Gure (zoro)etxea [1×07]

Gure (zoro)etxea [1×07] –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.


Gogoa aldrebestuta dator Labrit etxera. Sarrailan giltza sartzeko, jiratzeko eta atea irekitzeko moduan nabari zaio. Zakartasun hori, ezaxola hori ez du berezkoa. Egongelara etorri denean, bere aurpegi ilun eta buru eroriak susmoak baieztatu besterik ez dizkit egin.

Gure (zoro)etxea [1×07]Sofan eseri da, nire ondoan, baina gutxien-gutxienez mila bat metroko distantziara, han bera eta ni hemen, elkarri bizkarra emandako artxipelago bereko bi uharteren moduan. Gure aurre-aurrean, telebista egon beharko litzatekeen lekuan, koadro bat margotzen ari den Telmori ere ez dio begiradarik eskaini.

Fabrikan egun txarra izan ote duen galdetu diot, ea berriro arazoak izan ote dituen gizonezkoentzat besterik pentsatuta ez dauden lan-jantziekin…

-Hala balitz hobe! ERE bat aurkeztuko dutela esan digute –erantzun dit.

Lasai egoteko esan diot, seguru aldi baterako besterik ez dela izango, aterako direla zulotik, ez duela lanik galduko…

-Utikan lana! –erantzun dit-. Lankideen jarrera da okerrena, nork bere burua salbatu nahian, ondokoarekin ukalondoka, ohartu gabe denak goazela hondoratuko den txalupa berean.

Igual zuek ere konprobatuta izango duzue, baina, garaiotan, zein zaila den marxista-leninista bat animatzea. Horregatik dago gero eta urez beteago Labrit gizajoaren txalupa, hondotik gero eta gertuago.

-Dena galduta dago –esan du, dagoeneko itsaspetik-. Ez dakit zergatik segitzen dugun itxurak egiten, zerbait aldatu ahal izango balitz bezala. Gogaikarria da ikustea nola zapaltzen gaituzten haien transatlantikoekin.

Gure begien aurre-aurrean, brotxa-kolpe nabarmen batez, azken puntua margotu dio koadroari Telmok. Jiratu eta Labriten eskuetan utzi du mihise margotu berria, eta pintura usain sarkorra barreiatu da egongela osoan. Etxe zahar baten irudi hiperrealista bat da, argazki baten zehaztasun guztiekin. Nago pinturak ere ez duela balioko Labriten txalupa erreskatatzeko.

-Zer, etxe bat? –galdetu dio, gogotxartuta.

Eta Telmok berehala erantzun:

-Ez, itxaropen-izpi bat. Argi bat iluntasunean. Aurrerantzean, pizteko gure minaren beharrik izango ez duen argi bat.

Elkarri begiratu diogu Labritek eta biok, deus ulertzen ez dutenen konplizitatea konpartituz, Telmo sukaldera doan bitartean, pintzelak trapu zahar batekin garbituz.

Koadroari buelta eman dio Labritek, ur-azalaren azpian ezkutatu ohi diren erantzunak topatu nahian bezala. Eta hantxe aurkitu dugu, mihisearen atzealdeko izkina batean idatzita, bila genbiltzan itsasargia: Zalduondoko udaletxea.

Gure (zoro)etxea [1×07]
Gure (zoro)etxea [1×07], gure zoroetxea, ipuin seriea, mikel ayllon
Mikel Ayllon

Idazlea eta itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude