Josemaria Setien. Zirio eta ziriak

Josemaria Setien. Zirio eta ziriak –

Espainia mailan ardi-beltz gisara hartua izandako Donostiako artzain ohia Zerura jada ailegatu dela –bere etsaiek Infernura jadanik bota badute ere–, ezinezkoa egiten zait, lerro traketsekin bada ere, zenbait hitz zuzentzea On Josemaria Setienen ibilbideari, zeinak bere gain hartu zituen 1979ko tira-bira sozialen gurutzea, ETAk sortutako heriotzena, ETAren kontrako gerra zikinarena eta 2002an hainbeste kritikatu zuen Alderdien Legearena, estatuko hedabideek bere irudia etengabe ETAren sugeak tentatutako bekatari gisa hedatzen zutela. Ez dira gutxi bere sinismena ere kolokan ere jarri dutenak, azkenekoa nor eta Gipuzkoako PP txikiko buru Borja Senperrek, Setienek Jainkoan sinisten ez zuela ere txiokatu zuena (@bsemper, 10/XII). Antza denez fedearen dotrina Gipuzkoan zaintzen duena PP da, kasualki Espainia mailan antzeko jarduna egiten ohi duela.

Josemaria Setien. Zirio eta ziriak

Ez da beharrezkoa hemen tinta gastatzea estatuen eta erlijioen arteko harremanei buruz idazten, argiegia baita estatuek kulturak, hizkuntzak eta ohiturak bereganatzen dituztela euren batasuna eta iraunkortasuna sostengatzeko. Baliza horietariko bat, noski, erlijioa izan daiteke, edo berorren ukapena ere –gogoratu Azañak Espainia katoliko izateari utzi ziola 31n esan zuela–, eta honela ez dira gutxi Espainiar Estatuak erlijio katolikoa bere egin dituen uneak. Ikusi bestela Bilboko erdian dagoen Kristoren eskultura, 1919an Alfontso XIII.ak Espainia Bihotz Sakratura kontsakratu zuen garaikoa.

Modu batean zein bestean, populazio espainiarrak aspaldi irentsi duela aberriaren batasuna eta erlijio katolikoa bat bera omen direla, nahiz eta Katixima unibertsalean aferari buruz ezer ez aipatu. Ez da beraz arraroa Setienen moduko apezpikuak estatu mailan beldurgarri suertatzea, tesi atzerakoienetatik ateraz ETAren bortizkeria eta Estatuarena berdintsu zirela ulertarazi zuelako, edo euskal gatazka ulertu beharreko afera gisa tratatu zuelako. Bere kontra, lotsarik gabe, dogma eskuindar kontserbadoreenak pulpitutik dogmatizatu dituztenak daude, sozialismoaren eta periferiako nazionalismoekiko nazka hedatuz, Espainiako Apezpiku-Konferentziak (EAK) 1977tik emandako gomendioetatik at halaber, kristauei alderdi espresuki marxistei eta kapitalistei botoa ez emateko eskatzen zietenak (or.6), sozialismoa eta abertzaletasuna aipatu gabe. Urte haietan Francoren ministro izandako Fraga Iribarne zebilen PP sortzen, botoa eskatuz Espainia zatitu ez zedin marxismoak eta separatismoak jota, ekonomia liberala txalotzen zuela. Antza denez, Espainian EAKen gomendioak edo Vatikanoarenak segitu zituzten gotzainak okerrago zeuden ikusita Fraga segitu zutenak baino, eta baliteke hori izatea, eta ez beste ezer, Setieni egindako kritiken gakoa.

Ez da gutxiagorako jakitea 2002an Iturgaitz popularrak euskal gotzainak Arzalluz segitzea eta ez Jainkoa aurpegiratu ziela, Setienekin batera Bilboko Monsinore Blazquez eta Gasteizko Asurmendik gutun pastorala idatzi baitzuten Euskal Herrian bakea ezartzearen alde, Alderdien Legearekin oso kritiko. Irain irrigarria guztiz, batez ere Blazquezi begira, valladolidtarra sortzez, Avilako gotzain aurretik eta gaur egun EAKeko presidente, Arzalluz segitzen zuela leporatzea, eta are gehiago jakinda hiruetatik batek ere ez zuela inoiz bere burua EAJko izan. Kuriosoa halaber urte hartan bertan Monsinore Cañizares Sortzez Garbiaren Festa ospatzen ari zela Toledon, Gudarostearen Arma Infanteriaren meza ospatuz eta Espainiako batasunari loak botaz. Iturgaitzek, noski, ez zuen deus esan, Cañizaresek Aznar segitzen baitzuen, eta horrekin Jainkoa ere bai, antza.

ETAren amaiera jada heldu bada, eta bakegintza abian dela, Setienen figurara bueltatzea proposatzen dut, biktima ororekin izan zuen begikotasunari –ez bakarrik alde batekoei–, eta halaber, estatuaren laikotasunaren printzipioetara, Eliza eta Estatuak naturalki daukaten autonomiara hain zuzen, fidelen esku uzten dituena arazo komunek izan ditzaketen konponbide ugariak, eta inolaz ere nahastuz existitzen ez diren dogmekin edo estatuen doktrina jakinekin, gure elizari aurpegiratu zaion bezala, ia beti kritikatzen zutenen interesetan bakarrik oinarrituak.

Argazkia La Vanguardia
Josemaria Setien. Zirio eta ziriak Josemaria Setien. Zirio eta ziriak

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"