Bakoitzaren ardura?

Bakoitzaren ardura? –

Mundua berotzen ari dela-eta, zabaldu zaigun mezua da gutariko bakoitzaren ardura dela ingurumena zaintzea, gutxiago kontsumitzea, argindarraren erabilera murriztea, ez hainbeste ur isurtzea, hondakinak mugatzea…

Bakoitzaren ardura?Garrantzirik kendu gabe gure eguneroko bizian eta ohituretan egin behar ditugun aldaketei, bista zabalduz gero, ohartzen gara norbanakoen ur kontsumo guztia ez dela heltzen munduan erabiltzen den uraren %10era.

Ur gehien-gehiena laborantzak eta industriak xahutzen dute. Gauza bera gertatzen da hondakinekin ere: etxeko hondakinak %10 baizik ez dira. Ekologista batzuek kritikatu dute azkenaldian zabaltzen den mezua (Al Gore-ren dokumentalaren haritik), hala nola, ekologia norbanakoen esku dela. Mezu hori da arreta desbideratzea, jende xeheak ez dezan ikus industriak eta azpiegitura handiek dutela eragin kaltegarriena, mundu honetan.

Norbaitek erabaki dezake ahal bezain plastiko gutxi erabiltzea erosketak egiterakoan; egiazki, ordea, hautu hori egiten duenari trabak baizik ez zaizkio ezarriko. Ordainlekuetan ez dutela gehiago plastikozko zakurik ematen? Itxurakeria da. Erosten dugun produktu bakoitzak zenbat gain-estalki dauzka? Eta etxera eramaten ez dugun plastiko guztia, baina supermerkatuan erabiltzen dutena gure begien aitzinean?

Autoari uko egitea eta garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea erabaki liteke. Baina zer egin, erakunde publikoek garraio publikoa murrizten badute, autobusez edo trenez ibiltzea abentura bat baldin bada, edo maiz ez badago horretarako modurik ere?

Hirigintza politikak autoarentzat pentsatuak badira, bizikletentzako bideak urriak eta txarrak diren bitartean, nork dauka erantzukizuna?

Gisa berean, hizkuntza politikaren ardura daukaten agintariek erraten dutenean euskararen geroa bereziki erabiltzaileen esku dagoela eta herritarren atxikimendua behar duela, filosofia beraren menpe gaude.

Bistan da euskarak bizirik irauteko, euskaldunek erabili behar dutela.

Haatik, kultura politikek ez dutenean euskarazko sorkuntza behar bezainbat babesten, euskarazko komunikabideak ez direnean aski laguntzen, bizitza publikoko hizkuntza espainola edo frantsesa direnean, ez da laguntzen euskarari prestigioa ematen.

Bistan da euskarak bizirik irauteko,
euskaldunek erabili behar dutela.
Haatik, kultura politikek ez dutenean
euskarazko sorkuntza behar bezainbat babesten,
euskarazko komunikabideak ez direnean aski laguntzen,
bizitza publikoko hizkuntza espainola edo frantsesa direnean,
ez da laguntzen euskarari prestigioa ematen.

Eskuragarriago eta “erakargarriago” bihurtzen da erdara. Euskararen kaltetan. Baina erantzukizuna norbanakoarena omen da, erdal mundu batean bizitzera kondenatzen duten norbanako horrena.

Autopistaz inguratutako eskualdeetan, garraio publikoa murritzegia den lekuetan, erakargarriago eta erosoago da autoa erabiltzea. Plazer gehiago eman lezake autobusean ibiltzeak… zerbitzua kalitatekoa balitz. Kontrara, automobilgintzaren iragarkiek “gidatzeko plazera” saltzen dute. Autobusean ibiltzeak ez dauka prestigiorik, eta kasik nehork ez du erabili nahi.

Erdarak eskubide eta zabal bide guztiak dauzkan herrian, EAEko administrazioan euskaraz mintzatzeagatik oraino ere erantzun txar bat ukan dezakegun herrian, Nafarroako funtzionario bihurtzeko, euskalduna izatea zigortzen den herrian, Ipar Euskal Herrian euskarak oraino presentzia publiko hutsala duen herrian, nola animatuko da jendea euskaraz bizitzera?

Ekologiak bezala, euskarak ere politika behar du.

Boterea dutenen erabakiak. Botere ekonomikoa edo politikoa dutenek norbanakoen bizkar botatzea munduaren edota euskararen osasuna, herriari trufa egitea da, herritarrak bidegabeki hobendun sentiaraztea, eta ez hartzea beren gain, daukaten zinezko erantzukizuna eta ardura. Eta, bereziki, jarrera horrekin lortzen dutena da arazoa ez konpontzea.

.

Eneko Bidegain

Bakoitzaren ardura?
ekologia, euskara

5 pentsamendu “Bakoitzaren ardura?”-ri buruz

  • Egia berdaderoa. Diskurtso politiko zuzenari ipurdiko ozena.

  • euskaldun bat 2018-07-27 21:31

    Bakoitzaren ardura eta buruzagien ardura, biena. Baina, nolako gizartea, halako buruzagiak. Edo bestela esanda, nolako buruzagiak, halako gizartea. Buruzagiak, gizarteko lagin bat besterik ez dira. Ezin da espero, kontzientziarik ez duen gizarte batek, kontzientziadun politikoak izatea. Begiratu bestela judutarrei: gizarteak eta buruzagiek, denek batera sortu dute Israel, eta hori ez da egiten soilik buruzagi konprometitu batzuk izanda soilik. Gizartean, iruzur egitea gaizki ikusita ez badago (dena beltzean), zer nolako buruzagiak espero dituzu gizarte horretan? Dena maila berean doa.

  • euskaldun bat 2018-07-27 21:43

    Nafarroan adibidez, euskararekin buruzagiek ezin dituzte hartu EAEkoek hartu ahalko lituzketen neurriak. Baina zer nahi duzu ba gizarte horrek kontzientzia zeharo galdu badu?! Nafarroan funtzionari guztiei euskara eskatzen hasiz gero (beharko litzatekeen moduan) aldaketaren gobernuak bi egun iraungo lituzke, hau da, bozka eman zieten askok ukatuko lieke babesa.

  • Euren interes propioak dituzte Estatu eta kapitalaren baitan antolaturiko botereek. Interes horien artean nagusiena: boterea mantendu eta berau handitzea. Herriaren alde egin eta berau goratzea ez da inoiz izan Estatuaren erantzukizuna kontrakoa ustearazi badigute ere. Herritarrak otzan mantendu behar dira euren ustiaketa fiskala egingarria izan dadin, Estatua den enpresaren aktibo seguruak izaten jarrai dezaten, alegia, kexarik gabe arraunean jarrai dezagun, eta horrexegatik hartu behar dira kontutan herritarren aldarrikapenak eta maisuki bideratu. Ingeniaritza sozialaren erabiltzen dute horretarako, arazo prefabrikatuak ezartzen dizkigute komunikabideen bitartez zinezko aldarrikapenetaz ahaztu gaitezen. Euskaldunok gutxiengo desantolatu bat garen heinean ez dugu nahikoa eraginik izango gizarte, politika eta ekonomian. Eta, eraginik ez dugun artean, gure aldarrikapenak ez dira kontuan hartuko. Euskaldunoi bizkar egiten diguten administrazio eta botere antolatuek arrazoia dute, finean: norbanako euskaldunon kontua da euskararen biziraupena. Euskaldunok gure artean komunitate nazional antolatu, monolitiko eta eraginkor bat sortzea beste biderik ez dugu, batetik galdutako esparruak berreskuratu eta berreuskalduntzeko bizimodu komunitarioaren baitan, eta, bestetik, administrazio kolonial estatalen aurrean lobi gisa jokatu eta horien baitan gogor eragiteko. Judu sionistek badute AIPAC izeneko lobia AEBtan, noizko euskal lobi eraginkor bat gurean?

  • ganbaratxotik 2018-07-29 21:06

    Ardura nolakoa exigentzia-maila halakoa. Erantzunkizuna, hau da, erantzuteko ardura.
    Adibide xumea: Umeetan obesitatea arazo bihurtzen ari zaigu. Nolakoa da erantzunkizunen banaketa kasu honetan? Izan ere, beste gizarte-erronketan bezela honetan ere ez dago arduradun bakarra, banaketa jakin bat dago. eta erantzunak eskatzeko garaian, horren arabera egitea esaten du zentzunak.
    Hona nere eskalatxoa 1etik 20 era:

    Gurasoak 6
    Elikagaien industriak 6
    Administrazioak 5
    Ikastetxeak 2
    Umeak 1

    Ez diegu umeari eta gurasoei berdin exigituko ezta? Ba berdintsu bestelako erronkekin. Euskeraren normalkuntzaren ardura politiko-administratiboa gizartearekin urtzea, amarraua baino ez da 40 urtetako ezinak edo porrotak ezkutatzeko. Irtenbidea? Zergatik ez ardurak gehiago partekatu? boterea banatu eta txandatuko bagenu?.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude