna sorrarazten zuena (eta irakurlea ez lekutzeko, hemen paratuko ez dudana). Horrelakoetan, ofizio normal batekin egiten nuen amets –atezain, abokatu, taxilari, gigolo–, hura aipatu eta, luzamendutan ibili gabe, bertze gai batera pasatzeko. Erraz eta labur definitu nahi nuen neure burua. Toki bat munduan nahi nuen.

Erran beharrik ez da, ez dut nire helburua lortu. Garai batean, historialaria izan nintzen, eta oraindik hala deitze didate zenbait tokitan, baina ez da egia: historia kontuetan ibilia naiz, baina ez naiz historialaria, eta ez dakit inoiz izen hori merezi izan dudan. Geroago, irakaskuntzan erdietsi nuen amestutako lan normal hura; alta, –nire lankide batzuk ez bezala– ez naiz irakasle, irakasle ari naizen arren. Idazle gelditzen zait –bereziki kitzikatzen nauen etiketa–, baina, horretarako zerbait idatzi beharko nuke (erran nahi baita, han-hemenka argitaratzen ditudan xelebrekeriez gainera: lan mardulen bat, obra sendoren bat); izatekotan, idazten ari dela erraten duen idazlea nintzateke ni, etengabe idazteko asmoa adierazi bai baina inoiz asmo hori burutzen ez duena.

Berriki, film bateko azpitituluak euskaratu ditut, eta, horren kontura, Twitterren “azpidazle” bihurtu naizela erran didate. Ederra iduritzen zait izendapena, ezin egokiagoa. Azpidazle. Azpigeneroetan ibiltzen dena, azpikerietan ez bada. Badut, azkenik, ongi ematen didan definizioa. Böllen protagonistak bezala, bada tenorea nire irria zein den ikas dezadan.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Azpidazle

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.