Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz

Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz –

Hizkuntza politikaren teorian badira, beren izaera sozial zabala eta erreferentziala dela medio, garrantzia estrategikoa duten hizkuntza erabilpen esparruak, hala nola, administrazioa, irakaskuntza, lan mundua eta kultura. Hizkuntzaren funtzio nazionaltzat jo izan dituzte lau funtzio hauek aditu askok, bertan hizkuntzaren erabilera normalizatzen ez bada, hizkuntza komunitateak etorkizun beltza duela ziurtatuz.

Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz
Arg: wikipedia

Baina bestetik, aditu berek behin eta berriz azpimarratzen dutenez, minorizatutako hizkuntza baten erabilera eta normalizazioa ezin da Dekretu edota Lege bidez egin. Kuadro juridikoaren betebeharra bestelakoa da, komunitateari aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzen direla ziurtatzea, alegia. Baina hizkuntza eskubide horiek herritarren esku geratzen dira, beraiei dagokie eskubide horietaz jabetzea eta erabiltzea.

Eta eztabaida horixe da une honetan Euskal Herria zatitzen duten hiru elkargo administratiboetan ematen ari dena, bakoitzari dagokion ezaugarriekin.

Hezkuntzaren esparruan, adibidez, argiak dira Frantses Estatuaren aldetik ezartzen dituen oztopoak. Inmertsioaren aurkako jokabidea eta Breveta zein beste azterketak euskaraz egiteko debekua horren adierazle dira. Nafarroa ere begi bistan daude hezkuntza esparruan ezartzen diren mugak. Beraien seme alabak euskaraz hezi nahi dituzten euskal herritarrak apartheid bat den zonifikazio politikara kondenatuak daude. Eta EAEn prestatzen ari diren Hezkuntza Legea berritik inmertsio kontzeptua bera ere baztertua izan da, eta inork ez daki “euskara ardatz duen eredu eleanitza” horrek praktikan zer emango duen. PNV, PSE eta Podemos akordioan daudela izanik, zalantza handiak edukitzeko arrazoirik ez da falta. Eta hori guztiak gertatzen ari da, gainera, azken 50 urteotan euskal herritar gehien gehienek Euskal Herriko hiru zatiketa administratiboetan inmertsioaren alde, “D” ereduaren alde egin duten apustua hegemonikoa denean. Irakaskuntza den funtzio estrategikoan, beraz, gure herriari dagokion hezkuntza eskubideak babesteko marko juridiko nazionalik ez dugu. Beste hitzetan esanda, gure aurkako erasoez babesteko kuadro juridikorik ez dugu. Ez ahaztu Katalunian inmertsio ereduaren aurka Madrilek inposatu duen gaztelaniaren %25eko presentzia hemen ere aplika dezaketela…

Eta, administrazioaren esparruan, gauza bera gertatzen da. Ipar Euskal Herriko 49 udalerrik Europako Hizkuntza Gutxituen Kartarekin bat egin dute administrazioan eman nahi dituzten urratsak babesteko asmoz. Izan ere, Estatu frantsesak euskararen ofizialtasuna bera ukatzen du, administrazio eremuan eman litezkeen urrats guztiak zapuztuz. Nafarroan, denontzat ezaguna da zonifikazioaren ondorioz administrazio eremu ezberdinetan ematen den hizkuntza eskubideen apartheida. Nafarroa toki gehienetan administrazioan lan egiteko ez da euskara jakin behar eta bertan langile bihurtzeko frogatan euskara ez da ezta meritu gisa ere kontsideratzen askotan. Eta EAEn, langileen artean Hizkuntza Eskakizunen Dekretu Berria gisa ezagutzen denak, erabileraren arautzearen aldetik aurrera egin beharrean, atzera pausua emateko aukera zabalduko du baita hizkuntza eskakizunen inguruan ere. Eta hori guztia, administrazio esparruko inboluzio juridiko betean gaudenean, Irun edo Laudioko azken erabaki judizialek erakutsi duten moduan. Administrazioaren funtzio estrategikoan ere, beraz, ez dugu dagokigun babes juridiko nazionala eskainiko digun marko juridikorik. Espainiar eta Frantziar Kontsituzioak inposaturiko mugen baitan gaude oraindik.

Eta oso motzean bada ere, lan munduan ELA eta LABek proposatu zuten 50 langile baino gehiago dituzten enpresentzako Euskara Planak garatzeko beharra baztertu zuen Eusko Jarularitzak. Zer esanik ez Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian. Eta, euskal kulturaz gauza bera esan genezake. Literaturan, audiobisual esparruan, teknologia berrietan, telebista eta zinean, antzerkigintzan… toki guztietan erdarak oso nagusi izateaz gain, ez dago euskal produkzioa benetan indartzeko eta babesteko marko juridiko nazionalik.

Bi hitzetan esanda, urte hauetan herri dinamikari esker hizkuntza politikaren lau esparru estrategiko hauetan aurrera egin dugun arren, 2022an gure hizkuntza eskubideak ikuspegi nazionaletik babestu eta bermatuko dituen marko juridiko nahikorik gabe jarraitzen dugu. Etorkizun euskaldunaren bermea beste nonbait dago, herritarren borondatean alegia.

HERRI ERANTZUNA, KORRIKA

Gure hizkuntza eskubideak babestu eta bermatuko dituen marko juridiko nazionalik ez dugunez, eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko eskubidearen aurkako erasoak, orain arte bezala, etorkizunean ere emango direnez, desobedientzia zibil eraikitzailea antolatzea da geratzen zaigun bitarteko nagusia.

Hezkuntzan, administrazioan, lan munduan eta kultur esparruan dugun hutsune juridikoa desobedientzia zibilaren bidetik gainditu behar dugu. EUSKARAZ BIZI NAHI DUT lema aldarrikapen hutsa izatetik, gure eguneroko praktikaren ardatz bihurtu behar dugu, EUSKARAZ BIZI NAIZ. Eta horrek, ezinbestean desobedientziara  garamatza. Eta norberaren desobedientziatik, desobedientzia zibil eraikitzailera. Euskaraz biziz  soilik gaindituko baititugu erdaren erresuma.

Hastera doan Korrika, egoerak eskatzen duen herri erantzun bateratua izan dadila Euskal Herri osoan, euskara baita euskaldunon aberria eta lurralde libre bakarra.

Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz  Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz  Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz  Desobedientzia zibil eraikitzailea ardatz