Maialen Lujanbio: “Botere garbizaleari zapatak zikintzen zaizkio gaztetxetan”

Maialen Lujanbio

Kortxoenea ahotan hartuta, gaztetxeei eta kultur edukiontzi handiei buruz askok pentsatzen duguna inork gutxik esan dezakeen moduan adierazi du Maialen lujanbiok Euskadi Irratian gaur.

Maialen Lujanbio: "Botere garbizaleari zapatak zikintzen zaizkio gaztetxetan"

«Gure herri hau herri inteligentea balitz Gaztetxe mugimendua Europari azaltzeko desiratzen behar luke: interesgarriagatik, autogestionatuagatik; orain esango litzatekeen bezala, hiritarra eta parte hartzailea delako. Kultur zirkuitu bezala, auzogintzako eragile bezala, bestelakoentzako eremu liberatu bezala…

Baina hemen botere garbizaleari zapatak zikintzen zaizkio gaztetxetan, eta Gaztelekuak proposatzen dituzte, tutelatuak eta pasteurizatuak. Posible ote da ba pareta zuridun eremu librerik?

Paretak modu antolatuan zikintzea proposatuko duen 2016 kultur hiriburutza aste honetan aurkeztu dute, eta talka ebidentea denez, ebidenteegia, euliak azukretara bezala joan gara denok ideia horretara. Kortxoenea vs. 2016, Kortxoenea vs. Tabakalera, Kukutza vs. Alhondiga. Eta bai, bi mundu eredu planteatzen dira hor, eta badago aldea balizko parte hartzearen eta parte izatearen kulturen artean. Talka bi norabideetakoa da, adibidez, Kukutzako jende mugimenduak batzuei sorrarazten zien atzerako bera sorrarazten die beste batzuei Azkuna Zentroan Azkunaren egoaren eskalako Azkunaren aurpegiaren eskultura ikusteak, bi eredu dira.

Baina era berean, gaztetxeetan ibili izan garen gehienok bi lekutakoak gara, alderantziz ez hainbeste baina. Gaztetxeko asanbladako kidea udaletxeko kultur zinegotzi bihurtzen denean, zer gertatzen da?, Lorea Agirrek artikulu gogoangarrian planteatu zuen bezala. Zertan dira orduan kultura eta kontrakultura?

Eredu desberdinak elkarren kontrako bezala aurkeztea ulertzekoa da, baina demagogiarako bide ere ematen du batzuetan, batez ere kultur proiektu ofizial eta puztuak legegintzaldiaren arabera ontzen edo gaiztotzen diren herri honetan. 2016 da paradigmatikoa, sekula sinestu ez duguna apenas inork baina sinesgarriago edo ez hain sinesgarri izan dena, batzuentzat eta besteentzat, lau urtez behin eta txandaka, boterearen labelaren arabera. Bildurekin dena zena traba orain dena da erraztasun eta diruztatze. Edo justu atzo-herenegun geraraztera doazela esan berri duten Kalostra, artisten eskola; EAJk eta PSOEk ixteak ireki bihurtu duena automatikoki, erreakzio mezuen arabera. Kalostra interesgarri izan daiteke, beharrezkoa ere bai nahi bada, baina irekia…

Gaztetxeak aipatze hutsak ere engaiatu bihurtzen du automatikoki iritzi emailea, sortzailea, kultur fabrika erraldoia edo irrati telebista publikoa bera. Eta… eraisten dituztenean gaztetxeez aritzea bada zerbait, kontua da gero urtean zehar hartzen al diren aintzat neurri berean, euretako askok duten programazioaren tamainan.

Hartzen al diren bestelakoak aintzat…

Berea ez duena, kontrakoa dena inkluso, onartzeko eta baloratzeko adina jakinduriarik ez duen edozein botere modu motza da eta gizarte motz bat elikatzen ari da. Alde edo kontra jartzeko labela nork jarriko dion zain dagoena berdintsu. Botere eta boteretxoengandik norbere irizpideak ere behar du autonomoa eta autogestionatua».

Maialen Lujanbio > Maialen Lujanbio

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.