D3M-Askatasuna epaiketaren aurkako ekimenak egiten ari dira Gasteizen

D3M eta Askatasuna hauteskunde plataformetan parte hartzeagatik Auzitegi Nazionalera jo beharko dute hamahiru euskal herritarrek. Horietatik lau gasteiztarrak direnez,  epaiketaren aurkako jarrera erakusteko bost eguneko kanpaldiari ekin diote hiriburuko Katedral Berriaren parean. Maiatzaren 3an hasiko da Madrilen epaiketa eta 9 eta 7 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskaltzak auzipetuen aurka, ETAko kide izatea edo kolaboratzea egotzita. Baltasar Garzon epaileak auziperatu zituen 2009an hamahiru gizon-emakumeak behin bi plataformei EAEko hauteskundeetara aurkeztea galarazi ostean. D3Mk 100.000 boto eskuratu zituen; balizko 7 eserleku.

Amparo Lasheras, Unai Berrostegieta, Aitor Liguerzana eta Fernando Antia dira epaia jasan beharko duten Gasteizko bizilagunak. Lasheras-ek, auziperatuen babeserako plataformako bi kiderekin batera, Eusko Legebiltzarrean baraualdia hasi nahi izan du, zehazki, Aralarren bulegoan. Baina, Arantza Quirogak hala eskatuta, Ertzainek kanporatu egin dituzte hiru lagunak. Iñaki Iriondo kazetariak grabatu du ekintzaileen kanporaketa:

Bitartean, eraikinaren kanpoaldean, kanpaldian parte hartzen ari diren dozenaka pertsonek protesta egin dute Eskubide guztiak proiektu guztientzat lelopean. Eleak mugimenduak Euskal Herriko hainbat bazterretan bultzatu ditu egunotan gisa honetako kontzentrazioak, Sestaon kasu. Ostiralean, Gasteizko Udalean mozioa aurkeztuko dute, Sestaon egin bezala, udal taldeek auzipetuen egoera salatzeko eta “epaiketa politikoak bertan behera” uzteko eskatzeko.

Ostiralera arte Gasteizko kanpaldian, asanblada irekiak, Hautsitako lehioa dokumentalaren erakustaldia, bizikleta martxa eta tailerrak antolatu dituzte. Ostiralean 19:00etan Katedral Berritik hasiko den manifestaziorako gonbita luzatu du D3M eta Askatasunako auzipetuen babeserako plataformak.

Auzipetuetako batek, Unai Berrostegietak, azaldu egin du auziaren jatorria eta kanpaldiaren helburua:

Xuban Nafarrete babestuz eserialdia

Martxoaren 29ko greba orokorrean ustez ertzainek larriki zauritu zuten gasteiztarrari babesa emateko eserialdia egin dute Gasteizko legebiltzarraren ondoan dozenaka gaztek. Era berean, azken aldiko “polizia bortizkeria” salatu dute parlamentutik metro gutxira. Eraikin barruan, ostera, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Xuban Nafarreteri gertatutakoaren bere bertsioa eskaintzen zuen. Rodolfo Aresen eta poliziaren aurkako ohiuek bakarrik apurtu dute gazteek burututako eserialdi baketsu eta isila. Legebiltzarrean Rodolfo Aresek poliziaren bertsioari eutsi dio, alegia, Xuban Nafarretek ihesean erorita hartu zuela kolpea. Gazteak, ostera, salaketa jarri du epaitegietan buruan pilotakada bat eman ziotela azalduz.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra