Pili Zabalaren etxeaz

Pili Zabalaren etxeaz

Aurreko egunean sortu zen polemika, ETB2k “la otra cara de l@s polític@s” saio bereziaren bidetik. Hautagaiak nor bere bizitzan eta etxean erakustea zen saioaren helburua, eta Pili Zabalaren kasuan horrexek ekarri zuen polemika, hain zuzen, Zarautzen daukan hiru solairuko etxeak milioi bat euro balio omen duela. Eta nola, eta nolatan, eta hamaika ikusteko… Jakina da polemika.

Pili Zabalaren etxeazGero, Zabalak argitu du etxea istripu baten ondorioz jasotako kalte ordainaren diruaz erosi zuela, diru garbia zela hura, alegia. Hortaz, polemika hor bukatutzat eman zitekeneen, nahiz eta ukaezina izan hautagaiak herritar arruntak balira bezala saltzeko doako aukera hori gaizki aprobetxatu zutela Podemosekoek. Zabalak saioan bertan atera izan balu gaia, behintzat… Baina, agian halako etxea oharkabean pasatuko zela pentsatuko zuen, edo ez zen konturatu ere egin, eta okerrago.

Nolanahi ere, hasieratik bertatik polemika gehiegikeria ez, baina gaizki bideratuta zegoela iruditu zitzaidan niri. Izan ere, ez zitzaidan berez gaizki iruditu Zabalak halako etxea edukitzea, etxe horrek milioi bat euro balio izatea baizik. Normala al da Zarautzen lorategi txikiko adosatu batek miloi bat euro balio izatea? Normala da, baina benetan ez da normala, ez luke normala izan beharko. Eta, batez ere, ez genuke normaltzat hartu beharko. Dirutza hori balio du, espekulazioaren eta elitismoaren ondorio baita.

Gogoan daukat Hondarribiko bati entzundakoa: oso ondo iruditzen zitzaion etxebizitzak hain garestiak izatea, “horrela jendilajea ez baita herrira sartuko”, hitzez hitz erdaraz esan zuen arren: Así no entra la gentuza. Jakina, “jendilajea” horrelako prezioak ordaintzerik ez daukagunok gara, edo horrela ulertu nuen nik, tartean egon ala ez, “jendijajearekin” bat eginda.

Baina horrelako elitismorik gabe ere, espekulazioaren eskutik bakarrik arazorik larrienetakoa dugu hemen etxebizitzaren prezioa. Ez da nolanahikoa, dramatikoa da: kasurik onenean ere, hipoteka bizitzak dauka, ez etxeak.

Horregatik, Zabalari egin dakiokeen kritika ez da milioi bateko etxea izatea, espekulazio eta elitismo hori onartzea baizik, oharkabean bada ere, kontzientziarik gabeko kontsumitzaile batek egiten duen bezala, etxe horrek askoz ere gutxiago balio beharko lukeelako, agian inoiz halakorik eraiki beharko ez zutelako etxebizitza arloan gabezia ikaragarria dagoen herri batean. Baina halako etxea halako tokian nahi baduzu, diruaz gain, hori ere onartu behar duzu.

Diruaz eta zintzotasunez ari garela, lehendabizikoa dirua garbi irabaztea da, jakina; baina bigarrena dirua garbi gastatzea da, eta horretan gutxienezko garbitasuna nor bere buruarekin koherentea izatea da.

Egia da nire kritika hau ere gehiegizkoa izan daitekeela, batez ere denok bizi garen eta bizi gaituen gizarte neoliberal, indibidualista eta berekoi honetan. Baina Pili Zabala hautagai politikoa da, ezkerrekoa, gainera, eta horregatik jasan behar du kritika, eta onartu bidezkoa bada, kasu honetan esanak eta praxiak talka egin dutelako, eta hori edozein politika zintzoren oinarria da. Baina kritika merezi du, ez eskarniorik herriko plazan. Izango ahal du txalotzeko moduko beste gauza asko! Ziur nago hala dela.

Lasaiago kritikatu beharko genuke hemen denok, neurriz, baina zorrotzago gogoratu eta jokatu.

Koherentziaz aritu naiz, beraz; baina, lurralde irristakorra da denontzat. Nik ez daukat milioi bat euro Zabalaren larruan jartzeko, baina badakit ez naizela erabat koherentea neure buruarekin, eta zuek ere horrelakoak zarete, ez esan gezurrik. Pasa den udan, adibidez, bitan pasatu naiz Burger King batetik iloba txikiari amore emateagatik edo. Ez, ez da sarkasmoa, inkoherentzia potoloagoak dauzkadalako, eta milioi bat euro patrikan, auskalo. Burger King eta milioi bateko etxea muturrak dira koherentziaren lurraldean, behetik eta goitik jota, baina non dago lerro gorria? Zeharkatu al duzue inoiz? Aukerarik ez oraindik?

Hausnarketa egin beharko genuke denok krikitarekin batera.

Pili Zabalaren etxeaz

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

7 pentsamendu “Pili Zabalaren etxeaz”-ri buruz

  • Koherentea ez dana, gaurko komunistak eta betiko burgesak ezin bereiztea da

  • Aberatsok ezin al dugu ezkerreko ideología eduki?

  • Zabala andereak ez zuen asmatu bere lehenengo gutun aurkezpenarekin. Aizu ezkertiarrak 60 metroko etxebizitza baten bizi behar al dugu. Bigarren eskuko auto bat eraman behar dugu eta periferian bizi behar dugu. Hipokresia asko dago gizarte honetan.

  • “Bizi zaitez pentsatzen duzun moduan, bestela bizi zaren moduan pentsatuko duzu”

  • Zabala ez da ezkertiarra bere hitzetan, ezkertiarra ta dirua izatea ez dago kontrajarria (depende zuk gero ze iritzi dezun justizia sozialaz, pagatzen dituzun soldatak, fiskalitateaz…).

    Halare dirua barra barra duten %99,9a ez du lortu ezkerreko ideolgia izanda ta ez dira ezkertiarrak, bestela ezkerraren alde lerratuko ziran ta den denak eskubiaren alde lerratzen dira.

    Baina Zabalak hauxe dio: Nik goiko ta beherakoen artean diferentzia egiten dut ta behean daudenak dira nireak.

    Behean daudenak diruduna izanik?Hori bai ezinezko, ezin zara txiro ta aberats izan batera.

    Zabalak ez daki zer esaten duen , bere diskurtsoa penagarria da.

  • Zapalduen alde egiten duten aktibistek zapalduak ez dauden kolektiboko kideak direla ikustea bitxia da. Aktibista horiek normalean gabeziarik gabeko familietan dute beraien jatorria eta soldata oneko enplegu finkoak omen dauzkate, batez ere funtzionarioak edo diru-laguntzez hornitutako elkarteetako langileak dira. Beraz, esan dezakegu gizarte-maila pribilegiatuetako kideak direla, zergatik ba zapalduen aldeko apustua egiten dute? Ba zapalduak haiek baino gutxiagoak direlako ikusten dutelako, aurrerakoien ikuspegia klasismo hutsa da.

    Hori ikusteko soilik wikipedian alderdi aurrerakoien politikarien biografia bilatu behar da.

    Eta bestalde EHan politika aurrerakoiek izandako ezarketa herri ahula (konplexuz beterikoa, ezkorra…) garenaren seinale da, alderatu dezagun Europako beste nazionalismoekin eta ikusi dezagun nola han politika aurrerakoien ezarketa ahula den, esate baterako Fandrian eta Padanian (Italiako iparraldea). Eskualde horiek Belgikako eta Italiako motorrak dira, haiek baldintzatzen dute herrialde haien politika, indartsuak dira, konplexurik gabekoak. Hango alderdi nazionalista “erradikalak” Lega Nord eta Vlaams Belang dira.