Ondarroako AskeGuneko zubiaz

Ondarroako AskeGuneko zubiaz –

Plaiko zubixe deitu diote betidanik ondarrutarrek, baina izan du beste izenik ere. Azken egunetan, aldiz, herrikoak ez direnek AskeGuneko zubi gisa ezagutuko dute. Atxilotzeko agindupean den Alkortak babes hartu du, non eta 1927an Alfonso XII. erregearen omenez eraikitako zubian. 

Lau gau egin dituzte Ondarroan dozenaka lagunek Urtza Alkorta zaintzen, Alameda plazan. Igande gauez hiru bider deitu zuten sirenek herri harresira. Edo, zubi harresira, azken egunetan sare sozialen bidez ezagun egiten ari den izenera. Zubia bihurtu baita AskeGune honen sinbolo.

Ondarroa ia ezagutzen ez duenari zubi bat burura etortzen bazaio ziur ez dela hau, beste bat baizik. Santiago Calatrava arkitekto polemikoak 1994an zubi ikusgarria sortu zuen herrian, Itsas Aurre zubia. Arkitekturan entrenatu gabeko begiarentzat horixe da miretsi beharreko zubia. Ez da alferrik formetan dotorea, eta auto zein oinezkoentzako erabilgarria. Halako distiraz jantzia da Calatravarena itzalean utzi duela zubi zahar historikoa -1958an berriz egina-, eta baita AskeGunearen magal bihurtu dena. Azken honek historia interesgarria du, bai izan duen funtzioan baita erabilitako eraikuntza teknikan ere.

Ondarroako AskeGuneko zubiaz
Plaiko Zubixe, Ondarroa

Argazkia: Indalecio Ojanguren

Ia salbuespenik gabe gertatzen den moduan, are gehiago, herriak maite ez duen norbaiti eskaini diotenean, lekuen izenak hainbat izaten dira, noren ahotan entzun. Ofizialki Alfontso XIII.aren zaldain birakaria da Arrigorriko hondartzara daraman zubia, eta horregatik beragatik herritarrentzako, Plaiko zubixe.

Bizkaiko Aldundiaren aginduz Deustuako enpresa batek eraiki zuen 1927an, hain zuzen ere, “bizitza modernoan hondartzak duen garrantziagatik”. Altzairuz, harriz eta porlanez sortu zuten, garaian egin ohi zen bezala, baina bereizgarritasun handia ere bazuen: zubiaren zaldainak biratzeko gaitasuna zuen, ontziei bidea libre utziz. Gaur ez du funtzio hori betetzen, hainbat aldaketa egin baitira geroztik, 2008an Ondare Kultural eta monumentu izendatu zuten arte. 

Garai batean zubiaren ertzean zegoen etxolaren arrastorik ere ez da gelditzen, 1970eko hamarkadan kendu baitzuten. Fisikoki ez dago, baina bai oroimenean. Ez zaio alferrik deitzen, Plaiko zubixez gain, Txakur-txiki zubia. Gaur autopistetan ziztu bizian joateko ordainsariaren modukoa lehen ibaia pasatzeko egiten zen. Bost zentimo ordaindu behar zitzaizkion egurrezko etxolako zaindariari, txakur-txiki bat, hain zuzen ere. Makina bat istorio egongo dira gizon (edo emakume?) zaindari haren inguruan. Arrantzaleen haurrek ez zituzten berehalakoan ordainduko bost zentimo zaindariari izkin egiten saiatu gabe.

Egunotan AskeGunea dago Ondarruko Alameda plazan, zubi harresia. Garai zaharrak atzean uzteko enegarren ahalegina. Elkartasuna, zoriona eta tristura eltze berean. Ez da agian momentu txarra plaiko zubixe txundigarriaren historiari atal bat eransteko. Denboraleari hamarkadatan egin bezala ehunka lagunen pisuari eutsi zionekoa. AskeGuneko zubia ere bai.

Ondarroako AskeGuneko zubiaz

Ondarroako AskeGuneko zubiaz
askegunea, ondarroa, zubia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Ondarroako AskeGuneko zubiaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude