PSE-EEren heriotzaren korridorea

Idatzita zegoen kronika bat zen askorentzat Ajuria Enean Lopezek egindako bidearena. Hil usainarekin jaio zen eta hil usain handiagoa dario orain, legealdia amaitzear dela. Inkestek ere horixe diote euskobarometroz euskobarometro: heriotzaren korridorea izan dela PSErentzat Jaurlaritza. Merezi du ‘Cambio tranquilo’ deitu ziotenari errepasoa egiteak.

Gobernuan dagoen alderdiko pisuzko militanteek ere etengabe zalantzan jartzen duten paktu batek sostengatu ei zuen Jaurlaritza lau urtez. Altzairuzko paktua izateko jaio zen PP eta PSEren artekoa eta halaxe izan da orain arte. Legegintzaldi osorakoa. Izan ere egun jada “ez dago ezberdintasunik ezkerraren eta eskuinaren artean” Basagoitiren iritzitan. EAJk irabazi zituen hauteskunde haiek, Ibarretxe buru, inoizko bozka gehien jasota. Hori bai, Ezker Abertzalea legez kanpo zela, ezin dezakegu ahantzi salbuespeneko testuingurua.

Hasiera sinesgaitz hartatik “antinatura” terminoa erabili zen bi alderdi konstituzionalisten arteko akordioa definitzeko. Estatuko beste edozein lurraldetan pentsaezina zena Euskal Herrian posible zelako-edo.

Eta horrela, lehendakari konstituzionalista zuen lehen gobernua martxan jarri zen polemikaz polemika aurrera eginez. Ezin ahaztu Euskal Presoen senideekiko errepresioz beteriko uda hura, lehen urte hartan. Elkartasuna delitu bihurtu zutenekoa, argazkiak publikoki erakustea debekatuz. Jokamolde hori konstante bat izan da ordutik, beste oztopo bat sakabanaketari gehitu behar zitzaiona. Dena dira harriak bidean biktima batzurentzat.

EiTBren porrota

El Diario Vascoko politika zuzendari zen Alberto Surio izendatu zuten EiTB “berriko” zuzendari, profesionala zela argudiatuta. Halaxe zioten, ez zela alderdiko gizon bat, EAJk egin ohi zuen legez. Suriok aldaketa sinbolikoak zein egiturazkoak egin zituen hedabide publikoan; besteak beste, Juan Carlos Viloria izendatuz EiTBko politika arduradun karguan. Ildo editorial berriak zentsura kasuak ekarri zituen, eta honenbestez langileen haserre bizia. A.Osinaldek Zuzeun bertan ohartzen gintuen “EiTBn gertatzen ari zen kakazaharraz”, noski Viloria jauna tarteko. Odile Kruzetak, Euskadi Irratiko zuzendari ohiak ere hitz egin zigun plaza honetan bertan EiTB entretenimendutik urruntzeak eta kontrol politikoak erangindako krisiaz. Telebista publikoa inoizko egoera txarrenera eraman dute ezbairik gabe. Audientziei (% shareari) begiratu bat ematea besterik ez duzu hontaz ohartzeko.


Pribatizazioaren mamua ere bolo-bolo ibili da hor zehar. PPk ondo ikusten duen aukera, Suriok ezeztatu duena: “Inolaz ez da begiesten EiTBren pribatizazioa”. Ez dirudi halako balentrietarako jada indarrik zein denborarik dutenik.

2011eko maiatza: Bilduren olatua

Urte luzeetan ilegalizatuta egon ostean, inoiz jasotako boto kopuru handiena jaso zuen 2011eko udal hauteskundeetan Bilduk. Bezperetan jakin zen legezkoa izango zela aukera eta, hain zuzen, hautu hori egin zuten 300.000 euskotarrek. Gipuzkoako Diputazioan eta ia herrialdeko udal guztietan irabazi zuten, Donostian barne.

Izandako babesak are gehiago deslegitimatu zuen Gasteizko parlamentu kamutsa. Izan ere, zein herrialdetan ikusi da bigarren indarra legez kanpo egotea? 300.000 pertsonen hautuak ez izatea parlamentuan ordezkapenik?

2011eko urria: ETAren behin betiko su etena

Patxi Lopez lehendakaria AEBtan zela, Aieteko Bake Konferentziaren ostean, ETAk armen erabilera behin betiko errefusatu zuen ohiko agiri baten bitartez. Erakundearen aldebakarreko erabaki historikoak garai berri baten ateak zabaldu zituen, Espainiar Estatua, zein, Frantziar Estatua mugitzeko tenorean utziaz (Oraindik hala jarraitzen dute). Eta Patxi Lopez, lehen out bazegoen, hare outago utzi zuen (hala jarraitzen du).

Lehendakariaren bizkarretara ematen ari zen bake prozesua, EAJak, Egigurenek eta Lokarrik berak eskatutako lehendakariaren lidergotzarik ez zen inon ageri. Ezertarako. Lagundu baino, bazirudien boikoteatu egin behar zutela bide hori. PPrekin sinatutako paktuak bere prezioa bazuen, antza.

2011eko azaroa: Amaiurren olatua

ETAren su etenaren ostean Amaiur koalizioak Udal eta Foru hauteskundeetako emaitzak hobetu zituen eta Espainiako Kongresura sartu zen 7 diputaturekin. Tartean Onintza Enbeitak ordezkatu berri duen Iñaki Antiguedad. 333.628 bozka lortu zituzten Hego Euskal Herrian, EAJk baino 10.000 eta PSE/PSNk baino 7000 gehiago. Baina ez, Gasteizko legebiltzarrean ez zen haien arrastorik, eta Lopez jaunak ez zuen hauteskundeak aurreratzeko inolako intentziorik. Nola? Hauteskundeak aurreratu? Euskobarometroak inoizko gizarte babes eskasena aitortzen digunean? Nipensar.

Azken inkestak

Garak herenegun publikatu zuen sondeoaren arabera PSEk zoru elektorala ezagutuko du EAEko legebiltzarrerako hauteskundeetan. Lehen indarra Amaiur izango ei da 24 jarlekurekin eta bigarrena EAJ 22rekin. Datu hauen arabera sozialista españolek erdira murriztuko zuten ordezkaritza, 25etik 12 jarlekura jaitsiz eta PP hirugarren indarra litzateke 15 jarlekurekin. Ezker Anitzari, berriz, sondeoak 1-2 jarleku aitortzen dizkio. Zuek eman nahi adina sinesgarritasun datuoi.

Gauza bat argi dago, kronikari ezin diogula amaierarik eman Lopezen legealdiak amaiera noiz izango duen jakin ez baitakigu. Heriotzaren korridorean segitzen dute temati. Dakigunez Rajoyren neurriei men egingo diela aurreratu du Lakuak. Lopez lehendakariaren azken irristada izan daiteke, EAEk duen autonomia (hainbeste aldiz goraipatu duen Gernikako Estatututik eratorria) ez erabiltzea Madrildik datozen neurriak gure herrian ez aplikatzeko. Pastelaren ginda izango da aurreratu bezala egiten badute.

Eta gero? Sopas en caldero.


Amaiur, bildu, eitb, ETA, heriotzaren korridorea, inkesta, legegintzaldia, Patxi López, PSE, sondeoa, su-etena, Surio
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

5 pentsamendu “PSE-EEren heriotzaren korridorea”-ri buruz

  • Geituiozu Gil kasua…. eta koktel explosibo bat da.
    Ez dakit zertan dabiltzan,
    zer bilatzen duten
    zer?
    Haien buruaz beste egin dute jada.
    Akabo.

  • Bai Euskadin bai Nafarroan PSOE lehenesten ari da Espainiaren batasuna, hau da; Estatuaren arrazoia, alderdiaren interesen gainetik. Txalotzekoa izango zen besteon zanpaketa iraunarazteko izango ez balitz. Haien jarrera ulertzeko asmoz ikuspegi elektoralistatik azterketa egiteak ulertezintasunera eraman ahal gaitu.
    .
    Beste aldetik, espaiñolistek gauzatzen duten zapalketa nazionala ezkutatzeko borroka ideologiko gogorra gauzatu dute azken hamarkadetan eta lengoaiaren erabilera beste atal bat izan da. Besteak beste, “konstituzionalista” hitza izan zen haiek bultzatu zutena “espaiñolista” hitza eztabaida politikotik baztertzeko; horren logikaren arabera soilik zeuden nazionalista batzuk: euskal “abertzaleak”, haiek ez omen dira nazionalistak ez inperialistak; ez dute ezer inposatzen, soilik dira “konstituzionalista” aseptikoak, “munduko biztanleak”, “demokratatk”. Ez zait egokia iruditzen haien terminologia erabiltzea azterketa serioetan.

    • Ados nago zurekin, Larrea.Halere ñabardura bat nire aldetik. Uste dut, Euskadi eta Nafarroa ezin direla bereizi; izen biak herri bera politikoki izendatzeko sortuak direlako. Beste gauza bat da, inperialismoak sorturiko banaketak ekarri digun nahasmena. Nafarroa eta Euskadi, euskal herriaren formulazio politikoak dira eta ez Espainiako bi eremu administratibo.

      • Ez nago ba zurekin ados. Agian hasieran Euskal Herri osoa izendatzeko asmatuko zuen Sabino Aranak Euskadi hitza (zergatik, hitz bat baldin bazegoen?), baina bere alderdia izan da EAE izendatzeko erabili duena Euskadi. Beraz, gaur egun ez du inondik inora Euskal Herria esan nahi. Hitz horrek zuen balio guztia galdua du.

        • Aupa Ibai; nik esan nahi nuena hauxe da : horrela bereizita, Euskadi hitzak bere balio guztia galtzen duela (zuk idatzi bezala) baina era berean, Nafarroa hitzak ere bai, bere zentzu nazionala galtzen duelako.
          “izen biak, herri bera politikoki izendatzeko sortuak direla” idatzi nuen eta ez dut uste “Euskal Herri osoa izendatzeko asmatuko zuen Sabino Aranak Euskadi hitza” nik esandakotik urruti dabilenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude