Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa

Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa –

Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa

Astebete pasatu da, astebete –oso osorik, pasatu ere–, udazkeneko uzta gurean jaso genuenetik; eta hala ere, atzo bertan izan zela sentitzen dut. Oraindik ere bizirik diraute ordukoek nire barruan, etxe-bueltan. Agian, niri bakarrik gertatzen zait; akaso, mundu honetako abiadurak sortutako zulo beltzak denak irentsi ditu. Zulo beltz hori husteko asmotan nabil gaur, hitzez hitz hustu ere.

Hona ekarri nahi ditut beldurra eta urduritasuna. Biak ala biak bizi izan ditut asteotan, nirekin batera abiatu dira bidezidor ezezagunetan –ilunetan?–. Gureak diren esparruetan ez dut halakorik sentitzen, baina, ai, kontroletik kanpo daudenetan… Komunikabideekiko harreman mundu hori, adibidez. Barruko labirinto hori zeharo arrotza eta urruna zen –da–, eta horren aurrean galduta sentitu izan naiz batzuetan. Bestetan, nekatu; bai, nekatu neure burua entzuteaz, behin eta berriz gauza bera errepikatzeaz nekatu –eta aspertu–. Labirinto horretan murgiltzean behar beharrezkoa jotzen dut, halere. Badakit gerokoak ez duela emango ahal duen guztia, baldin eta komunikazio lana behar bezala egiten ez bada –eta, zenbaitetan ezta horrela ere–. Baina hain egin zait nekagarria… Behin baino gehiagotan etorri zaizkit akordura idazleak, musikariak, bertsolariak, aktoreak… euren lana aurkezteko garaia heldu, eta zenbat aldiz ez ote dute galdera bera erantzungo! Ai, eta zeharkaldia amaitzen denean… zalantzak agertzen dira: ondo esan al dudan, zer edo zer garrantzitsua ahaztu ote zaidan, beste modu horretan azaldu izan banu… Dagoeneko, alferrikako galderak dira. Ez dut, dena den, beldurrari eta urduritasunari eskainitako ataltxo hau bukatu nahi eskerrak eman gabe bidezidor ezezagun eta ilun horietan gidari eta lagun lanak egin dizkidatenei.

Elkartasuna ere zulo beltzetik erreskatatu nahi dut. Hain izan da goxoa bidaia guztian zehar… Pertsona asko izan dira lehendabiziko Baserriko Uzta honen bueltan laguntzen eta babesten. Bezperetan, gidari lanak egingo zituzten kartelak egiten eta bideetan jartzen; egunean bertan hiru lagun etxera ekartzen –autoa hondatu zitzaiela eta–, belardian eta autoak aparkatzen laguntzen, gaztak prestatzen, sukaldean, garbitzen, jendeari harrera egiten… Azken finean, ikusezin diren lan asko, ezinbestekoak direnak, eta maiz oharkabean desagertzen direnak. Ziur naiz, neure aurretik ere pasatu egin dela bakarren bat… Barka.

Udazkeneko Uztaren KronikaBiluztasunak jantzi zuen eguna. Izan ere, gu geu biluztu egin ginen etorri ziren pertsonen aurrean, gure etxera gonbidatuta: hauxe gara gu. Lehendabiziko lagunak azaldu baino lehen, beldur lotsati batek hartu ninduen; baina behin une hori igarota, biluztasuna eroso egin zitzaidan, aske nintzen. Gure etxearen gorputz eta arima erakutsi genituen –erakutsi nahi genituen, behintzat–, eta nahiz eta kontraesankorra iruditu, horrek jantzi egin gintuen. Errespetuz jantzi gintuen, gurera etorritako jendearen errespetuaz. Epeltasun atseginez babesten zaitu errespetuak, neguko egunetan sutondoak epeltzen duen antzera, goxoki. Neurri batean, etorri zirenak ere biluztu egin ziren, gure eskuetan jarri ziren, gurekin fidatu egin ziren gu ezagutu ez arren, hona ekarri zituen bidea malkarra eta estua izan arren. Elkarri eman genion genuena, eta hori… hori… hori earra da, geo!

Komunitate-artxipelago txiki bat sortu zen. Jendartean dauden hiru irla –agian, irla gehiago izango ote ziren…– elkartu eta artxipelagoa osatu genuen: baserri txiki biologikoak, herritarrak eta kultura. Irlok elkarren beharra dugu, biziko bagara, iraungo badugu. Elkar elikatzen dugu, ez izan zalantzarik. Nolatan bizi jateko osasuntsurik gabe? Nolatan bizi herririk gabe? Nolatan bizi kulturarik gabe? Irla horietako bat faltan bagenu, izugarri pobretuko ginateke, herren genbiltzake, zulodunak ginateke… Itsasikara batek irentsiko gintuzke. Hori dela eta, hirurok ardura handia dugu, ezinbestean artxipelagoa babestu egin behar dugu, ezin dugu hondoratzen utzi sortu dugun altxorra.

Elkarlanak ere pisu handia izan du. Ezin uztarik jaso bera izan ezean. Pertsona askoren elkarlanak ekarri digu halako uzta oparoa. Hemendik hasita; zuzeutik, hain zuzen. Zuzeu artxipelago hori osatzen funtsezkoa izan da, bere bueltan elkartu baikara hiru irlok: kultura, herritarrak eta etxalde biologiko txikiak. Gure etxeko hausnar honi bidea eman izanak –orain dela urtebete jada– kostaldeko letrak ekarri dizkigu; artikulu hark lotu egin baikintuen –gehiago ere– Anjel Lertxundirekin. Gure hausnar honi bide eman izanak mendialdeko letrak eraman baititu kalera, eta bueltan herritarrak ekarri gurera. Kasu honetan –eta beste edozeinetan baino garbiago– argi dago komunikatzeko bideak ireki dituela zuzeuk.

LUdazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboaantalde-artalde kontzeptu berria azaldu da. Lehen bazkari hartatik lantaldea egituratzen joan da, artalde bihurtzeraino. Ez dakizuenontzat, artaldean bakoitzak du bere funtzioa, bere tokia, bere ardura; eta ezinbestekoa da partaide bakoitzak argi izatea eta errespetatzea berea. Horrela ez balitz, desorekak eta desmartxak gain hartuko lukete, artaldea desagertu arte. Bejondeiola Baserriko Uztako artaldeari!

Umiltasunetik egindako lana izan da gurea. Jakin badakigu ez garela halakoetan ez arituak ezta adituak ere. Gauza askok egiten digute ihes, ez dakigu horietaz ezer. Abiapuntua hori izanik, ez dut lotsarik esateko den-dena ez zela ondo egin, badugula zer hobetu. Espero dut etorritakoek hori ulertu izana… Bada, ordea, akats nabarmen bat, oraindik ere min egiten didana… Emozioen zurrunbiloan ez genion jendeari azaldu zer ari zen jaten eta edaten, eta zein etxetakoak ziren. Hori larria da, oso –guk geuk horixe eskatzen baitiegu besteei eta!–; eta hemendik barkamena eskatu nahi diet baserritar horiei, bihotzez. Baita gure etxera gerturatu zirenei ere; horiek ere baitute eskubidea jakiteko zer ari diren jaten eta edaten. Denek alde egin zutenean konturatu ginen akatsaz; eta arantzak, harrezkero, hortxe daukat… zast eta zast! Anartzen eta Beñaten kronikan azaltzea, banan-banan, aringarria izatearen esperantza dut…

Zulo beltzean poza eta emozioa dira aterako ditudan azkenak. Biak ala biak nahasian, gehienetan. Poza eta emozioa ekimenak izan duen harreragatik. Poza eta emozioa Anari eta Anjel etorri zirelako –bertan izan zinetenok ongitxo dakizue zertaz ari naizen…–. Poza eta emozioa jendea gustura sentitzen genuelako, gozatzen. Poza eta emozioa Iparraldetik ere laborari batzuk etorri zirelako. Poza eta emozioa harreman elektroniko batzuk desagertu, eta hezur-haragizkoak azaldu direlako. Poza eta emozioa amets bat bete genuelako –beste bat–. Emozioak kolore ilunagoa hartu du, ordea, etorri ezin izan zirenekin akordatzen naizenetan… osasun arazoak tarteko, lanagatik, lekurik ez genuelako… Zuentzako guztiontzako mezu bat: ahal edota nahi duzuenean gure etxeko ateak irekita izango dituzue, eta gu prest biluzteko, berriz ere. Etorri zinetenok ere, hemen izango gaituzue…

Eskerrik asko guzti-guztioi, bihotzez.

Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa  Udazkeneko Uztaren Kronika Subjektiboa

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN