In English, please

In English, please –

In English, pleaseGozoen kontu hau zertara datorren galdetuko didazue, urdailean zulo bat egin dizuedalako kexuka; bada dirudienez, Donostiako Turismo saileko arduradunak Fiturren izan dira aste honetan; bertan, hiria bisitatzen dutenek erosketa gehiago egiteko plana aurkeztu dute, eta horrela banatu dituzte erosle potentzialak erakartzeko puntuak: erosketen turismoa, city-break-a, gastronomikoa, kiroletakoa, kulturala eta premium turismoa.

Guzti hau, Made in Donostia izeneko gida batean bildu dute, bisitariari Turismo sailaren arabera Donostiako marka eta saltoki esanguratsuenak diren horiek ezagutzera emanez. Gidak 68 denda biltzen ditu, eta ustez, Donostian historia eta tradizioa irudikatzen duten dendekin osaturik dago.

Eta zein da 68 denda horiek, hau da, Donostia osoko merkataritza ordezkatzeko aukeratutako produktu izarra? Bada Javier Aramendiak aurkeztutako inglesitoak. Kutxa urdin dotore batean sartuta, Parisen erositako macaron kaxak bezain dotore aurkeztu dituzte pasteltxo hauek. Aurpegi garbiketarekin batera, istorio harrigarri batekin lotu dute inglesitoa; Fiturreko aurkezpenean azaldu dutenez, inglesitoak 1813an Donostia kixkali zutenean sortu omen ziren, gosea arintzeko saiakeran, herritarrak ogi apurrak azukrearekin pilatzen hasi zirenean. Eta ez hori bakarrik; Wellington dukeak hiria frantziarrengandik “askatu” zuenez, bere omenez hartu zuten opiltxoek izena.

Opil horiez nik eta nire ingurukoek ditugun oroitzapenak oso bestelakoak dira; txikiak ginenean, Rich gozodendan sos gutxi batzuen truke erosten genituen inglesitoak, eta amak asko ez jateko esaten zigun beti, soberakinekin egiten zirela eta osasunerako oso onak ez zirela gogoratuz. Goxoak zeuden, bai, baina dendan aurkitu zitekeen produktu merke eta kalitate baxuenekoak ziren inglesitoak; hiri honetan ditugun gozo guztien artean, arruntenak.

Orain, Donostiako merkataritza ordezkatzera igaro dira, elegante itxurarekin, Very donostiarra lelo anglosaxoi harroarekin batera. Ez dut irudikatzen Londresko edo Parisko turismo arduradun bat berea ez den hizkuntza batean hiriko leloak egiten; baina dirudienez, hemen saltzeko gaude, edozein hizkuntzatan eta edozein preziotan, soberakinak badira ere.

In English, please

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.