Gazte-apustu-etxeak

Gazte-apustu-etxeak –

Garazi Castaño Fariñasek Topatu hedabidean.

Tira ba, azken hilabeteko gaia da (dira) eta ni ere piszinara botako naiz. ‘Lokaleroak’ izan ginen edo gara nire belaunaldikoak. Bi kuadrila batu eta hilero gurasoek emandako pagaren zati handiena lokaleko alkilerra eta argindarra ordaintzera bideratzen zen. Mikrouhin labe bat, ‘play’-a, telebista eta musika ekipo kaxkartxo bat ziren ezinbesteko elementuak.

Gazte-apustu-etxeakZorionez (orain diot hau), kuadrila txikiegia zen nirea eta zenbakiek ez ziguten ematen. Baina lagunen lokaletara (edo haien gurasoen garajetara, kotxe artera) joaten ginen tarteka arratsalde pasa.

Gaur egun ez ditut gazteagoen hainbeste lokal ezagutzen nire inguruan. Nire adineko eta gorako kuadrila batzuk jarraitzen dute lokaletan (erabilera txikiagoarekin kasu askotan); beste batzuk nerabezaroarekin batera utzi zituzten atzean. Onar dezagun, orain tabernetan gaude. Orain posible dugula.

Duela egun batzuk lagun batekin (18 urte ditu) izan nintzen. Unibertsitateko lehen ikasturtean dago eta azterketetan murgilduta dabil. Azterketa izan zuen egun hartan; eta klasean egin ohi genuen moduan, azterketa pasa izana psikologiako kafetegian zurito eta kroketa batekin ospatu ote zuten galdetu nion, erdi txantxetan. “Ez ba, lagunei idatzi diet eta erruletara jolastera zihoazela esan didate”. Azaldu zidan arratsalde askotan joaten zirela eta “kriston bizioa” zutela. (Ohiko iruditegiarekin eta estatistikekin pixka bat haustearren: neska talde bat da).

Google Mapsen bilaketa azkar eta txapuzero bat egin dut. Eta Donostialdean 19 apustu etxe zenbatu ditut. Ziur dezente faltan direla. Hala eta guztiz ere, zenbaki beldurgarria da. Ba al ditugu Donostian 19 zinema areto? 19 antzoki? 19 kontzertu sala? 19 gaztetxe?

Guk ez genuen lokalik izan. Eta ez gara apustu etxeetara sartzen edota ez dugu makinetan jokatzen. Lokala izatea misión imposible zela onartu eta handik gutxira sortu zen gazte asanblada. Zinema proiekzioak eta gazte egunak antolatzen hasi ginen. Aurrekoan Maider Galardik Berrian egindako erreportajetxoan gazte baten hitzak bildu zituen: “Euro bat jokatu eta bueltan 80 zentimo jasotzen badituzu, 20 zentimogatik hamar minutuz aisia izan dezakezu”. Gaztetxeak eta gazte asanbladak ez dira soilik geure aisialdia bestelako eredu baten pean kudeatzeko espazio; baina ukaezina da gure denbora eta harremanak merkantilistak eta produktibistak ez diren beste balioetan oinarrituta eraikitzen saiatzen, ikasten dugula bertan. Bitartean, apustu etxeak gaztez beteta daude; poltsikoak zertxobait betetzeko ilusioz, anbizioz edo esperantzaz, beste batzuenak gainezka egin arte betetzen.

19 apustu etxe eta 6 gune autogestionatu. Kijera desalojatzear. Horra zer den gure Donostia!

Gazte-apustu-etxeak Gazte-apustu-etxeak Gazte-apustu-etxeak
apustu etxeak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude