Hizkuntz bakea!

Hizkuntz bakea! –

Martxoaren 6an Alberto Basaguren, konstituzionalista ospetsuak “Paz lingüística” titulupean artikulu bat idatzi zuen “El Correo”-n, Hezkuntza Lege berria okerreko bidetik joango ote zen kezkatuta. Ez da erraza artikulu batean horrenbeste baieztapen ideologiko-dogmatiko egiten. Datu bat ere ez dakar eta gaiari buruzko ezjakintasun osoa darakus.

Hizkuntz bakea!

Hona hemen bere tesia: «Hezkuntza Sistemaren emaitza ezkorrek ezbaian jartzen dute euskara hutsean ematen den eredua. Ezin dugu horrela jarraitu, beste bide bat hartu beharra dago». Bere garaian A, B eta D ereduak gauzatu zirenean erabaki politiko bezala hartu genuen irakaskuntzako jendeak. Are gehiago, inposaketa politikoa. Ausardia falta horrelako aldaketa bat abian jartzeko, baina jakinda helburuak ez zirela lortuko.

Izan ere, laster geratu zen agerian A eta B ereduak ez zirela bide egokia. Eredu horietan haurren euskararako gaitasuna oso mugatua zen eta gurasoek, ez beste inoren inposaketak, eredu horiek baztertzera joan ziren. Basaurin, Alberto Basagurenen 50.000 laguneko herrian, oso urte gutxiren buruan D eredua zen eredu bakarra. Datuak uka ezinak zirenez, gurasoak D eredua aukeratzera behartzen genituela zabaltzen saiatu ziren.

Artikulu horretan jalkitzen diren kezka asko antzinakoak dira espainiarren arimetan. Oraintxe dira 500 urte Nebrijak bere Gramática de la lengua española Isabel Erreginari hitz hauekin eskaini ziola: “Andere txit goren horrek herri basatiak eta hizkuntza ezberdinetan mintzatzen diren nazioak menderatzen dituenean (…) lege berriak ezarri beharko dizkie eta baita gure hizkuntza ere. Nire gramatika hau laguntza handikoa izango du orduan”.

XIX.mendean, haurren eskolatzea arautzen hasi zenean, hemen gaztelera hutsean ezarri zen eta kalean ere gaztelera inposatzen zitzaien haurrei. Orduan hasi ziren gure haurtzarorarte iraun zuten zorioneko eraztunak. Hura izan zen gure gorputzean jasan genuen lehen tortura, eta ez zen azkenekoa izan. Eskolako liburuetan ez zen Euskal Herria aipatu ere egiten, Espainiaren laudorioz beteta zetozen: errekonkista, amerikar indioei eman geniena: fedea, hizkuntza… Espainiarrak izatea ohore handia zen.

Frankismo ondoan euskarak berpizkunde bat izan zuen, ikastolak han hemen ahalegintzen ziren gure atzerakuntza gainditzen, unibertsitatea oso osorik euskalduna ez bazen ere, lehen urrats batzuk ematen hasi zen… Baina berandu gabe ohartu ginen guztiak ez zeudela aise hori guztia ikusita. Erasoari ekin zioten: haurrak ez zutela behar bezalako eskola mailarik lortzen, hariak ETAk mugitzen zituela, ideia antiespainiarrak inposatzen zirela, presoen ohoretan abesten zela… Ez zuten onartzen oinarrizko puntu bat: Euskal Herriko haur guztiak gazteleran murgilduta bizi zirela eta denak ongi moldatzen zirela hizkuntza horretan, eta aldiz, euskara zela orain zaintza berezia behar zuena.

Juan Mari Torrealdaik esango lukeen bezala, azkeneko 5-6 hamarkadetan urrats handiak eman badira «gizarte zibilaren arrakasta» izan da. Milaka lagun, milaka ordu eta gabezia handiekin harritzeko moduko emaitzak lortu dira. Gehiengoaren borondatearen aurka, gure arduradun politikoak bide erdiko erabakietan geratzen ziren.

