Otsoa. Izenaren miseria

Otsoa. Izenaren miseria

Aste honetan flipatu egin dut Arantxa Elizegik Berrian idatzitako albistearekin. Ia, bukatu da, kaput, safi, c´est fini.

Euskal Herriko azken otso taldea hil zuten pasa den larunbatean, Karrantza inguruko mendietan, gure mendebaldean. Bizkaiko Aldundiak baimendu zuen ehiza, eta gainera kuporik jarri gabe, Euskadiko Otso Taldeko Andresa Ilanak jakinarazitakoaren arabera. Ulertzen ez dudana da nola ehizatu daitekeen, kupo edo ez kupo, lau kide besterik ez dauzkan espezie bat. Zeuzkan.

OtsoaSabeleko mina jartzen zait. Mistizismorik, hippysmorik eta ostiarik gabe. Ez dut idatziko hurrengo lerroetan ez dugula gehiago ikusiko otsoa arroka batzuen gainean ilargi betea atzean duela uluka, eta ez dakit zer. Dena behar dugu, dena irensten dugu, dena da balizko.

Honen atzean gatazka bat egon da. Abeltzaintzaren bueltan lan egiten duen jendea batetik, eta otsoaren presentzia babesten zutenak bestetik. Zuria: “otsoa mantendu eta zabaldu egin behar da, abeltzain eta ehiztari horiek astapotro batzuk dira eta egin dutena basakeria bat da.” Beltza: “Bilbotik atera ere egiten ez diren sasi ekologista horiek otso bat izango balute etxe bueltan, pare bat aldiz pentsatuko lituzkete gauzak.” Ba niretzat ez da ez zuria eta ez beltza, gris gamaren barruan kokatuko nuke.

Abeltzaintzan segurtasunez aritzeko eskubide osoa dute langileek, eta horrek talka egiten du otsoaren presentziarekin. Ados. Euskal Herrian mendi eta baso eremu zabalak daude, ez zegoen beste aukerarik? Edo Euskal Herritik kanpo bazen ere, okerrenean, ezin ziren erreserba natural batean sartu? Ba ez, hil egin behar izan dituzte Euskal Herrian geneuzkan azkeneko lau otsoak.

Quilmes herria Argentina iparraldean bizi zen komunitatea zen, baina guztiak hil zituzten eta orain garagardo baten izena da; Nafar Erresuma gure estatua zen, eta orain estadio baten izena; otso talde bat genuen, eta orain Otso Talde bakarra kolektibo ekologista bat da.

Izenaren miseria. Kaka zaharra.

Otsoa. Izenen miseria. Euskal Herriko azken otso taldea hil dute.

5 pentsamendu “Otsoa. Izenaren miseria”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2016-01-27 10:27

    Noizko “otsoekin bizikidetzen” ekoitzitako artzain-produktuen labela? Batzuek pozik erosiko genituzke horrelakoak.

    • Zuhaitz Ordoki 2016-01-27 17:48

      “Abeltzaintzan segurtasunez aritzeko eskubide osoa dute langileek, eta horrek talka egiten du otsoaren presentziarekin. Ados. Euskal Herrian mendi eta baso eremu zabalak daude, ez zegoen beste aukerarik? Edo Euskal Herritik kanpo bazen ere, okerrenean, ezin ziren erreserba natural batean sartu?”

  • Zuhaitz Ordoki 2016-01-27 17:49

    Ez dakit pentsatu duzun artzainak zirela erreserba naturalean nahi nituenak.

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren uxaldia kontrolik gabekoa izan da. Aldundiaren arabera, otso taldearen ehiza neurriduna zen albeltzainen eta otsoen arteko oreka babestuko. Taldearen kide guztiak sarraskitzea zentzuduna da? Frogatuta dago Karrantzan animalien heriotzak otsoen errua zela? Estatistikari begira eraso askoren atzean ez daude otsoak baizik eta txakur basatiak. Edozein modutan ere, izan otsoak izan txakurrak , albetzainek beraien animaliak ondo babestu behar dituzte. Eta, nahiz eta arduradunak izan, animaliaren bat hiltzen bada eraso batengatik , Aldundiak abeltzain kaltetuari ordain diezaioke baldin eta frogatzen bada otsoaren erasoa izan dela. Ezin ahaztu dugu Aldundiak Europatik funtsak jasotzen dituela erreserba naturalak babestuko.

    Jakin badakit Karrantzako lanbide nagusia abeltzainarena dela eta arlo horretan lan egiten dutenak gorriak ikusten ari direla baina, otsoa ez da arazoa. Otsoa betidanik bizi da gure mendietan eta, bere habitatean harrapakinik aurkitzen ez zuenean, etxeko animaliak ehiza egiteari ekiten zion. Noizbehinka, uxaldiren bat egiten zen kopurua mantentzeko. Beste kontu bat da espezie sarraskitzea gure interes ekonomikoen aurka daudelako. Badaude beste animaliak batzuk kaltegarriak direla gizakiarentzat. Interesatsen ez direnak suntsituko ditugu edo haiekin elkarrekin biziko gara? Ingurumena zaintzen ez badugu ze jaraunspen utziko diegu gure seme-alabei. Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumena zaintzeko jasotako funtsak erabil behar ditu eta ez makurtu sektore zehatz baten aurrean!

  • Penagarria da EiTB taledko irratiak egun hauetan etengabe otsoen sarraskiaren alde egiten ari diren kanpaina lotsagabea, otsoaz ari direnean “predatzaile” gisa izendatuz (zer dira bada arranoak, miruak, azeriak, igarabak eta beste hamaika animalia? Zer da gizakia bera predatzailerik handiena eta suntsitzaileena ez bada?).
    Tristea izan da oso, EHBildu EAJren eskutik ikustea gai honetan.
    Otsoa ez da , inondik ere, abeltzainen areriorik handiena. Abeltzainen eta oro har baserritarren etsairik handienak, EAJ-k, PP-k eta enparauek azken hamarkadetan sustatu dituen politikak dira, transnazionalen interesen menpe erabat.