Gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko

Gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko – 

GOBERNUEK EZ DUTE DEUS EGITEKO ASMORIK ETB3 NAFARROA GUZTIRA ZABALTZEKO

Ez Nafarroako ez Espainiako gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztian ikusi ahal izateko. Hitz atseginez, baina azken finean horixe jakinarazi digu Nafarroako Gobernuak, ekainaren 18ko idazki baten bidez. Badira zenbait konponbide tekniko posible, baina Espainiako Gobernuak, PSOEren eskuetan baitago, Nafarroakoa bezala, ezetz esan zien guztiei, 2020ko azaroan, orduan izan baitzuten horri buruzko bilera azken aldiz bi gobernuek. Berriki, Remírez kontseilariak “zailtasun teknikoak” zeudela esan zuen Parlamentuan, baina hori ez da zailtasun teknikoa, hori alderdi politiko baten borondate falta da. Espainiako Gobernuaren ezetzaren aurrean, Nafarroako Gobernuak amen esan, eta bere horretan utzi nahi du kontua. Horrela jakinarazi digu ekainaren 18an Nafarroako Gobernuak ETB3ren aldeko Plataformakooi. Espainiako Gobernuak ez zuen borondaterik ezta mendialderako tokiko LTD lizentzia baimentzeko ere.

Baina gauzak aldatu egin dira 2020ko azarotik hona: 2021eko martxoan, Espainiako Kongresuak, PSOEren aldeko botoarekin, besteak beste eskaera hau egin zion Espainiako Gobernuari:

“Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe, eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz” (Hizkuntza-aniztasuna: Askatasuna, Berdintasuna eta Demokrazia, 7. atala).

Beraz, Espainiako eta Nafarroako gobernuek berriz bilera egin behar dute eta Kongresuak eskatutakoa bete Nafarroan: ETB3 Nafarroa guztian ikustea ahalbidetu behar dute. Horretarako 3 modu daude:

  1. Nafarroako mendialderako tokiko LTD lizentzia bat sortzea. Horrek arazoa konponduko luke Baztanen, Larraun aldean, Sakanan, eta abar; ez, ordea, Pirinioan.
  2. Nafarroari 2. multiplex autonomiko bat ematea. Horrela, Nafarroa guztian ikusiko litzateke eragozpenik gabe.
  3. Oraingo multiplex autonomikoaren bidez baimentzea 5. kanal bat emititzea (ETB3). Horrela ere Nafarroa guztian ikusi ahal izanen litzateke.

Horiek dira konponbide teknikoak. Orain, Espainiako eta Nafarroako gobernuek horietako bat gauzatu egin behar dute.

Bukatzeko, aipatu behar da gaur egun ETB1ek Nafarroarako deskonexio batzuk eginen dituela, haur nafarrak gogoan, eta zenbait orduz ETB3ren programazioa emanen duela. Hori ETBri eskertzeko modukoa da, baina ez da Nafarroako Gobernuaren meritua, eta, bestalde, beste arazo batzuk ere sortzen ditu: berriki, kexak izan dira, deskonexio horiengatik ezin delako Frantziako Tourra euskaraz ikusi Nafarroan, ETB1en bidez.

 

ETB3-REN ALDEKO PLATAFORMA

Gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko

Administrazioan Euskaraz Taldea

3 pentsamendu “Gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko”-ri buruz

  • Esaten dituzunak irakurita, sentitu dudana esango dizut: Nafarroak lotsa ematen dit. Nerflixen aroan gauden honetan ETB1 ikusteko ere arazoak dituzue… sinestezina. Gipuzkoan bizi naiz eta AragonTv, extremadura, galizia, kataluña, andaluzia eta maria santisima kanal guztiak ikusten ditut, zuk diozun multiplex eta pareko teknologia handirik gabe.

  • ETB1 ez, ETB3. Baina bai…
    Nolanahi ere, Netflixen aroan, euskara ez dago ez Netflixen, ez Filminen, ez Disney+-n…

  • Honetan ere ez? Zenbat muturreko gehiago hartu behar dugu gobernu kolonizadore honekin hausteko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude