Xabier Euzkitze: “Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du”

Xabier Euzkitze: “Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du” –

Arkaitz Estiballesek PSEren ekitaldian bertsotan egin zuela-eta -ZUZEUk honela jaso zuen berria-, gaurkotasunera bueltatu da Julen Iriondok iaz Goienan Xabier Euzkitzeri egindako elkarrizketa luze bezain interesgarria:

Egun, Miren Azkarateren euskara eta hezkuntza alorretako aholkulari Donostiako Udalean; bestela, komunikatzaile; eta bertsolari. Bertsolari beti, eta betiko; plazak utzi zituela hemezortzi urte bete diren arren; nahiz eta entzule gisa ere, “semeak eramanda”, saio gutxi batzuetara baino joan ez.

Xabier Euzkitze: "Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du"

Kazetariak egindako galdera denei erantzuteko gertu; halaxe agertu da Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966), nahiz eta, elkarrizketa amaituta, proposatutako gaietako zenbait “arantzatsuak” direla aitortu. Normalean, plaza bakarra egiten du urtean, Zumaian; baina banaka batzuk gehiago egin ditu aurten, horietako bat Apotzagan: hain zuzen, Zumaiara bertara joan zitzaizkion sanmigeldarrak, “fitxatzera”. Euskalkiez “maiteminduta”, sutsuki defendatzen du euskara batua, eta hizkuntzaren kudeaketarako “estrategia bateratua” aldarrikatzen du, hedabideen esparruan, adibidez. Gu ta gutarrak bezalako saio batek ETB1en lekua izatearen egokitasunaz mintzo da; ez du argi. Argi duena da ETB1ek “bere zuzendaria behar duela”.

.

Plazak utzi zenituela hemezortzi urte dira; dena den, beste gauza batzuen artean, bertsolari gisa aurkezten duzu zure burua. Noiz, nola, non bizi du bertsoa plazak, bai kanturako, bai entzule modura, utziak dituen bertsolariak?

1982an Eskolarteko Txapelketa irabazteko zoria izan nuen, eta berehala hasi nintzen bertsolari sentitzen: “Nik bertsolari izan nahi diat”. Eta horri eman nion lehentasuna. Eta bai, 15-16 urterekin bertsolari sentitzen hasi, eta iruditzen zait sentipen horrekin hilko naizela. Bertsolari izatea sentimendu bat da, nortasun zeinu bat; ni bertsolaria naiz, edozein egoeratan bertsoa kantatzeko kapaz naizelako, hasteko. Eta beste alde batetik, hainbat egoeratan, oraindik ere, bertsoak irteten zaizkidalako, eta nire adierazpide artistiko nagusia bertsoa delako; eta neure baitan bakarrizketan ari naizenean askotan bertsotan ari izaten naizelako: autoan  orain ere kilometro asko egiten ditut; lehengo astean egin nizkion 100.000, eta oraindik bi urte pasatxo ditu. 100.000 horietatik bakarrik egindako milaka kilometrotan joan naiz bertsotan. Eta, horrez gain, gure seme-alabetako zaharrena oso-oso bertsozalea da, eta hark ere txiki-txikitatik eman dizkit horretarako bideak eta erraztasunak; elkarrekin pilota partidetara gindoazela, autoan sartu orduko: “Aitta, jarri puntua!”. Eta lagun artean, ospakizunetan-eta ere kantatzen dut. Plazak… aurten egin ditut hiru edo lau, baina normalean plaza bakarra egiten dut. Baina bertsolari sentitzen naiz, bertsolaria naiz. Zalantzarik gabe.

.

Aurtengo saio horietako bat Apotzagan egin duzu berriki; bateren batek pentsatuko zuen: “Euzkitze bueltan da”.

Ez, ez, ez. Nik oso garbi esan izan dut, horrelako saioak egiten ditudanean, salbuespen saioak direla, eta hau ere horrela izan zen. Apotzagako sanmigeldarrak, bizpahiru anaia, ari zitzaizkidan duela pare bat urtetik: “Hi, hainbeste urte dituk Apotzagara etorri ez haizela eta… Erretiratuta egongo haiz, baina han giro ederra egoten duk eta, etorriko al hintzateke bertso-afari batera?”. Eta nik: “Hitz egingo diagu, hitz egingo diagu, egunen baten zergatik ez!”. Beti gerorako kontuak aipatzen nizkien, baina aurten, San Migel egunez, normalean urtean egiten dudan saio bakarrean, haiek agertu ziren Zumaiako Artadi auzoan. Amets eta biok izan ginen aurten ere, han agertu ziren Apotzagako hiru sanmigeldar, emaztearekin pare bat eta alabarekin bestea: “Zer arraio egiten duzue zuek honaino etorrita?”, galdegin nien. “Ba, heu fitxatzera etorri gaituk! Hik jarri eguna, bertso-laguna… baina bertso-afari batera etorri behar duk!”. Eta halaxe. Sebastian Lizasorekin joatea pentsatu nuen; beti izan dut oso-oso bertso-lagun kuttuna, bertsotan erraz egiten du, baina egiteko bidea ere beti uzten du, beti oso erraz moldatu izan naiz harekin eta uste dut bikote gisa oso ondo funtzionatu izan dugula, eta hala izan ginen Apotzagan, bai.

Xabier Euzkitze: "Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du"

Antza, 16 bat urterekin bertan egin zenuen lehenengo plazetako bat; aurretik, Arrasaten kantatu zenuen bat-batean lehenengoz, Eskolarteko Txapelketan; gero, Almengo bertso eskolako zazpi kiderekin kantatu eta txapela zerorrek atera zenuen finalean: baduzu Debagoienarekin lotura.

Xabier Euzkitze: "Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du"

Bai, bai. Nire zenbait egun historikotan ageri da bailara hori, bai. Ederki gogoratzen dut, gainera, Arrasateko bat-bateko lehenengo saio hura, hainbat gauzarengatik: hasteko zain geundela, Joxe Mari Mujika Anatx, orduan gurekin txapelketetan eta saioetan-eta nahikotxo ibili zen mutil bat, hasi zitzaidan esaten: “Hi, Euzkitze, hik azkena pentsatzen al duk?”. Eta esan nion: “Azkena pentsatu?”. Eta hark: “Bai, ez al dakik hori? Bertsolariak azkeneko puntua aurretik pentsatuta hasten dituk”. Pentsa, nik hori jakin gabe irten behar nuen plaza hartara; guk ez genuen ez bertso-eskolarik eta ez bestelakorik izan, bertsoak zertxobait landu genituen ikastetxean, baina oinarri handirik gabe joan nintzen hara, bistan denez. Hori esan zidanean, berehala pentsatu nuen: “Dedio, sekulako abantaila duk azkena pentsatzea!”. Eta saio hartan bertan hasi nintzen hori praktikan jartzen. Eta oso emaitza onak eman zizkidan, lehenengo finalaurreko hura oso gustura bukatu nuen; orduan gustura geratzea mutututa ez geratzea zen, bertso guztiak bukatzea. Hori lortzeaz gain, uste dut nahikoa txukun aritu nintzela. Saioa bukatu eta berehala, ezagutzen ez nuen gizon bat, Juanito Akizu, etorri zitzaidan. Patxi Goikolearekin eta Xanti Iparragirrerekin batera Almengo bertso eskolan irakasle ibiltzen zen Juanito, eta esan zidan: “Ez jakixat nundik urten doken, baina baxak materixala, baxak materixala, segi bertsuetan!”. Sekulako animoak eman zizkidan hark, asko estimatu nuen babes hura; lehenengo saio hori beti izaten da gogoangarria, eta, gero, berehala harreman estuak egin nituen Almengo bertso eskolako gazteekin. Nik ingururik ez nuen; helduetan bai, ikaragarria: Lazkano, Lizaso aita-semeak, Agirre, Gorrotxategi, Larrañaga… horiek guztiak herrian bertan nituen, eta, alde horretatik, banuen ingurua, baina nire adinekoetan ez nuen batere ingururik, eta bolada batean joera handia izan nuen harako; gehienbat, Sarasua familiarekin adiskidetasun handia izan nuelako –eta badut oraindik ere–; gogoratzen naiz haiengana, bai Aretxabaletara eta gero Oriora ere bai, askotan joan izan nintzela, egunak pasatzera ere bai; bizikletan ere joan izan nintzen Aretxabaletaraino, haiekin egun batzuk pasa eta buelta, eta Oriora ere bai joan-etorria bizikletan. Niretzat, giro hori aurkitzea eta nire adineko gazteekin partekatzea-eta oso garrantzitsua izan zen, eta oso ondo gordeta ditut horiek buruan.

Eta Almengo zazpirekin finala eta zeuk irabazi…

Lehen aipatutako Arrasateko hura izan zen lehen finalaurrekoa, eta bigarrena Hernanin egin genuen. Esan zutenean finalisten zerrenda, zazpi ziren Almengoak eta neu zortzigarrena. Almenekoak ziren: hiru anaia, Iñaki, Jon eta Aitor Sarasua; Felix Iñurrategi; Arantzazu Loidi; Jon Iñaki Izarzelaia eta Mikel Uribetxebarria. Eta, bai, niretzat, sekulako inbidia zen haiek zuten giro hori; gogoratzen naiz pare bat autobuskada joan zirela Almen eskolatik, pankarta eta guzti, eta neu ere autobusean joan nintzen, baina Guipuzcoana-n, neu bakarrik, eta gero zer da eta, egun ona egokitu, gaiak ere nahikoa egokiak, eta txapela neuk irabazi. Orain ere badu bere sona Eskolarteko Txapelketak, baina orduan, lehen edizioak zirenez, komunikabideetan-eta izugarrizko eragina izaten zuen. Hura irabazi eta, batez ere Jon Sarasua eta biok, berehalaxe hasi ginen garaiko bertsolari onenekin kantatzen, guk miresten genituen bertsolari haiekin: Lasarte, Lazkao Txiki, Agirre, Lizaso zaharra, Lazkano, Lizaso gaztea, Azpillaga, Etxeberria, Garmendia, Peña, Murua, Mendizabal, Amuritza, Lopategi… horiekin denekin ibiltzen hasi ginen 16-17 urterako. Eta hori zorte handia izan zen.

Xabier Euzkitze: "Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du"

Eskolarteko Txapelketa osteko irteera, 1983ko maiatzean, Uztapiderengana, Oiartzungo etxera; harekin, ezkerretik eskuinera: Jon Sarasua, Jon Eizmendi, Andoni Aizpurua, Felix Iñurrategi, Joxe Mari Mujika Anatx, Aitor Sarasua, Jon Iñaki Isazelaia, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi eta Danel Goikolea.

.

Eta sarasuatarrekin Urepelera joan zinetenekoa…

Eskolarteko Txapelketan parte hartu genuenean, gogoan dut aukeran eman zizkigutela hiru liburu, bat aukera genezan: Uztapiderena, Lasarterena eta Xalbadorrena. Nik ez nituen asko ezagutzen ez bata, ez bestea, ez hirugarrena, oinarri txikia bainuen. Baina Xalbadorren liburua hartu nuen eskuetan, eta hura gainbegiratzen ari nintzela, bertso batzuk irakurri eta asko gustatzen hasi, etorri zitzaidan Urrestillako Zumeta, esanez: “Xalbadorrekin zer ari haiz?! Horri ez zaiok ezer entenditzen, motel! Hartu ezak Uztapide edo Lasarte!” Kontra egin nion: “Ez zaiola ezer ulertzen? Ni gustura ari nauk ba honekin!”. Eta Xalbadorrena hartu nuen. Eta Xalbadorren Odolaren mintzoa ordutik daukat gau-mahaiaren gainean, eta Xalbadorrekiko ikaragarrizko miresmena izan dut beti. Sarasuatarren etxean-eta ere han zegoen Odolaren mintzoa; haiek gitarra hartzen zuten eta bertsoak kantatzen genituen. Xalbadorrek itzal handia zuen gugan. Ni Lekarozen ikasle nintzela, 83-84 ikasturtean, elkarrekin hitz egiten genuenean-eta, aipatzen genuen egunen batean joan behar genuela Urepelera, eta halaxe, esan nien: “Hi, hara Elizondotik oinez joateko bidea nondik den jakingo diat, eta horixe egin behar diagu”. Eta uste dut Aste Santuko oporralditxoa aprobetxatuz egin genuela. Donostian hartu genuen autobusa Elizondorako, eta autobus hartan zein tokatuko eta, Ramon Saizarbitoria: “Hori ez al da Ramon Saizarbitoria? Bera izango duk, gainera! Baduk, ez duk… Galdetu egin behar zioagu!”. Eta hirurotan lotsagabeena, Aitor Sarasua, joan zitzaion galdetzera, hika, gainera: “Hi Saizarbitoria al haiz?”. Eta sekulako poza hartu zuen Saizarbitoriak adin horretako mutiko batzuek euskal idazle bat hala ezagutu izanagatik, bere obra ere pixka bat ezagutzen baikenuen. Iritsi ginen Elizondora, eta abiatu ginen Urepelerantz; lau bat orduan han izateko moduan. Bidean galdu, eta ilunabarrean iritsi ginen: “Eta guk orain non jarri behar dugu kanpina?”. Belardi bat ikusi genuen, jabeari baimena eskatu eta han jarri genuen kanpina; hurrengo egunean Xalbadorrenera joan eta hantxe egon ginen sekula ahaztuko ez zaigun oporralditxo laburra pasatzen. Gainera, Jon Sarasuari, belardi hartan zerbait frijitzen ari zela olioa gainera erori zitzaion, eta herriko erizain batek egin zizkion sendaketa lanak; ez zigun kobratu. Mutiko jatorrak omen ginen, eta euskaldunak, gainera! Eskerrak emateko bertso bat bota genion eta denok pozik.

.

Eta Nafarroa Beherera egin dugunez, euskarari diozun maitasunaren barruan, atxikimendu berezia duzu behe-nafarrerarekiko, aldaera hartan bertsotan egitera iristeko lanketa egiteraino. 

Ni euskalkiez erabat maiteminduta nago, eta beti saiatzen naiz, nabilen lekuan nabilela, belarriak beti adi izaten eta ahal den guztia ikasten eta ahalik eta etekinik handiena ateratzen alde horretatik. Bizkaian denbora luzez lan egin izan dut, bizkaitar askorekin eduki dut igurtzia, eta bizkaiera da, beharbada, niretzat hurbilenekoa, gure gipuzkerak bizkaieraren ukitu nabarmen samarrak dituelako ere bai, eta… Gainerakoan, nafarrerarekin ere harreman luzarokoa izan dut, besteak beste, Lekarozko eskolari esker Baztan alde hori asko ezagutu dudalako, han lagun asko ditudalako; Baztan, Malerreka, Bortziriak, inguru hori. Eta gero, Iparralderako ere joera handia izan dut beti, eta, gehienbat, Nafarroa Beherean ibili izan naiz; eta, horrez gain, behe-nafarrera, esango nuke, Nafarroa Beherean adina ikasi izan dudala, edo gehiago, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB); izan ere, AEBetan badut lagun bat, kasik bigarren anaia, eta harreman horri esker hogeita pare bat aldiz-edo joan naiz AEBetara, ia beti Kaliforniara, jatorri baxenafarra duten euskaldunen artera. Eta han ere, beti bezala, belarriak adi eta zentzumenak erne, zer ikasiko. Eta behin, Wyomingen bizi den Martin Goikoetxea gorritiarrak eta biok euskal festa batera joan behar genuen Buffalora. Nik ezagutzen nuen herri hura aurretik, eta banekien han baxenafarrak bakarrik daudela, eta, gainera, euskara batuarekin batere harremanik izan ez dutenak, euskara batua eraikitzen hasi aurretik joandako jendea zelako, euskal telebistarik, euskal irratirik, euskarazko komunikabiderik ezagutu gabeko jendea, eta, orduan, beraien euskara besterik ezagutzen ez zutenak. Eta aurreko hilabeteetan buruan nerabilen: “Kapaz izan behar diat nire mezua helarazteko, nire bertsoak uler ditzaten”. Eta, bai, lan handia egin nuen; gauzak asko aldatzen dira, ez bakarrik hiztegia, neurriak-eta ere aldatu egiten dira: gipuzkeraz zidazun esaten duguna, batuan zenidan eta behe-nafarreraz zenirautan; hor neurriak ere aldatu egiten dira, silaba bat gehiago da, eta, orduan, dena da zailagoa. Baina, bueno, lehenengo saio nagusia bukatu genuen, eta etorri zitzaidan baigorriar bat eta esan zidan: “Nongoa zira zu?” Eta nik: “Gipuzkoarra”. Eta hark: “Gezurra duzu”. Nik: “Ez, egia duzu”. Eta hark berriz ere ezetz, eta nik baietz, eta esan zidan: “Arras gure eskuara duzu!”. Eta pentsatu nuen: “Hau, behintzat, engainatu diat! Hura poza!”. Iruditu zitzaidan lortu nuela hein batean, behintzat, nire bertsoak ulertaraztea. Apustu ederra izan zen; horrelako gauzek beti asko ase eta poztu izan naute, motibazio handia eragiten didate, eta, bai, hura ere polita izan zen.

.

Euskalki maitale, baina batuaren defendatzaile ere bai. Eta hainbat ez omen duzu bide zuzenetik ikusten, zentzu honetan.

