Udazkeneko uzta jasoa

Udazkeneko uzta jaso dugu –

Udazkeneko uzta

Aizpurutxuko bidean sigi-sagan barne genbiltzala, karteltxo bati esker jakin genuen noiz atera bide nagusitik. Aldapa majoa igo, kontrako noranzkoan pinuak zekartzan kamioi bat saihestu eta bidegurutzeren batean zalantza egin ostean, iritsi ginen Pikunieta baserrira -eta egon zen harako bidean furgonetaren abiadura-palanka hautsi edo, nabigatzaileak beste puntara bidali zituelako, gasoilik barik heldu zenik ere-. GPS koordenadek baino hobekiago adierazten du baserriaren kokalekua Antzuolako esalmolde batek: “Hori Pikunitan zagonk!”; urruti dagoela adierazteko.

Galdera litzateke: urruti nondik? Zeren eta Pikunieta basotik, menditik eta naturatik oso gertu dago. Ehun lagun inguru bildu ginen Josebe eta Exkerraren etxaldean, ZuZeu, Enbor Akzio KulturalakPaperezko Kontzertuak eta EH Kolektiboak antolatutako ekimenean: Baserriko Uzta. Udazkenekoa, eta lehena, askoz gehiago baitira etortzekoak.

Pikunietako ugazabek beraien ogibidearen inguruko azalpen zehatzak eskaini zizkiguten bertaratu ginen guztioi, eta inongo astronautak osatzea lortu ez duen bidaia proposatu ziguten: esne-bidea. Esneak hasieratik amaieraraino egiten duen prozesua aztertu ziguten Josebe eta Exkerrak, eta bide hori, noski, zelaietatik abiatzen da.

Bertan azaldu zigun artzain bikoteak zer den EH Kolektiboa. Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboa dira, eta muga administratiboen gainetik, Euskal Herriko bio laborariak biltzen ditu; herritarrek ere, elkarteko kide izanik, parte hartzen dute kontsumitzaile eta militante engaiatu gisa. Agroekologiaren oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa bultzatzen dute. Lau hitzetan definituta: laborantza bio-ekologikoa, bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia.

Zelaiak zaintzeak daukan garrantziaz ere mintzatu ziren baserritarrak, hortik elikatzen baita ardia. Belar eskasia dagoenerako belarra non eta nola biltzen duten ikusi genuen; belarrak dauzkan ezaugarrien arabera zereal ezberdinekin nahastuta ematen diete jana ardie, mesede gehien egingo dien neurrian. Ikuiluak erakutsi zizkiguten, eta ikusi genuen garoa baliabide ederra dela azpiak estaltzeko: kapa bat jartzen dute bestearen gainean, zimaurra lortu eta beharrezkoa denean zelaietatik zabaltzeko. Lurra zinez gozatua uzten du, ardien atseginerako.

Gaztandegian azaldu ziguten zergatik Pikunietako gaztek ez daukaten beste gazta batzuen itxura. Josebek eta Exkerrak, duela urte gutxi, lizunaren aldeko apustua egin zuten: zaporeagatik, gazta beste modu batean babesten delako, usaina, propietateak hobekiago mantentzen dira…

Baserriko ugazabek emandako azalpenei ezaxolati, golpera elkarren lagun egindako haurrak hara eta hona zebiltzan pozik, zuhaitz gaineko txabolan, goitibeheran aldapa jaitsiz, lasto fardoetara igoz… familia giroa zen nagusi.

.

Lastotegian goxo

Anarik, azkotiarra izanda, aspaldidanik ezagutzen du Exkerra, baita Josebe ere beranduago. Gustu handiz onartu zuen gonbitea, eta taldekideei honakoa adierazi zien: “ni Pikunietara noa, etorri nahi baduzue primeran, eta bestela bakarrik joango naiz”. Han agertu zen talde osoa (Manolo ezik, atzerrian baitabil). Anari berak aitortu zuen bezala, ez zen bertan jotzen zuen lehen aldia, 2000. urte inguruan han eskaini baitzuten emanaldi bat, “Habiak” diskoa esku artean zeukatela.

Orduan bezala, “Habiak” kantua entzun genuen oraingoan ere, baita berriagoa den “Orfidentalak”, “Zure aurrekari penalak” lanekoa, bi baino ez aipatzearren. Xabier Olazabal “Drake”, Mikel Txopeitia eta Ander Mujika izan zituen lagun, ezohiko entzuleriaren aurrean ordu beteko jarduna osatzeko.

Giroa freskatzen hasita zegoen -500 metro altu ginen!-, eta iruditu zitzaidan bizkarra lasto fardoetara itsatsita eta belarriak Anarirengana hurbilduta epeldu ginela. Plaza kuriosoa zen, zinez: lastotegi bat jendez mukuru, txakurrak taldekideen artean biraka, umeak goian zeuden fardoetatik lastoa botatzen beheran zeuden helduei… Ederra. Testuingurua, askotan, edukia bezain garrantzitsua da; eta Anari udazkenean, xirimiri pitin batekin, kristo etxeko baserri batean, eta ardoa eta gazta eskuetan izanda, bada… Bada bazeukan uneak je ne sais quoi bat edo; edo…

Ezkerra eta Josebe gaztagileak dira, baina Pikunieta baserrian elikagai dituzte musika eta literatura ere, artzainek esan zigutenez. Horregatik, Anarirekin batera Anjel Lertxundi ere gonbidatu zuten lastotegira, oso gustuko dituzten artistak, biak ere. Hala, musika mututu arren, Anariri apur bat luzatu zitzaion jarduna; oraingoan Orioko idazlearen laguntzarekin.

Bata bestearekin kontu kontari, baserriarekin zuten harremana agertu ziguten aurrena, eta zenbait egitasmo hartu zituzten ahotan gero. Anarik, esaterako, elizako zenbait kanta oso ederrak begitantzen zaizkiola eta, haietako batzuk grabatzeko tentaldia izan zuela esanda harritu gintuen -hitzetan baino ez ei zuten okerra-, eta Anduk, bere aldetik, “Horma” izeneko nobela aurkeztear dela iragarri zigun; inkomunikazioari buruzkoa omen. Solasaldia bukatu zenerako gosez amorratzen ziren bertaratutakoak.

.

Auzolanean prestatutako bazkaria

Udazkeneko uzta “dastatu” baino lehen makina bat urduritasun eta eginbehar izan zituzten Pikunietan aste guztian zehar -lasto fardoak hara eta hona erabili zituzten traktorarekin-, bisitaria eroso senti eta ase zedin. Auzolanean prestatutako bazkarian izan genuen horren isla.

Udazkeneko uzta jaso duguJan genituen, nahi beste eta lastotegian bertan, Antzuola bertako Idalatorre baserriko barazkiak eta Lapatza baserriko azenarioak, Pikunieta Goikoa baserriko ogi eta babarrunak, eta Pikunietako gazta, gazta-krema eta sagar-dultzea; baita auskalo nongo ezkur krakerrak edo basajakiak ere. Behiekoko jogurtak, Altzoko Sabekoetxeakoak; Etxeberri Goikoa baserriko behi esnea, Olaberriakoa; eta Bardea olioa, Kasedakoa. Nafarra zen edan genuen ardoa ere, Aibarreko Mendiko; Errezilgoa sagardoa, Irure Txikikoa; eta Idalatorre baserrikoa sagar sukua. Erabili genituen mahai-tresnak ere, pentsa, urki egurrez egindako berrerabilgarriak!

Sukaldari lanak Aiako Goiabe baserrikoek egin zituzten, Xabi eta Lorearen laguntza ezinbestekoaz. Biba zuek!

.

* Mendi Urruzuno izan zen Pikunietako ataria zeharkatu zuenetako bat. Bisita argazkietan jaso eta galeria fin bat osatu du, hemen ikusgai duzuena.

Udazkeneko uzta jaso dugu

Udazkeneko uzta jaso dugu  Udazkeneko uzta jaso dugu  Udazkeneko uzta jaso dugu

ZUZEUko erredakzio kide

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

5 pentsamendu “Udazkeneko uzta jasoa”-ri buruz

  • Josebe Blanco 2017-11-07 20:53

    GPSak baino argiago markatzen zituzten bbidek Mari Karmenek eta Idoiak ostiral atsalden jarritako kartelek! Sistem ez da hain teknologikoa izango, baina eraginkorragoa bai! Mila esker haiei ere!

  • Kronika polita. Lehen sektorea interesatu eta gai hauetan sakondu nahi dugunontzat webgune eta elkarterik gomendatuko zenuke? Eskerrikasko!

    • Josebe Blanco 2017-11-12 19:17

      kaixo!
      Ez dakit galdera niri egiten didazun ala Anartz eta Beñati; halere, erantzutea erabaki dut.
      Azken egunotan buelta asko eman diot zure galderari, eta ez dut erantzunik aurkitu. Izan ere, ez dakit “gai hauetan” esaten duzunean zehatz-mehatz zer esan nahi duzun. Nekazaritza orokorrean? Nekazaritza ekologikoan? Elikadurari lotutako gaiak? Ziur aski, luuuuze hitz egin beharko genuke… Ez naiz ausartzen ezer esatera… Zeren bila zabiltzan ez baitakit. Nik Iparraldera begiratzen dut maiz… ELB sindikatuak, Confederation Paysanne… Ikuspegi oso interesgarria eta hegoaldean ezohikoa.
      Sentitzen dut… Jarraituko dut buelta batzuk ematen…
      Besarkada bat,
      Josebe

      • Eskerrik asko erantzuteagatik. Galdera orokorrean zihoan. Hegoaldekoa naiz, gipuzkoarra zehazki. Etorkizun ez hain urrun batean bigarren mailako jardueratzat (8 orduko lanaz gain) abeltzaintza (haragitarako ganadua eta gaztarako ardiak) hartzea pentsatzen ari naiz kide batzuekin batera. Eta agian, luzera begira, hortaz bizitzea. Arazorik handiena lurra dugu, eta oraingoz ez dugu iparraldeko Lurzaindiaren baliokideren baten berririk. Han hemenka gazteak lehen sektorera erakartzeko proiektuak badirela dakigu, baina ez dakigu nondik heldu gaiari. Eskerrik asko berriz ere erantzuteagatik, ondo izan!

  • Ekimen eta plan ederrak!! Milesker antolatzaileei baserria eta kultura uztartzeagatik eta jarraitu holako ekimenak partekatzen… Aupa!