Jarri kapitalista bat zure bizitzan

Jarri kapitalista bat zure bizitzan –

Langileok diru publikoz lagundutako enpresa transnazionalak behar ditugu zabaldu den birus baten aurrean txertatuak izateko. Gero, ikusi behar enpresak hartutako konpromisoak betetzen dituen ala ez… Bitartean milioi euroren fluxuak konpainia erraldoi kapitalisten osasuna hobetzen du. Etengabeko botere-dosiak jasotzen dituzte, bat bestearen atzetik, langileok txerto-sortak txaloka hartzen ditugun bitartean.

Jarri kapitalista bat zure bizitzan

Benetan deigarria da nola munduko estatu boteretsuenak ez diren gai osasun-larrialdia sortu duen birus baten kontra txerto bat sortzeko. Ekimen pribatuen esku egon da guztion osasuna. Ekimen pribatuen eskuetara guztion dirua bideratzen den moduan.

Benetan deigarria ere, zein arreta gutxi jarri zaion kontu honi bere burua ezkertiartzat definitzen duten sektoreetatik. Halako osasun-industria potente bat ez da sortzen egun batetik bestera, bai, baina etorkizunera begira ere ez omen da ikusten… Eusko Jaurlaritzaren “Euskadiko Berreskurapen eta Erresilientzia Programan”, behintzat, ez dago halako zerbaiten zantzu erresilienterik… ezta Nafarroako Gobernuaren “Nafarroa suspertu” estrategian bide honetan suspertuko duen zantzurik ere… Are gehiago, Ebroren hegoaldean garatutako “España puede” plan horretan, ematen du Estatu espainiarrak ere ezin duela halako zerbait planteatu. Ezta Estatu frantsesak ere.

Hurrengo kutsatze masiboan bioteknologiako transnazionalei begira jarraituko dugu. Gure salbamena izango dira.

Beno… eta Estatu egituretatik bertatik, oztopo erraldoien kontra bere txerto propioak garatzen eta jada aplikatzen ari den Kubari buruz, hobeto ez hitz egitea… Kuban oso gaizki daudela eta hona ez gara etorri sozialismoaren apologia egitera… Baztertu hori.

Posible diren munduetako mundurik onen honetan, kapitalaren txertoek langileon osasuna babesten duten bitartean, kapitalisten laguntza eskatzen jarraitzen dugu. Ez daitezela joan, ez ditzatela mugi beren enpresak Euskal Herritik. Behar ditugu. Haiek gabe langabezia eta pobrezia zabalduko dira, Covid-ak egin duen bezala. Langabezi olatu berriak heltzen dira eta ezin dugu haien euskarririk gabe bizi. “Ez alde hemendik! Utzi lanean” da leloa. Ezin dugu gure plusbalia eman gabe bizi. Eta adoretsuki ez joateko insistitu ostean gure kapitalista maiteak urruntzea erabakitzen badu, beste kapitalista bat maitemindu beharko dugu, halabeharrezko gorteatze ariketa batean. Sedukzio dantza honetan musika instituzioen esku doa, orkestra guztion diruen kontura, txertoekin bezala. Beste behin ere. Behin eta berriro.

Enpresak publifikatzeari buruz edo langileok behar ditugun arloetan enpresa publikoak sortzeaz hobeto ez hitz egitea. Nahiko deseroso geratzen da, ezkerretik ere… Utz ditzagun halakoak kubatarrentzat, edo Ipar korearrentzat…

Bitartean, instituzioek, Estatu egitura bezala, bete ditzatela beren papera orkestra zuzendari gisa: kapitalisten etekinak bermatu enpresaren erritmora dantzatzen duten langile diziplinatuak ziurtatuz. Musika hau ez gelditzeko, instituzioetan dauden kapitalisten ordezkariei botoa ematen dieten langile obedienteak, hain zuzen ere.

Kondenatuta omen gaude. Haiek gabe ez omen gara deus. Kapitalistekiko lan-ezkontzarik gabe ezin dugu bizi. Ezkontza gidatzen duen apaiza instituzionalaren gupidarik gabe, ezta ere. Haiei esker daukagu lana, elikadura eta osasuna, eta haiek ere eskaintzen digute behar dugun entretenimendua, aisialdirako behar ditugun telebista-programak, futbola, arropa-beherapenak, kontsumoa…

Erresilientzia ez ote da krisi baten ostean kapitalista estuago besarkatzea?

Jarri kapitalista bat zure bizitzan Jarri kapitalista bat zure bizitzan

Internazionalista. EHUko irakaslea