Bai, ni euskalkien maitale naiz, eta haiek beraien lekua behar dutela iruditzen zait. Nola ez! Ibon Sarasolak berriki esandako kontu horrekin, euskalkiek desagertu egin beharko luketela, ni ez nator horretan inola ere bat; iruditzen zait dagokien lekua izan behar dutela, eta indarra eman behar zaiela, gainera, baina ez dugu asmatzen eremuak bereizteko garaian, eta komunikabide nazionaletan, Euskal Telebistan, Euskadi Irratian, Berria-n… komunikabide nazional batean euskara batuaren aldeko apusturik ez egitea eta ez konturatzea ni azpeitiarra izan arren, Euskal Telebistaz ari naizenean ez naizela azpeitiarrentzat ari, ez naizela gipuzkoarrentzat ari, eta edozein lekutan ulertu behar dutela nire euskara; horretaz ez konturatzea eta horretarako ahaleginik ez egitea, estrategia bateratu bat ez lantzea  barkaezina litzatekeela iruditzen zait. Eta oso jarrera atzerakoia,  modernotasunetik oso-oso urrutikoa eta, gainera, herri ikuspegirik batere erakusten ez duena. Horregatik esaten dut: “Euskalkiak, bai, nola ez; baina bakoitza bere lekuan”. Neuk ikusi dut telebistako saioen hizkuntz ereduak saio horretako jendearen esku geratzen direla, eta ez da asmatzearen kontua bakarrik, batere hausnarketarik egin gabe hartzen dira zenbait bide.

.

Dena dela, diskurtso nahikoa hedatua da batuak ez duela balio goxotasun hori transmititzeko, sentimenduak…; euskalkiak direla ñabardura horietarako aukera ematen dutenak.

Hori esaten duenak egin al du ahaleginik? Goenkale-k ez al zituen horiek guztiak txukun transmititu? Goenkale-ren hizkuntza ahaleginarekin, Andu Lertxundi atzean zegoela –eta asko antzematen zen, gainera, Anduren eskua–, ez al zuten, benetan, bide eder bat egin? Nire ustez bai. Eta han denetik zegoen: dramak, umorea, amodio gorabeherak, gazteen eta zaharren hizkuntz erregistroak… Guk, esaterako, Senegalgo mutiko bat izan dugu bi urtean, orain dela gutxira arte, gure etxean, eta hark komunikabideak euskarazkoak bakarrik kontsumitzen zituen eta, nagusiki, euskara batua izan da haren euskara, eta guk harekin harreman afektibo harrigarria eraiki dugu, eta batuan eraikitakoa izan da. Niri sekulako tristura ematen dit, eta, gainera, normalean, ahaleginik egin ez duen jendearen arrazoibidea izaten da.

.

Sabino Aranak esana da: “Aquí padecemos muy mucho cuando (…) oímos hablar nuestra lengua a un cochero riojano, a un liencero pasiego o a un gitano”.  Zorionez, gaur ez da horrela, zenbat eta gehiagok eta desberdinagook euskaraz egin, hobeto.    

Bai, zalantzarik gabe. Gaur egun baino askoz eremu zabalagoak hartzen zituen euskarak orain dela mende batzuk, eta orain ere euskararen mugak zabalduko bagenitu, euskararentzat mesede besterik ez. Eta euskararen mugak zabaltzeaz ari naizenean, Euskal Herri barruan esan nahi dut; euskarak baditu irabazi eta berreskuratu beharreko hainbat eta hainbat eremu. Gainera, uste dut zenbait lekutan oso ondo ari direla. Esaterako, nik 19-20 urte neuzkala, bertso irakasle aritu nintzen Arabako hainbat ikastolatan: Gasteizen, Kanpezun, Agurainen, eta baita Arabako Errioxako ikastoletan ere, Bastidan, Lantziegon, Oionen eta Lapuebla de Labarcan. Ikastolak hasi berri samarrak ziren, euskarak irabazi beharreko eremua zen hura, irakasleek-eta sekulako lana egin beharra. Ni bertso irakasle hasi eta ez zen leku aproposena Uztapideren hitz jokoak azaltzeko, askoz gauza sinpleagoetan ere galdu egiten ziren. “Zer, oraindik ez al duk bukatu kopla hori, mutiko?”. Eta mutikoaren erantzuna: “Maisu, ni olbidatxen”. Euskara maila kaxkarra zuten, ez zegoen ingururik. Orain, aldiz, 30 urte hauetan haiek egin duten lana benetan miresgarria da. Lantziego berezia da, baina gaur egun Lantziegoko umeak euskaraz aritzen dira elkarrekin. Eta kanpotik iristen diren umeak ere, marokoarren seme-alabak-eta, haiek ere euskaraz aritzen dira, eta ez eskolako orduetan bakarrik, baita bestela ere, kanpoan jolasean ari direla ere bai. Orain dela pare bat aste izan naiz han pilota partidak ematen, eta halako batean neskatxa bat ikusi nuen, hiru bat urtekoa-edo, pilota batekin jolasean. Hurbildu nintzaion eta erdaraz hitz egin zidan; pentsatu nuen: “Neska honek jakin behar dik ba euskaraz!”. Eta esan nion: “Nik badakit euskaraz, e!”. Begiratu zidan eta esan zidan: “A bai? Eske zaharra zara”. Alegia, han alderantziz da, han buelta eman dio egoerak, zaharrek ez dakite; gazteek, berriz, badakite eta erabili egiten dute. Eta bai, eremu horiek han modu miresgarrian berreskuratzen ari dira, eta, niretzat, sekulako poza da, eta uste dut bide horretan jarraitu beharra dagoela eta haiek eman diguten eredua benetan aparta dela.

.

Sabino Aranaren aurreko esaldi hari erdiko zatia kendu diot; berez, esan zuen: “Aquí padecemos muy mucho cuando vemos la firma de un Pérez al pie de unos versos euzkéricos, oímos (…)”.

[Barre] Oso-oso arrazoibide xelebrea da, ezta? Dena dela, esaldiak inolako zentzurik ez du gaur egungo ikuspegitik begiratuta, baina oso ikuspegi eta testuinguru soziolinguistiko desberdinean esandako kontuak dira, eta Sabino Aranak, nik uste, gauza askotan asmatu zuela, baina esaldi hori, gaur egungo ikuspegitik begiratuta, benetan barregarri geratzen da; amorrurik ere ez du ematen, barregura eragiten du gehiago. Nonbaitetik begira baldin badago, benetako amorrua berak sortu zuen alderdian Arana edo Agirre deiturak dituzten asko bertso euzkérico horiek ulertzeko gai ez izateak eman beharko lioke.

.

ETBko esketx bat bada PPko bertsolariarena; ez dakit halako egoera batera iritsi behar genukeen, irits gaitezkeen, egoki litzatekeen iristea edo…

Bueno, egunen batean iritsiko balitz, gauzak nahikotxo aldatu diren seinale izango litzateke. Ez du oso logikoa ematen… Bueno, nik ezagutzen ditut pentsaeraz eta oso-oso PPkoak direnak eta bertsozale porrokatuak direnak. Gehienbat, tradizio karlistako jendea eta; bertsozaleak, baina ideologiarekin lotzen ez dutenak, gaur egungo bertso munduarekin-eta oso urruti sentitzen direnak, gaur egungo joerengatik eta testuinguruagatik-eta, baina, berez, oso-oso bertsozaleak direnak eta bertsoen tradizioa eta garai bateko bertso zahar pila bat buruz dakizkitenak-eta… Nik, horrelakoak, ez bat eta bi, asko ezagutzen ditut, uste dut denok ezagutzen ditugula. Gero, gaur egun PPk euskararekiko zer-nolako jokabidea duen ikusita eta euskaraz funtzionatu nahi duten udalei helegiteak jartzen dizkiela Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkariak eta… Horiek denak kontuan hartuta, ez du oso erraza ematen PPko bertsolari bat irteteak, ezta? Baina, hemendik 20-25 urtera, beste testuinguru batean eta beste bilakaera eta garapen baten ondoren horretara iritsiko bagina, nik pentsatzen dut seinale ona izango litzatekeela. Azkenean, euskarak gaur egun dituen eremuak baino gehiago irabazi beharra ditu. Gure seme-alabak euskal eskola publikoan dabiltza, eta orain dela zortzi bat urte-edo emazteak esan zidan: “Aizu, uste dut Jenniferren aita guardia zibila dela”. Jennifer gure Anerren gelako neskatxa bat. Eta, bat-batean, halako hotzikara bat eman zidan. “Bai? Zergatik duzu susmo  hori?”. Eta emazteak: “Gaur lehenengo aldiz hizketan hasi zait, eta esan dizkidan gauzengatik… eta gero pentsatzen aritu naiz eta nik uste dut guardia zibila izan behar duela gizon horrek”. Hasi gintzaizkion pixka bat erreparatzen, eta bai izan ere! Eta halako batean Anerri esan nion: “Hi, Aner, zer moduzko neska da Jennifer?”. Eta: “Jatorra, bai, neska jatorra dek”. Eta nik: “A, bai? Eta nola hitz egiten duzue elkarrekin?”. Semeak: “Nola nola hitz egin?”. Nik: “Ba, ze hizkuntzatan?”. Begiratu zidan erabateko harridura aurpegiaz eta erantzun zidan: “Aitta! Euskaraz!”. Alegia, galderak ere harritu egin zuen. Azkenean, hori ere irabazitako eremu bat da, naturaltasunez irabazitako eremu bat, eta ez al ditugu horrelako urratsak behar?

.

Euskara ahalik eta jende gehienarengana irits dadila, ados. Baina, hauteskunde kanpainetan, euskararekin diskriminatu egiten dela euskaraz esaten digutenekin edo hori pentsatzen dutenekin beterik balego Euskal Herria, ez dakit ze etorkizun genukeen.  

Idoia Mendia bera ikastolan ikasitakoa da eta euskaraz hitz egiten du; oraindik landu beharrekoa du, askoz gehiago landu beharrekoa, baina, bai, euskaraz egiten du; nik asko estimatzen dut hori eta poz handia ematen dit, baina euskararen kontrako mezu hori zabaltzea benetan mingarria izan da, oso-oso mingarria. Nik ez nuen ulertu, iraingarria iruditu zitzaidan, euskaldunok ondo dakigulako hemen inork diskriminaziorik jasaten badu, inork bazterturik sentitzeko motiborik badu, gu garela, euskal hiztunak. Izan ere, euskararekin hainbat eta hainbat lekutan motz geratzen gara, mostradorearen edo leihatilaren bestaldean artatu behar zaituen horrek askotan izaten baitu euskararen muga hori. Erdararekin, aldiz, edozein lekutara joateko ez dago inolako arazorik. Eta, gaur egun, administrazioan lan egin behar duen batek euskaraz jakiteko betebeharra izateagatik diskriminatuta dagoela sentitzea eta mezu hori zabaltzea gizarteari… Niri, benetan tristea iruditu zitzaidan eta mezu horren guztiz kontra nago, eta iruditzen zait mingarria eta iraingarria dela.

.

Politikan ba al du euskarak behar besteko pisurik? Adibidez, gobernu akordio bat egiteko orduan: kanpainan gauza haiek esan zituen alderdi harekin osatutako Eusko Jaurlaritza dugu gaur egun.

Praktikan, uste dut askotan ikusten dugula ez dela lehentasuna. Eta alderdi abertzaleen arteko inkoherentziak geratzen dira begien bistan, eta zuk aipatu duzun hori hor dago, Euzko Alderdi Jeltzaleak gobernu ituna sinatu du hauteskunde kanpainan euskararen aurkako mezu iraingarri eta mingarri horiek erabili dituenarekin. Eta zenbait ikuspegitatik ez da erraz justifikatzeko kontua; gero, hor beste mila gauza egoten dira, baina Alderdi Sozialistaren jokaera horri galga jartzeko neurriak hartu beharko lituzke Euzko Alderdi Jeltzaleak, iruditzen zait. Eta ez Eusko Jaurlaritzan bakarrik, Donostiako Udalean bertan ere euskararekiko erakusten duten jokaera, nire ustez, ez da batere txukuna. Gero, hor beste alderdi bat ere badago –pixka bat zeharbidea hartzea irudituko zaizu, beharbada, baina–, komenientziaren arabera, batzuetan, erdarara jotzea komeni zaigunean, jotzeko erreparorik ez dugula izaten; esate baterako: Donostiako osoko bilkuran, udalbatzako zinegotzi gehienak dira euskaraz hitz egiteko gai; eta, noski, denek ez dute portzentaje berean erabiltzen, baina ustez gehiago erabili beharko luketenek ere, beraien ideologiari eta koherentziari lotuta askoz gehiago erabili beharko luketenek ere, eta bi alderdi abertzaleez ari naiz, erdara erabiltzen dute sarri, eta horren oinarrian zer dagoen susmoa ere badaukat. Donostiako osoko bilkurak zuzenean ematen ditu Teledonostik, eta Teledonosti badakigu zer den, badakigu zein eratako jendeak ikusten duen, eta Teledonostiren bitartez erdaraz zabaldutako mezua askoz jende gehiagorengana iristen da, eta alderdi abertzaleetako bozeramaileen artean ere erdarak gero eta presentzia handiagoa du; presentzia handiagoa du erdarak hautetsi abertzaleen eta euskaldunen ahotan orain, duela lauzpabost urte baino. Eta hori zergatik da?: “Nik erdarari etekin handiagoa atera diezaioket kasu honetan, eta baliatu egingo dut”. Hor bistaratzen dira kontraesanak eta inkoherentziak.

Zure Twitterren begira ibili naiz, eta ikusi dut hauteskunde kanpainako kartelak ikusita semeak han ageri zirenak bertsolariak ote ziren galdetu zizunekoa, eta ondorengo galdera egiteko aitzakia eman dit. Kartel haietan EH Bilduko eta EAJko hautagaiak agertzen ziren: zergatik daude bertsoak batzuen ekitaldietan eta ez besteenetan?   

Xabier Euzkitze: "Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du"

Ulertzen dut esan nahi duzula ezker abertzalearen ekitaldietan bertsolariak izaten direla eta Euzko Alderdi Jeltzalearenetan ez direla izaten. Bada, ni, egia esan, ez naiz mitinetara joaten, ez batzuenetara eta ez besteenetara, baina bertsolarien larruan jartzeko ahalegintxo txiki-txiki bat egitea nahikoa dut konturatzeko batean kantatzea askoz ere errazagoa dela bestean kantatzea baino, eta hori gaur egun, indarkeria gabeko egoeran. Oraindik ere askoz errazagoa da batean kantatzea bestean baino. Ez nau asko harritzen, egia esanda.

.

Diozu bertsolarientzat errazagoa dela batean kantatzea bestean kantatzea baino; beraz, egon, egongo lirateke beste ekitaldi horietan ere gustura kantatuko luketen bertsolariak. Edo, bertsolaritzan hainbesterainokoa izan da sentsibilitate jakin batekoen nagusigoa, bestekoek ez dutela hor lekurik topatu? Adibidez, duela hiru urte, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainari egindako omenaldian, plazetatik erretiratutako bertsolari bat joan zen haren omenez bertsoak botatzera. Bertsolaritzak transbertsalago izan behar luke? Mesedegarri litzateke?  

Bai, zalantzarik ez dago oso-oso mesedegarri litzatekeela. Joseba Goikoetxearen omenaldian izan zen bertsolari hark berak urtarrilaren 14rako beste konpromiso bat hartua du, beste urraketa batzuk salatzera Bilbora joateko konpromisoa. Josebarenean bakarrik ari behar izan zuen. Egun dagoen bertsolari saldoarekin denak kolore bereko izatea ezinezkoa da. Beraz, faktoreren batzuk badaude ekitaldi batzuetarako nahi adina eta beste batzuetarako inor izan ez dadin. Entzuleen artean ere islatzen dira aipatu dizkizudan faktoreak. Adibide bat jarriko dizut. Nik ETB1eko gaueko albistegia aurkezten nuenean bakarkako gai hau jarri zidaten –uste dut Aretxabaletan izan zela eta Nikolas [Segurola] handia zela gai-jartzaile–:  “Xabier, astelehen iluntzeko albistegian ze hiru berri eman nahiko zenituzke?”. Orduan Ortega Lara bahituta zegoen, eta nik lehenengo bertsoan esan nuen haren askapenaren berri eman nahiko nukeela. Zuk badakizu bertsorik txarrenari ere txaloak jotzen zaizkiola. Bada, nik bertso hori bota nuen, pasatu ziren bizpahiru segundo eta… txalorik ez. Halako batean, bat hasi zen txaloak jotzen, eta sekulako txalo zaparrada izan zen ondoren. Asko eta asko horri txalo jotzeko irrikaz zeuden, baina…  Horregatik diot, nahiz eta azken bost-hamar urteotan gauzak asko aldatu, oraindik ere, nire ustez, askoz errazagoa dela gauza batzuk esatea besteak baino.

.

Eta hor, gaur egungo bertsolaritza gidatzen dutenek egin beharko lukete lan bat? Agian, egiten da, e! Edo ez da haien zeregina, igual, edo bai? Eragile diren partetik, bertsolariek duten erreferentzialtasuna kontuan hartuta.   

Bai, egin beharko lukete. Esate baterako, Bertsozale Elkarteak, orain dela urte gutxi, bertsolaritza fenomeno sozial gisa eremu erdaldunetara zabaltzeko ahalegina egin zuen. Beste eremu ideologiko batzuetara zabaltzeko ahalegin handirik nik ez dut sumatu, ordea. Eta ni neu erretiratu nintzenean ere, pentsa liteke… ba, bueno, babesa eman edo: “Hartu itzak hilabete batzuk eta beste era batera ikusiko dituk gauzak. Aurki haiz berriz gure artean” edo. Ez, nik ez dut horrelakorik izan. Maila pertsonalean bakarren batek esan dit, baina, azkenean, irudipena geratzen zaizu askok lasaitu galanta hartu zutela erretiratu izanarekin. Juan Luis Zabala idazleak idatzi zuen honi buruz behin Berria-n: beharbada, zenbaiti eroso ibiltzen uzten ez zion hartxintxarra zapatatik atera zutela, baina, azkenean, horrek zer panorama dakarren, zer mapa dakarren, zer islatzen duen. Eta nik uste dut bertsolaritzak hitzaren kirol nazional izan nahi badu, nazio horren adierazpen ideologiko guztietara iritsi behar duela, eta, gaur egun, iruditzen zait asko falta zaiola horretarako. Esango dizute: “Ez, ez, kolore guztietakoak daude!”. Ez dut zalantzarik, baina kanporatu bakarra egiten da.

.

Eta zuretzako, ze mesede luke hizkuntzak, kulturak, herriak berak, zabalduko balitz, aniztasunean irabaziko balu bertso mugimendu horrek?

Ze mesede lukeen? Askatasuna, normaltasuna erakutsiko luke, beste fase batean gaudela, herri gisa eta hizkuntz eta kultur komunitate gisa funtzionatu nahi dugunak elkarrekin aritzeko prest gaudela. Herri honetako euskaltzaleen artean hainbat eremutako jendea baldin badago, eta ideologia askotarikoak baldin badaude, horien adierazpena bertsolaritzan ere izatea ezinbestekoa da. Kirol nazional izan nahi baldin badu. Nik hainbat eta hainbat ezagutzen ditut, benetan bertsozaleak direnak, baina errotik bertsozaleak direnak, eta gaur egun bertso saio batera joatea burutik pasa ere egiten ez zaienak. Zergatik? Ba, horrexegatik, beti lekuz kanpo dauden sentsazioaz nazkatu egin direlako. Ni kantuan bezala. Azkenean, zer nahi dugu? “Ez, ez, ez, guk geuretzako egin behar diagu!”. Hori al da? Bada, berdin jarraituko du. Baina, azkenean, denentzakoa egin behar badugu, eta bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du.

.

Eta, esandakoa, euskaltzale, herri honen zale garenok batzeko tresna ere izan daiteke, ez? Iruditzen zait, orain arteko joera horrekin, zati baten kohesiorako-edo, nolabait, baliagarria izan dela; agian, euskaldun guztion ikuspegi horretatik, onuragarri litzateke, ezta?

Bai, horixe! Euskara batuaren kontuan esan dizut hor, azkenean, herri ikuspegi bat dagoela, eta euskara batuak behar duela leku guztietarakoa, eta horrek nazio izate bat ere erakusten du, eta nazio estrategia bat ere erakusten du, eta bertsolaritza eremu ideologiko orotara zabaltzea ere sekulako apustua litzateke, eta hori lortuko balitz, egundoko urratsak emanak izango lituzke bertsolaritzak. Ezbairik gabe.

.

Gogoan izango duzu, agian, azken Txapelketa Nagusiko finaleko Aitor Sarriegiren bakarkakoa. Gaia zen: Egoerak beste aldean jarri zaitu. Eta berak hautatu zuen bere biktimarekin enpatizatzen duen etakidearen bidea. Orain nere sentitu det eragin diodan mina eta biharko herri bat baldin badugu helburu / batak bestearen mina onartu beharko dugu izan ziren amaieretako bi. Gaia zabala zen, beste bide bat har zezakeen, erosoago litzaiokeena, baina hortik jotzea erabaki zuen. Ekarpen deigarria eta eskertzekoa iruditu zitzaidan, plaza hartan, gainera. 

Bai, bai, bai. Ni zurekin erabat bat nator, eta niri poz handia eman zidan horrek, baina begira zer gertatzen den: ordutik denbora pixka bat pasa da, urte batzuk pasatu dira, eta zuk eta nik gogoan duguna hori da, salbuespena. Horregatik, salbuespena izan zelako eta zeuk ere aitortzen didazulako horrek ez zuela erosoena izan behar beretzat, eta ahalegin berezia eskatu izango ziola, horregatik, salbuespen hori dugu gogoan, araua ez delako.

.

Irakurri dizut telebistara itzuliko zinatekeela. Irakurri dizut, baita ere, Gran Hermano, esaterako, ez duzula gustuko, eta ez nau harritu. Demagun telebistara itzultzen zarela, baina ETBko buru moduan: Gu ta gutarrak saioak lekurik baluke programazioan?

Zer esango dizut, bada. Ni neu ez nau batere erakartzen. Aurkezle bikain bat dauka, beste mila gauzatan lan ederra egin dezakeena; atzean profesional talde bikain bat dago… Emaitza, helburuak… ez dakit zer esan. Ni neu ez nau batere erakartzen, baina ez da ni erakartzeko egindakoa. Aldiz, ikusten dut, gure etxean, seme-alabek, batez ere, alabak asko jotzen duela saio horretara, eta aurreko batean Lander Garro idazleak ere idatzi zuen Facebooken horri buruzko iruzkin bat, esanez saioak gazte jendea erakartzeko erakutsi duen trebeziarekin eta izan dituen dohainekin-eta ez duela hain gaizki ikusten. Niri zalantza handiak eragiten dizkit, baina, azkenean, Euskal Telebistak ezin du uharte bat izan. Gaur egun, gazteek zer kontsumitzen dute? Gazteek kontsumitzen dutena, askotan, txorakeria irudituko zaigu, baina La2-eko dokumentalekin gertatzen dena gertatzen da, zoragarriak dira, denek goraipatzen dituzte, baina inork ez ditu ikusten. Euskal Telebistan saio bikainak badaude, eta egon behar dute dauden horietako batzuek, baina, aldi beran, jendearengana iritsi ere egin behar dute. Eta gazteengana iristeko bideak-eta ez dira errazak, ni ez naiz aditua horretan, eta ETBko zuzendari banintz ez dakit zer egingo nukeen. Dena den, oso garbi daukat egingo nituzkeen gauzetako bat, behintzat: iruditzen zait Euskal Telebistaren lehen kateak bere zuzendaria behar duela. Ez da onargarria mundu mailan benetan albiste den zerbaiti buruz hitz egiteko ETB2k programazioa eten eta saio berezi bat martxan jartzea eta ETB1en, berriz, ezer gertatu ez balitz bezala, hara baliabiderik bideratu nahi ez delako, programazioak normal-normal jarraitzea. Horrek euskara eta euskaldunak bigarren mailako bihurtzen gaitu.

.

Zuri buruz, elkarrizketa prestatzeko irakurri eta entzun ditudanetatik eta gure gaurko solasetik ateratzen dudan ondorioa da pertsona burujabea zarela, pentsatzen duena esaten duena, baita jatekoa eman diezazukeenari buruz ere, nahiz eta kritika egiteko izan, edo politikoki edo…

Ez dakit zenbateraino… Pentsatzen dudana esatea gustatzen zait, baina horrek ekarri ditzake arazoak ere. Adibidez, Miren Azkarateren lantaldean nago ni orain, eta lantalde horretan alderdi batek jarri nau, eta alderdi hori da Donostiako Udalean zamarik handiena eta erantzukizun handienak dauzkana, eta batzuetan sortzen dira kontraesanak eta… beharbada, orain, ikusten dut, zenbait gauza esatea-eta, zenbait lekutan egonda, ez dela hain erraza ere, baina nik ezin diot utzi naizen bezalakoa izateari, horixe litzateke azkena. Eta begirunez –horretan uste dut ez dudala beti asmatu izan, gauzak esateko moduan– eta eraikitzeko asmoz baldin bada, iruditzen zait pentsatzen duguna esaten jarraitu egin behar dugula.

.

Zu burujabe; herri burujabe –Gure Esku Dago-rekin kolaboratzen duzu, adibidez–; eta aipatu nahi nuke beste herri bat ere, Sahara, ze harekin ere baduzu harreman estua.

Bai, Sahararekin harreman estua daukagu. Saharautz elkartea sortu genuen orain dela hamalau bat urte edo; gehien bat, sortu genuen ikusten genuelako udako Oporrak bakean programa hori pikutara zihoala, eta orain ere gauzak ez daude batere erraz. Krisiarekin askoz ere zailago bihurtu zaigu harrera-familiak aurkitzea baina, tira, hor segitzen dugu borrokan, ez Oporrak bakean programarekin bakarrik, baita bestelako hainbat giza laguntza egitasmo aurrera eramaten ere. Duela gutxi gure taldeko kide bat kanpamenduetan izan da, lau bat mila euro eraman, lehendik martxan ditugun programak gainbegiratu eta beste zerbaitetan lagun dezakegun begiratzera. Uste dut herri horri, herri baztertu horri, zor diogula konpromiso bat, munduak erabat bizkar emanda daukan herri horrek behar duela gu guztion bultzada.

.

Nork irabaziko du binakako pilota txapelketa, eta nork nahi zenuke irabaztea?

Nork nahiko nukeen ezin esango dizut…

.

Agian erraza da oraingoan Barriolak esatea, ezta? 

Bueno, bai. Horrelako kasuak direnean, edo Titin III.ak Barriolaren kontra jokatu zuenean-eta –Titinen azken aukera izango zela bagenekien, aita hil berri zuen, gainera–, horrelakoetan, ni bezala pixka bat ustel samarrak eta bigun samarrak garenak-eta, beharbada, jarri gaitezke sentimenduz alde hartatik, ezta? Baina, tira, zortzi bikote eder jarri dituzte; faboritoren bat aipatzekotan, beharbada, Irribarria-Rezusta, Artola-Albitsu, Elezkano-Zabaleta dira trinkoenak, baina Aimar-Untoria ere oso kontuan hartu beharrekoa da. Beharbada, horiek aipatuko nituzke.

.

Igual entzungo dugu txapelduna telebistaz bertsoa botatzen, hor aipatu duzunetakoren batek irabazten badu…

Bada, bai, bai, bai. Hark lehen ere bota izan ditu, Iñaki Artolak, eta motibo gutxiagorekin, gainera, eta binakako txapel nagusia jantziko balu, nik uste dut ez lukeela eragozpen handirik jarriko.

 Xabier Euzkitze  Xabier Euzkitze  Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze  Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze Xabier Euzkitze
bertsolaritza, Goiena, Xabier Euskitze
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Xabier Euzkitze: “Bertsolaritzak nazionala izan behar badu, ideologia orotarikoa ere beharko du””-ri buruz

  • Josu Lavin

    Xabier Euzkitze, personalqui, behin ikussi dut. 1983 inguruan içan çaten Urepel aldetic ez bada Çuberoan. Ni baino sei urthe edo gazteago, gaztetto bat dembora hartan.
    Harez gueroztic , bethi jaquin ukan dut Ratoncito Pérez euscaraz Euzkitze Sagutxoa erraiten dela.

    • Pertsonalqui ez dut uste, bo, uste ez , badakit ez dela euskara, hori ni neu, nik neuk, neronek, nahi den eran baina euskaraz. Eta besteaz, bai, jakina, ideologia orotarikoa ere baharko du, nola ez bada! Baina horri hauxe gehitu behar zaio: Euskal herritar guziak euskaldunak badira, eta ez ditzagun nahastu ideologiak eta identitate nazionalak, hori ez baita ideologia. Begira dieziogun Catalunyari eta nola berpiztu diren kolonoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude