Hitz hutsalen putzak eta hitz gabeko hutsak

Hitz hutsalen putzak eta hitz gabeko hutsak

Hitz hutsalen putzak eta hitz gabeko hutsakArranditsua da hauteskunde-kanpainan eta ondoren zabaltzen ari den Ezker Subiranista izena, eta ez du belarrira gaizki jotzen. Norbanakoak erabakitzen duen bidezko gizartearen aldeko mugimendua ulertuko nuke nik hori entzunda. Izenaren baitan izana dagoela pentsatu nahi nuke eta izana hori ez dela finkoa, bizia eta aldakorra baizik, denon parte hartzea onartzen duena. Poztekoa oso euskal errepublika baterako bidea marrazten hasita egotea. Bidea luze dager ordea, eta tentu eske. Horrek bultzatuta hona hemen hitzen eta hutsen inguruko hitz apal zenbait hutsik egingo ez duten esperantzan jarriak.

  • Harrigarrik esana zuen ez dela egoskortu behar hitz joko maltzurretan eta ukazioaren beste aldagai bat jasotzera Madrilera batera joateko (EAJ eta trenera igotzen den edozeinekin) ez dela batere oztoporik jarri behar (aldebikotasuna) eta itsuak ere ikusten duen ezezko biribila jasotzen denerako bide-orria ondo lotuta eta eratuta egotea nahitaezkoa dela, egun hartan bertan subiranismorako pausuak ematen hasteko (aldebakartasuna). Ezker subiranistaren proposamen nagusietako bat hori da aspaldidanik, baita kanpainan honetan ere. Poztekoa, bi bide ezberdin zehaztuak daudenean, -nondik heldu ere ez daukan EAJrena (aldebikotasuna, parekidetasuna, subiranotasun partekatua, berdinetik berdinerako negoziazioa…) eta aldebakartasunarena- independentismoak EAJri (eta Podemosi) eskaintza zabala egitea.
  • Harrigarri baina ondo harritu du aspaldiko partez EAJrekin dagoen konplazentziak eta konfrontazio politiko ezak. Hitzarmen handiak ez daude kontrakarrean eguneroko politikako ika-mikarekin. Eta ezkerreko ikuspuntu batetik ( eta ikuspuntu subiranistatik ere bai, seguraski) EAJrekin konfrontazio politiko eza ez da errez ulertzen den gauza eta gainera ez da ona. Dudarik gabe kanpaina frentista ez egitean asmatu zuten bete-betean hori erabaki zutenek, besteak-beste hori askotan zer esanik edo zer proposaturik ez dagoenean egiten delako. Ulertzen zaila dena zera da: neoliberalismoak herri honetan daukan morroirik nabarmenaren aurrean, AHTren edo Zubietako erraustegiaren ezarlearen aurrean apenas egotea liskar politikorik aspaldi honetan. Ez da ona eta ez da naturala. Ez da horren bila joan behar baina berez datorren kontua izanik ez zaio horri itzuri behar. Agian tonua, formak dira aldatu behar direnak garai bateko ezinikusiak eta herrak atzean utzita askoz hobeto gaude egun. Baina egurra? Errespetu handiz, gainera. Politikak eztabaida eta dialektika ditu motor nagusi eta hitzarmenak egiteak ez dio kontra egiten kontrarioari kontra ez ezik egurra ere emateari. Honetan ere Kataluniarantz begiratu behar eta han, akatsak akats CUP ikusiko dugu, Juns Pel el Si-rekin etengabeko dialektika sortzaile eta emankor batean. Baina geure burua engaina ez dezagun hobe dugu argi edukitzea EAJ ez dela Junts Pel Si, ezta PDC (lehengo Konbergentzia) ere, garbi edukitzea egungo EAJren zuzendaritza Katalunian desagertutako Unio izan daitekeela. Eskaintza zabalak edo hitzarmen handiak eskatzeak ez dakar, inola ere, eguneroko politikan EAJ bezalako alderdi batekin konfrontazioan ez egotea.
  • Politika instituzionala eta Politika maiuskulaz idatzia bereiztea da ezker subiranistak daukan ezin utzizko lanetako bat. Bi horiek maltzur nahastea da EAJk aspaldidanik darabilen trikimailuetako bat eta hobe amarauna horretan ez erortzea. EAJk lehenengoan aritzeko du bere makineria guztia antolatuta. Bigarrenean berriz, oraindik txintik ere ez du erakutsi eta hori eskatu zaionean ihes egin dio. Lehenengoa gainera beti erabili izan du bigarrena geldiarazteko. Nik, izatekotan ere, eskema hori atzekoz aurrera jarri eta lehenengoa bigarrena lortzeko erabili behar dela esango nuke. Ahaztu gabe, betiere, bigarrenak, politika handiak, soilik egin daitekeela herriarekin eta herri mugimenduarekin batera. EAJk gizarte mugimenduak deuseztatzeko instituzioak erabili besterik ez du egin 78tik hona.
  • Begi bistako gauzak eguneroko jardunean azaltzea egin behar den lana da, eguneroko gauzak testuinguru globalean jartzea, eta nik horren falta sumatu dut. Hauteskunde horiek Espainiako sistema ustelaren barneko hiru probintzietarako hauteskunde autonomikoak dira. Horretan parte hartuta Espainiako sistema ustela sustatu eta bultzatu egiten da eta hori azaldu egin behar da baita eguneroko politikan ere. Berrogei urte izan dugu garbi ikusteko Espainiako sistema ustelak antolatutako hauteskunde hauek ez digutela ezer onik ekarri ez bada desberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren gizarte bat eta espainiartze prozesu ankerra. Hori azaldu behar da. Hori egin ezean jeltzaleen tranpetan eta terminologiaren amarruetan errez erortzen da bat. Haiek “egonkortasun instituzionala” esaten dutenean, instituzio horiek espainiako sistema ustelaren instituzioak direla ezkutatu eta “hemendik ez gara ezta milimetro bat ere mugituko ” esaten ari dira, hitz hutsalen putzak. Haiek estatu aparatu balitz bezala hitz egiten dute, baina ekintzetan otzantasun eskandaluzkoa erakusten dute Madrilen aurrean.
  • Kanpaina honetan hauteskunde hauek demokratikotik gutxi zutelako azalpen garbiak ere faltan sumatu ditut nik: Hauteskundeok, laurehun preso politiko edo armagabetzea oztopatze eskandalagarria xantaiarako eta bere etsai nagusia lotzeko erabiltzen dituen estatu batek (edo bere laguntzaileek) antolatuak dira. Hori gutxi ez eta demokratikoki konfrontatzeko gauza izan ez eta subiranismoaren hautagaia inhabilitatzeak ezin ageriagoan uzten du haren izaera ustela, iruzurti eta mafiosoa. Sukurtsal kolonialaren isila ezin ozenagoa ere eskandaluzkoa izan da.
  • Ezker subiranistari entzun diogu azkenotan Nafarroa eredu jartzen eta ni konforme egon ez. Nafarroan EAJk hori egin badu urteetan agintetik oso urrun egon delako izan da ez besterik, eta EAJk agintea besterik ez du izan nahi. Ez zait batere zaila imajinatzea EAJ garai bateko UPNren gobernu batean esaterako, hauek haien premia eta haiek indar nahikoa izan balute. Nik egoera alderantzizkoa dela esango nuke Nafarroan UPN dena, hiru probintziotan PNV da: biak hala biak 78tik hona Espainiako sistema ustel horren sustatzaile handiak, hego euskal-herrian sistema ustel horren onuradun nagusiak eta Espainiak hego euskal-herrian eman duen politika kolonialistan ezinbesteko zutabeak.
  • Horregatik EAJ politika handia egiteko ez du pausurik emango, ez behintzat beren burua behartuta ikusten ez duten bitartean. Onura besterik ez dio ekarri Espainiako sistema ustelak, bertan goxo egin du aginte eremuetan eta hor egotea maite du arraitxoak ura baino. Jeltzaleak kudeatzaile onak izan dira baina, zer kudeatzeko? Espainiako demokrazia ustelak uzten zizkion eta dizkion aginte guneak ez besterik. Esaten dutena esaten dutela egin duten guztia beti Madrilen babesean egin dute eta ez dakigu abaro hori gabe zertarako gai diren. Haiek ere ez, eta jakin ere ez dute jakin nahi, badaezpada ere. Boterearen abaroan dena da errazagoa hor bertan goxo egin, eta bapo! Hortik kanpo zertarako gai diren erakutsia dute Massek, Puigdemontek, Salmondek… baita Ibarretxek ere nahiz eta ondoren bere alderdikoek beraiek bide bazterrean utzi eta aukerarik eman ez gehiago erakusteko. Urkulluk ze enpresari edo kudeatzaile liberal ona den eta Madrilen aurrean otzan-otzan agertzen ze ondo dakien besterik ez du erakutsi mementoz. Eskaintza zabalak eta hitzarmen handiak egitea oso ondo dago baina testuinguru zabala oso kontuan hartuta.
  • Neuk ere kontraesanez beteriko animalia izanik, aitortu behar dut ez dela ona inoren jardun politikoa besteei kontra egitean oinarritzea eta oraintxe esan diot nire buruari “ederra zihoak artikulua!”. Ez gaude ez EAJri ez beste inori begira jarduteko, sortzeko, eraikitzeko eta emateko baizik. Baina agian horregatik ari gara, ari garen bezala, hitz tranpatiak eta amarruak non dauden bereiztea garrantzizkoa delako sortu, eraiki eta eman ahal izateko.
  • Tranpez ari garela beste tranpa bat aipu, beste hitz hutsal batzuen hutsa edo beste huts batzuen hitz hutsalak: Ongi izatea versus subiranotasuna. Dikotomia faltsua, maltzurra eta euskal subiranotasunari galga jartzea beste helbururik ez duena. Kezkagarria da ezker subiranista tranpa horretan nola erortzen den behin eta berriz ikustea. Garbia da erabakitzearen alde dauden guzti horien amarrua: batzuek gobernutik ekonomia bultzatzea (sic) dute lehentasun, burujabetzaren kontuak geroko gero baterako uzteko. Ez zaizkie alperrik ehun urte baino gehiago halaxe pasa. Izatekotan ere azaldu beharko lukete Espainiako sistema ekonomiko ustel, endekatu eta guztiz lur jotako honetan nola arraio bultzatu behar duten ekonomia”. Esaten dutena esaten dutela gauza ezinezkoa da hori eta hortaz beraiek dira, subiranotasunarekin batera, premia sozialak asetzea atzeratzen ari direnak eta beraz iruzur egiten. Bestetik daude egoera soziala Espainiako markoan aldatu nahi duten eta batez ere espainiarrak sentitzen diren euskal herritar “gorriak”. Berrogei urteotan espainiarrek (eta haien kolaboratzaileek) ekonomi esparruan zer egin duten eta zer egiten ari diren ez dute ikusi nahi, zilegi da esperantzari eustea baina gutxienez zintzo aitortu beharko lukete Euskal herri independente batek askoz aukera gehiago lukeela egoera justuago batean biziko den gizartea eratzeko Espainia ustelak baino, hortik ondorioztatu daiteke beraiek direla Espainiaunagrandeylibre baten izenean egoera soziala eraldatzea bigarren plano batean uzten ari direnak. Bestela esanda, printzipio ezkertiarren izenean herri baten subiranotasunaren aukerak mozten ibiltzeak ezkertiarretik oso gutxi izan ez ezik Espainiako eskuin ustelenarekin (eta hemengo kolaboratzaileekin) bat egiten duen jarrera ere bada. Amarru gaiztoa, betiere, ezker subiranistak oso ondo identifikatu beharko lukeena, zein baino zein “gorriago” eztabaida antzuan erori gabe. Bitxia da indar abertzale kolaborazionistak zein kolore guztietako nazionalismo espainolak nola egiten duten bat mozorroa kendutakoan.Ongi izatea versus subiranotasuna? Ez ba, batak ez du bestea gabe zentzurik. Gizarte bidezko bat eratzeko aukerak estatu independente batetik garatuko dira inondik inola ere.
  • Gaur egun erabakitzearen eskubidearen alde egotea euskararen alde egotea bezalakoxea da, hutsaren hurrengoa. Erabakitzearen eskubidea beste hitz hutsal bihurtu da, garai batean bakea, askatasuna, demokrazia izan ziren -diren-bezalakoak. Horregatik ondorioztatzen denean 57 eserleku erabakitzearen aldekoak direla. Bufa! Harrigarri harritu eta ikaratu egiten da. Nahikoa lan hortaz, hitzak aukeratzen, mamitzen, edukiez betetzen eta aberasten, bestela jai. Hemen ere ederki husten dizkigute hitzak eta azkenean iruzur: Batzuen “Oraindik ez, hau ez da mementoa” eta besteen “Erabakitzeko eskubidea bai baina dena erabakitzeko”, alegia, ezer ez eta festa.
  • Euskararen alde egotea bezalakoxe esan dugu, esan nahi baita alde egoteak euskarari mesede gutxi. Hortxe dauka norberak autodeterminatzeko lehenengo erabaki bitala, bere-berea, eta funts-funtsezkoa. Euskara, hizkuntza guztiak bezalaxe tresna bat da bizitzeko balio duena ez besterik. Bizitzen hastean da gakoa. Norberak erabakitzen du nola bizi literatura zein hizkuntzetan irakurri, ze telebista kate ikusi, ze irrati edo ze egunkari eta nola jardun etxean, tabernan eta kalean. Aldeko izateak ez du balio. Ezker subiranista horretan ez bada eredu, malo. Plano sozialera bueltatuz niri eskandaluzko iruditzen zait oraindik ere mitinetan edo agerpen publikoetan ze tema dagoen dena espainolera itzultzeko. Bestetik, nik auzo-lotsa pasatzen dut oraindik ere ezker subiranistaren komunikabideak zein suelto eta aise segitzen duten erabiltzen Diario Vascok edo El Mundok erabiltzen duten hizkuntz berbera.
  • Kataluniako bidea honako defenditzeko moduan gaude ala hitz hutsalen beste tranpa baten aurrean gaude? Ez gaude errepikatzeko Jauma adiskideak botatakoak, esan dezagun baina, modan ez badago ere, kultura dela politikaren adierazpen gailena eta kulturatik antolatzen ez den herria ez dela ez herri ez ezer. Berrogei urteetan euskarazko unibertsitatea eraikitzeko gai izan ez, edo Axular edo Patziku Perurena nor diren arrastorik ere ez daukan eta bere erreferentzia kultural guztiak, (hegoaldean behintzat) Espainiakoak dituen gizarteak (el conquis eta tu al norte y yo al sur) nahikoa lan, Kataluniarekin aldezten hasteko. Behetik gorako eskema behar, funtsetik formara, bestela jai.. Katalunia Katalunia zen independentziaren hotsak hasi baino lehen. Euskal herria berriz… begiratu, begiratu…
Hitz hutsalen putzak eta hitz gabeko hutsak