Sublimazioa & kondentsazioa (militantziaz)

Sublimazioa

“Hustu zure burua. Izan amorfoa, ura bezala. Ura edalontzi batean sartuz gero, edalontzi bihurtzen da; botila batean jarrita, botila. Ura zirrikituetatik joan daiteke, edota zanpatu. Izan ura bezalakoa, adiskide”.

Bruce Leek bere garaian esandakoa ezaguna bihurtu zen mundu guztian; gure belaunaldikoentzat, hein handi batean, gama altuko kotxe marka baten kanpainari esker, ziurrenik. Arte martzialetako aditua ez zen honelako ezertan pentsatzen arituko hitz horiek esandakoan, nik uste, baina ikuspuntu soziologiko batetik kasik Nostradamusen pare jarri daiteke.

sublimazioaZeren eta, zenbait urtetatik hona, behin eta berriro entzun diegu soziologo, politikari, filosofo, eta bereziki, nire kasuan behintzat, hainbat diziplinetako irakasleei: gure jendartea likidotzen ari da, ez Bruce Leek babesten zuen pentsamoldearen bidetik, baina likidotzen, finean. Postmodernitatea bezala definitzen dute batzuek, norbanakoaren aroa, zentzu peioratiboan; indibidualismo gordinarena. Sare sozialen bitartez (bakarrik) egitea protesta, gehiengoak errealitatean eta mundu birtualean borrokarik egiten ez duela kontutan hartuta; irudia, oihanaren legea onartu eta ahulenak sakrifikatzea, itxura, “hiperinformazioa” dela eta desinformatuta egotea, estetika… Lan kontratu likidoak, harreman likidoak, boto likidoa, droga likidoak eta drogak likidoan, kosmopolita likidoak… Militantzia likidoa.

Pertsona mota ezberdinak egon gara beti, eta egongo gara, hori ez dago aldatzerik eta kito; ez dadila aldatu, gainera, aspergarri samarra izango litzateke bestela. Munduan elementu ezberdinak dauden bezala daude pertsonak, eta kasu askotan segur aski, elementu ezberdinak nahasten dituztenak. Pertsona solidoak: engaiatuak, ez direnak txaketaz aldatzen, kontsekuenteak, leialak, maite duten jendea hil arte maite dutenak, gorrotatzen dituztenen gisan, “eskola zaharrekoak”. Likidoak: moldagarriak, orain batean eta gero bestean, gaur bai eta bihar ez, etzi ez eta etzidamu bai, ez dakitenak zehazki zer nahi duten edo agian bai, malguak; Anarik “Ihia” kantan abesten duen bezala, “eskerrak ahulak garen”, kolpeak edota aldaketak jasotakoan malgua, likidoa, moldatu egiten delako, egoera berrira egokitu, eta gogorra, solidoa, puskatu (hau ia irakurketa propioa da, e, ez dakit Anarik hori helarazi nahi duen edo ez).

Gutxiago hitz egiten da gaseosoez, eta kuriosoa da, zeren eta eurak dira gehiengoa; gehiengo isila. Mundu zikin honetan gertatzen dena gertatzen dela zirkinik egiten ez duena. Beren herrikide batek bizitzak eskaintzen dizkigun bidegabekeria sorta zabaletik baten ondorioz sufritu arren, beste alde batera begiratzen dutenak, eta gauean lasai lo egin. Grebetan desagertu eta borrokak emandako fruituak jasotzerakoan han dagoena. Gramscik “indiferenteak” bezala bataiatu zituen, eta “Historiaren pisu hila” moduan definitu. Ez dira ikusten, ez dira sentitzen, baina hor daude, guztia inguratuz, pasiboki, baina pasiboki sekulako eragina sortzen.

Euskal Herrian militantzia eredu ezberdinen inguruan hitz egiten da zenbait mugimendu kultural, politiko eta sozialetan, eta ziur naiz, beti bezala, gure herriak asmatuko duela aurrera egiten. Guztiok dakigu dinamika baten bueltan solidoak eta likidoak bildutakoan zer gertatzen den: solidoa ito egiten da likidoen engaiamendu faltagatik, eta likidoei kontrako eztarrira joaten zaie solidoen erritmoa eta presioa.

kondentsazioaBaina asmatu beharko dugu, batzuetan irakin eta besteetan izoztu, baina asmatu beharko dugu. Bestela sublimazioa gerta daiteke. Hau da, ezintasunak, inpotentziak, depresioak, bakardadeak, estrategia faltak, inertziak, nekeak, osti txarrak edota guztiak batera bultzatuta, solidotik gasera pasatzea zuzenean. Hori gertatu aurretik, nahiago dut solidoek, likidoek, solido likidotuek eta solidifikatutako likidoek kondentsaziorako kondizioak sortzen baditugu. Izan ura, adiskide; senti daitekeen ura, freskatuko gaituena, bizia emango diguna.

Sublimazioa
boto likidoa, gizarte likidoa, harreman likidoak, jendarte likidoa, kondentsazioa, militantzia, militantzia ereduak, postmodernitatea, Sublimazioa
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude