Korrika… egin klik eta alda txipa?

Korrika… egin klik eta alda txipa? –

Korrika… egin klik eta alda txipa?Klik batean izango dugu Korrika gure artean! Euskaldunok kaleetan harro agertzeko egunak… baina baita erdaltzaleak euskaldun agertzeko eta urte guztiko inertzia español-frantseszaleak astintzeko egunak ere. Euskara platonikoki maite dutela diotenek ere, giharrak luzatu eta izerdia botatzeko aukera sikiera. Diskurtso euskaltzalearen eta praktika erdaltzalearen arteko sakanak eragiten digun egonezina askatzeko talde-ariketa erraldoia. Españolez/frantsesez bada ere, euskara “gurtzeko” eta euskaltzaletasun lurperatua lau haizetara aldarrikatzeko eguna.

Ehunka korrikalari elkartuko gara herrian berriro, goizaldeko desordutan familia osoaren atsedena hankaz gora jarriz, euskararen eta korrikaren alde oihuka, dagoeneko ez garenaren irudi erraldoia osatzeko beste behin ere. “Ya viene la Korrika… qué ganas tengo… L@s txikis están deseando,… ya la estamos trabajando en el cole… Habrá que hacer gaupasa… se me pone el olloipurdi… Ya viene, ya viene, ké emozión“… Horiek eta antzeko hamaika “euskal esamolde jator” entzuteko parada izango dugu laster, gure herrian eta ia eskualde osoan, euskara eta korrika bi egitate gero eta paraleloago direlako erakusle.

Bertan elkartuko dira, gara, bertoko euskal hiztun temati bakanak eta euskaraz egun on esateko gauza ere ez direnak. Ezker abertzaleko euskaltzale eta erdaltzale porrokatuak, EAJko “une jakinetako” hiztunak eta UPNko botoemale kontzientzia txarrekoak. Paso-de-todo “enrrollatuak”, ospakizunera pozak zoratzen doazen haurrak eta Korrika saiakera gisa erabiliko duten kirolzaleak. Unerik beroenetako batean, udaletxe parean, hautetsi euskaltzale apurrak zinegotzi erdaltzale postalzaleen ondoan… Eta igaroko da Korrika, eta klik batean ahaztuko zaie parte hartzaile gehienei zertarako zen ere, inoiz jakin badute, eta jarraituko dute españolez/frantsesez bizitzen karabana urrundu bezain laster, hitz eta putz, klik eta krak españolez eta frantsesez.

Izaera aldarrikatzailea berreskuratu behar luke Korrikak. Mezu gozo lausoetatik, eskakizun eta aldarrikapen zehatzetara igaro. Baina oso nagusiki norbanakoei zuzenduta dago aurtengo mezua ere. Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak (nork?) hartu beharra, lerro t’erdira mugatzen da, herritar xumeengan jarriz erabilera azkartzeko lanak eta zamak berriz ere, baldintzak gero eta zailagoak izanagatik. Jakingo ez bagenu bezala erabileran ez direla emango urrats esanguratsuak talde eragile abertzale nagusietako ARDURAdunek, TXIPA aldatu eta HITZA betetzea erabakitzen duten arte. Eta Euskalgintzak –oro har- eraikin instituzionaletako pasilloak utzi eta kalera, gizartera, jende artera itzultzea erabakitzen duen arte. Klika nork (eta nondik) egiten duen, emaitza ez baita berdina izaten.

Korrika… egin klik eta alda txipa?

Oinezkoa

3 pentsamendu “Korrika… egin klik eta alda txipa?”-ri buruz

  • Euskalgintza, subentzioak galtzeko mehatxupean, Eusko Jaurlaritzaren esanetara makurtu da zeharo. Arian-arian, erakunde guztiak bildu dira EAJren itzalera neurri handiagoan edo txikiagoan, hizkuntz politika antzu, motz eta epe luzera hilgarri bati babesa emanez.
    Hartsuagak dio ezin duela sinetsi hizkuntza politikaren arduradunak borondate onez ari direnik. Bada, neuk ere ez.
    https://www.berria.eus/paperekoa/2007/046/001/2017-07-02/ezin_dut_sinetsi_hizkuntza_politikaren_arduradunak_borondate_onez_ari_direnik.htm

  • Niri gertatzen zait, ordea, ezin dezakedala sinetsi Anton eta Hartsuagatarren EAJren kontrako kritika borondate onez eta euskararen hobe beharrez egiten direnik.

  • Besteen borondatea interpretatzea eremu labankorra da, nolanahi sartu beharko ez ginatekeena. Nik 2017an esan nuen hori, eta garai hartan zalantza hura guztiz zilegia zela esango nuke, Arrue proiektuaren 2004ko lehen datuek alarma gorria piztu zutenetik, artean Hizkuntza Politika sailekoek errezeta zahar antzuarekin jarraitzen zutelako, 14 urte luze igaro ondoren. 14 urte. Gaur, Euskaraldiaren ondoren ez nuke berriro horrelakorik esango. Ekintzei begira ematen ditut iritziak eta horregatik zeharo zilegia zen 2017an susmo txar hori izatea, orain iritzia aldatzea bezain zilegi. Sinesten ez baduzu ere, borondate onez eta euskararen hobe beharrez egiten ditut kritikak, eta EAJ ez dut kritikatu, bere Hizkuntza Politika autista eta bere ETBrekiko zabarkeriak baizik, eta berdin jarraituko dut behar den guztietan. Baina zaude ziur Ramon Labaien zena bezalako jeltzale euskaltzaleen aurkako kritika hitzik nekez entzungo dituzula nire ahotik.