Il processo eta El proces

Il processo eta El proces –

Duela lau mende inguru, 1614 eta 1633 artean, “Il Processo di Galileo Galileideritzona gertatu zen Italian. Sorburua, zioak eta pertsonaiak zeharo bestelakoak diren arren, badu gaur bizi dugun “el procés” katalanaren antzik. Merezi du lerro batzuetan laburbiltzea.

Il processo eta El procésEguzkia ez zela lurraren inguruan biraka ari, zioen Galileok defendatzen zuen teoria berriak, alderantziz baizik. Heliozentrismoa deritzan teoria honek zioen Lurra zela eguzkiaren inguruan biraka zebilena, gainerako planetak bezala. Izan ere bazen urte mordoa Koperniko poloniarrak teoria proposatu zuela eta istilu handirik gabe pasatu zen hainbat urtez. 1582an Gregorio aita Santuak ezarri zuen egutegi berria zehazteko ere aintzat hartu zutela diote.

Halere, Galileo goi-mailako pertsonaia zen, goi-mailako agintariek babestua, eta beraz, goi-mailako etsairik ere ez zuen falta. Eta horrela, arlo zientifikokoa eta bakan batzuren baitakoa zen eztabaida lasaia, “estatu auzia” bilakatu zen. Eta nondik hasi zen hori? Pulpitutik. Pulpitua zen norbait ituaren erdian jartzeko, gorrotoa zabaltzeko, jendea asaldatzeko, eta “etsai” iritzitakoari ekiteko moduan jartzeko,  botereak erabili ohi zuen “komunikabidea”. Gaur bezalaxe, esango nuke, pulpituak paperezkoak eta uhinezkoak bihurtu diren arren, funtzio berbera burutzen dihardutelako, jainko bakarraren agindupean.

Pulpitutik adierazten zitzaion jendeari eztabaida hartan borrokan zebiltzan bi zilegitasunen arteko aldea. Entzun nahi nuke nola adierazi ere. Teleskopio bidez egindako behaketez ez dakit zer esango zuten, ezer esaten bazuten. Agian txisteren bat egingo zuten, entzulego zakil artaburu hark barre-algaraz hartuko zuena. Baina jakin badakigu, idatzirik gorde delako, heliozentrismoari aurka egiteko Bibliako zein pasarte aipatzen zituzten (oso serio jarrita, imajina dezakegu), besteak beste, Josuék eguzkiari apur batean geldirik egoteko agindu zioneko hura.

Guk hain garbi ikusten ditugun auzia eta bi zilegitasunen arteko aldea, ez zuten ordea guk bezala ikusi garai hartan. Gaur ere, bi zilegitasun ditugu jokoan: Batetik herri borondatea, teoriaz sistemaren oinarria dena, eta bestetik Liburu Sakratuaren hainbat pasarte, jatorri ilunekoak gainera, egunen batean, auskalo noiz, aitortuko digutenez. Ez luke zalantza handirik egon behar bien artean baina gaur, atzo bezala, itzela da pulpituaren indarra eta itsua eta gorra, haren mendekoen gogoa.

.

Lehenengo atala

“Il processo” hark bi atal izan zituen. Lehenean, sermoi-erasoak hasi eta urte terdi bete baino lehen, Inkisizioak heliozentrismoari heretiko iritzi zion, haren aldeko liburu guztiak gaitzetsi zituen eta Galileori espetxe mehatxuz debekatu egin zion teoria horren aldeko adierazpenak egitea. Galileok Aita Santua bera laguna zuen, eta honek bakean utzi zuen ahal izan zuen arte, baina Espainiako kardenalek biguinegi jarduten zuela salatuz, Galileo estu hartzera eta Inkisizioa tartean sartzera behartu zuten. Otsailaren 19an eskatu zioten aditu batzorde bati txostena egitea, eta gaia garai hartarako hain helgaitza eta zaila zen arren, batzordeak 24rako amaitu zuen lana, argi eta garbi egiaztatuz eguzkia zela lurraren inguruan biraka zebilena. Zertarako luzatu, epaia aurrez idatzita dagoenean? Processo ala procés, biak ala bien inguruan egin litekeen galdera bera.

Lehen atal honetako kondena, Bellarmine kardinalak jakin arazi zion Galileori Aita Santuaren izenean, eta bertan honako ñabardura hau egin zion, ez zegoela arazorik heliozentrismoarekin, soilik kalkulu matematikoak egiteko erabiltzen zen artean, baina ezin zela haren errealitate fisikoa aldarrikatu. Indepentziazale izateko baimena eta independentzia gauzatzen saiatzeko debekua gogora ekarri gabe nola etsi?

Galileok nahiago izan zuen askatasuna eta ez zion aurre egin debekuari, ez agerian eta nabarmen behinik behin. Epaiaren letra txikia eta zirrikituak aztertu zituen, bere ideiak eta behaketak zabaltzeari eusteko, Inkisizioari formalki men eginez orobat. Horrela, bi pertsonaien arteko debate moduan idatzitako liburua plazaratu zuen 1632an (Dialogo sopra i due massimi sistemi del mondo), bertan batek Geozentrismoa eta besteak Heliozentrismoa defenditzen zituztelarik. Inkisizioak ordea iritzi zion autoreak ez zuela orekarik gorde bi pertsonaien artean eta bata nabarmen ageri zela bestea baino jatorrago eta jakintsuago, heliozentrismoaren alde egiten zuena hain zuzen ere. Inkisizioa ez da inoiz finezi eta ñabardura zalea izan nonbait.

.

Bigarren atala

Il processo eta El proces“Il Processo”-ren bigarren eta azken atala hurrengo urtean izan zen, 1633an alegia, eta bertan, tortura mehatxu eta guzti Galileo zaharrak atzera egin behar izan zuen bizitza salbatu eta bizi arteko espetxealdia bere etxean eman ahal izateko. Berak hau esan edo hura esan, Lurra Eguzkiaren inguruan biraka jarraituko zuela pentsatuko zuen agidanez. Azken urteetan, fisikako beste hainbat esparruez idatzi zituen liburu mardul interesgarriak, heliozentrismoaren kontuak derrigor bazter utzita. Erromako Elizak 1835ean baliogabetu zuen esplizituki Galileo kondenatu zuen Inkisizioaren epaia. Kondenatzeko behar izan zuena baino apur bat luzexeago joan zitzaion.

Inkisizioaren helburua ez zen noski egia ezagutzea, baizik eta aurrez ezarritako egia berrestea eta batez ere, hori auzitan jarri zuena indarrez eta mehatxuz bere iritzietan atzera egitera behartzea eta bortxapeko atzera-egite hori ozen eta zabal jakin araztea. Galileo, bereak “higuin, gaitzetsi eta madarikatzera” behartu zuten. Gaur Espainiako Justiziak (?) balizko delitu-ekintza batzuez haratago, indarrez eta mehatxuz saiatzen denean, kosta ahala kosta, atxilotuek beren iritzietan atzera egin dezaten, bizkor horren berria gizartean hedatzen delarik, badakigu zein den bere egin duen eredua, askok Inkisizioa aspaldi amaitu zela uste bazuten ere.

Ez dakigu, horrelako dokumenturik ez delako guganaino iritsi, garai hartako pulpitugintzak zenbateraino ustiatu zuen Galileoren indarpeko aitortza, jende artean gaizki esaka zabaltzeko, zeinen duingabea zen atzera egitea, eta umezurtz uztea heliozentrismoa posible zela sinetsi arazitako ikasle guztiak. Agian izan ziren horrelako semoiak baina galdu egin da haien oroimena, edo agian sofistikatu egin da pulpitugintza azken lau mendeotan, gaur egun horrelakoen antzekoak frankotan entzutea egokitzen baitzaigu. Eta tamalez, entzungor egin behar lioketen hainbaten gogoa bahi hartzeraino gainera. Dena den, inori ez diot sekula entzun Galileok traizio egin zionik heliozentrismoari. Galileo gizon handi bat izan zela entzun dut beti, Inkisizioa piztia saldo bat izan zela eta sermoilari eskandalu-zaleak nor ziren ere inor ez da oroitzen.

Katalunia, inor lehenago ibili gabeko eremuan sartu da. Independentzia erdiesteko, herri-borondatea ez-ezik, bi baldintzotako bat bete ohi da gutxienez  beti: Indar militarraren jabe izatea edo potentzien arteko egoera geoestrategikoa aldeko izatea. Kataluniak herri-borondatea baino ez du eta inork ez daki baldintza horietan zenbat kostako zaion helburua erdiestea. Inteligentzia erakutsiaz jardun dute honaino eta aurrerantzean ere horrela irauten lortuko  dutela pentsa daiteke. Ez agian beti denetan asmatuz,- nork egin lezake hori inoiz zapaldu gabeko bidean?-, baina bai ordea okerrak hausnartuz eta zuzenduz.

Gainera, herri modura abiatu dira bide ezezagun horretan barrena. Ez artzain eta artalde modura. Ez gidari eta populu-masa jarraitzaile modura. Horregatik, Inkisizioaren bortxa alferrekoa den bezala lurrak etengabe eguzkiaren inguruan bira egitea eragozteko, Inkisizio berriaren bortxapeko “trofeoek” ez dute eragiten ez beldurrik, ez noraezik ez umezurtz sentipenik, bidea azken muturreraino ibiltzeko erabakia hartu dutenen artean. Beste batzuk hartuko dute “erretakoen” lekua, besterik gabe. Besarkadarik beroenak barruan daudenei eta berea emanda bide luzearen puska bat eginda bazterrean geratzera behartu dituztenei. Gizon-emakume handiak zarete guztiak eta horrelaxe zaituztegu gogoan.

Il processo eta El proces  Il processo eta El proces  Il processo eta El proces  
Il processo eta El proces  Il processo eta El proces

2 pentsamendu “Il processo eta El proces”-ri buruz