Bagenekien ez zela aski. Hizkuntz soziologiako zenbait ikerketak argi utzi izan du haur asko geratzen zirela 14 urterekin Legean aurreikusten zen maila lortu gabe. Sarri izan da mintzagai gauza hori gure artean. Baina sekula ez zitzaigun burutik pasa Basaguren jaunaren soluzioa: eskolako ikasketak ez baziren lortzen euskaraz, gaztelera erabiltzea. Gaztelera erabiltzen den herrietan ez al dira haur gehiegi geratzen ikasketa eskasekin? Euskarari bota behar al zaio nahi eta nahi ez errua? Buru gabeko soluzioa. Euskararen arazoa baino ez ote gehiago begiratu behar zentro askotan jarri den interes eskasa, gizartean euskarak jasaten duen bazterkeria, ikasgai huts bihurtzea…

Bai, euskarak gizartean jasaten duen bazterkeria: gure Administrazio publikoaren eremuaetan euskaldunok arrotz sentitzen gera; gizartearen gune diren eremuetan ez gara ausartu ere egiten euskaraz hitz egiten: erosketak, zaintza zerbitzuak, kaleko edozein harreman xume… gazteleraz izango da nahi eta nahi ez. Euskaraz hasten baduzu hizketa %1-2tan izango duzu suertea. Norbaitek esango al dit zer plus eransten dion euskarari gaztelerarekin batera koofiziala izateak? Ez al da diskriminazioa Estatuan mundu guztia gaztelera ikastera derrigortuta egon eta EAEn euskara borondatezkoa izatea? Elkarrekiko errespetu bera, ez?

Euskara hutsean eman den hezkuntzak oso ongi probatu du gauza dela beste hizkuntzetan ematen diren emaitzen antzekoak lortzeko. Baina horretarako saiatu egin behar da. Euskaran murgildutako hezkuntzaren gabeziez ari direnak, lagundu gutxi eta bidean harri asko jarri egin dute.

Baina permitituko ez duguna zera da. 500 urte hauetan jasan dugun ukazioan jarraitzea. Konstituzioak ez gaitu babesten, munduko zenbait Erakundek hizkuntza gutxituen babesa aldarrikatzen du, baina hala ez balitz ere, Euskal Herriak, beste herri orok bezala, hizkuntza propioan bizi ahal izateko eskubide uka ezina du. Aurreko egun batean “El Correo”-n zetorren elkarrizketa batean Eneko Anduezak esandakoa guztiz onartezina iruditu zitzaidan: «aldaketak egiteko botoak guk dauzkagu» PSEko idazkari hori: ez ahaztu guk euskaraz bizitzeko behar ditugun baldintzak ez direla botoekin erabakitzen. Oinarrizko eskubideak errespetatu egiten dira eta kito. «Paz lingüística», dio Alberto Basagurenek. Gogoan dut oraindik Frankoren garaian «25 años de paz» ospatu genuena.

Zenbait arlotan asko aurreratu ote dugu?

Hizkuntz bakea! Hizkuntz bakea! Hizkuntz bakea! Hizkuntz bakea! Hizkuntz bakea! Hizkuntz bakea!

Irakaskuntzako langile ohia. Pentsionistak Martxan

3 pentsamendu “Hizkuntz bakea!”-ri buruz

  • Bingen Uriarte 2022-03-26 13:22

    Oso ona, Mikel. Egia sorta mardula.
    El correora bidali behar zenuke españolez, kazeta nazionalista horretako bezeroek ere irakur dezaten.

  • Bikaina Mikel,

    Gauza bat gehitu nahi nuke halere. Eraztunak lehenagokoak dira. Kardaberazek jada ematen ditu horren testigantzak XVIII.mendean.

    “… gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute” 1761.

    Etnozidioaren kronikak.

  • Bingen Uriarte 2022-03-27 10:43

    Badirudi Lopez Basaguren eta PSOEren tesiak irten direla garaile, baita EHBilduren babesarekin ere, Mikel. Pax lingüística hispanaren baldintzei men egin diete alderdi abertzaleek beste behin. Hirueleko hezkuntza sistema izango dugu, “euskara ardatz”, española eta ingelesa irakas-hizkuntza izango dira, españolaren nagusitasun erabateko areago indartuz, eta ingelesa beharrik gabe irakaskuntzan txertatuz, klaseen kalitateen kaltetan. Gure inguruko herri zapalduen hizkuntzez aipurik ere ez du egiten testuak. Oraindik ere, katalana edo galegoa, ingelesa edo frantsesa baino arrotzagoak zaizkie gure buruzagi abertzaleei ere. Akordio”historikoa” sinatu dute, zalantzarik gabe: euskararentzat eta euskaldunontzat atzerapausu historikoa.