Hizkuntza eta Ogia

Hizkuntza eta Ogia

Hizkuntza eta OgiaNire erraietako Jauma laztana nola ote dabil aspaldi handian!? bitan banatutako bihotz urratuan Kataluniako partea zeukala sufrikario-sorburu uste genuen guk, gure inozoan, baina ez ba, Kataluniakoa gabe Euskal-herrikoa zen oro erremin, oinaze eta egonezin zuen partea, ondoren ikasi ahal izan dugunez, eta, ez azti eta arrano-begi ibili garelako, ikasi, bai ordea gure itsukeria ikusita honako idatzi hau bidali zidalako berak. Bere etsian, sortzaile, bere suminean ekarle.

Nik norbaiti zerbait ekarriko dion esperantzan zuen artean zabaldu beste lanik ez dut hartu:

.

Katalunia independente izango da aspaldian delako independente Katalunia. Besterik da horri forma ematea, erakundeak eta paperak, eta hori ere, etorri, badator. Kataluniak gauzak nola egin lezioa eman dio munduari eta garbi erakutsi orea dagoenean ogia lan pixka bat eginda berez bezala datorrela.

Kataluniako errotan ez da errekako ur faltarik, ez orain, ez lehen. Errekako uraren ibilia, haren xuxurla eta bizia. Gu, euskal herriko zati honetako biztanleok berriz, gure itsukerian, lezioak emateko geundelakoan, “hori aspaldian egin genuelakoan”, “askoz hobeto gaudelakoan” edo abangoardia ginelakoan errota berri ultramodernoak eraiki genituen erreka idortzen zitzaigun bitartean. Ultraerrotaren eraikiak erail erreka.

Meteorologoek engainatuta uste izan dugu euria handiagoa dela Kantauri partean Mediterraneoan baino. Eta ez da egia. Ura bizia da, mugimendua eta soinua. Ura baldin bada bizia ere bada. Baita agerikoa ez denean ere. Aralarren ere badira urazpiko esne-errekak ikusten ez direnak.

Demokrazia izeneko fardel hura saldu zigutenean, guk, haiek bezala erosi egin genuen. Ederra fardela! Orduan hasi ziren gure jantxoak: “lasai hemen gaude gu, eraikiko ditugun ultraerrotak berez doaz, ur beharrik ere ez”. Guk sinetsi eta luze gabe idortu egin zen erreka. Gero ikasi genuen ultraerrotek batzuen patrikak gizentzeaz gain ez zutela ezertarako balio. Katalanei gauza bera saldu, gauza bera erosi, gezur berberak sinetsi haiek ere, baina, errekaren urari eustea zer den!

Basoarekin ametsetan itsutu egin gara eta ahaztu, belar bakoitzak, sasi bakoitzak, zuhaixka bakoitzak eta zuhaitz bakoitzak bere izerdia duela eta bere horretan dela bizia. Basoa izan nahi izan dugunerako landareetan izerdirik ez dela konturatu gara. Eta erreka idor.
Nola egin basoa izerdirik gabeko landareez? Nola basoko landareak busti erreka idorrez?
Eta hor emaitza, berrogei urteko ultramodernia hiperprogresista ezin liberalagoaren tarte honetan bihotza asfaltatu eta orain badugun ere ez dakigu eta gure agintaritxook museorako bazter utzitako aita Joxemiel haren zulo horien bila abiatzeko premia larrian gara esne-errekak non ote diren jakingo badugu, burua lepo gainean ote dugun argituko badugu, ridikulua egiteari utziko badiogu.

Izan, hori besterik ez nian esateko, ene bihotzeko Harrigarri, baina hizketa molde hori, errekaren xuxurla bezain ahaztuta ez ote dagoen errezeloak hartuta, hor hasi naiz zirriki-zarraka gure errekak baina idorragoa den hizketa molde estandarrean argibide batzuk eman nahian, ez nahikoa lan izan gabe.

  • Beharko litzakeenaz bestera demokrazia izeneko asmakizunttar honek ez zuen politika ekarri ezpada ebatsi. Hitza eta hitz-mamiaren ebatsia. Izenaren eta izanarena. Politiko jende hori sortu zen orduan, politikaren ebasleak, politika inork ez egitea beste helbururik ez zuen jende-modu hori. Gogotik aritu dira politika egiten saiatu diren guztiak (gazte mugimendua, kapitalismoaren kontrakoa, euskalgintza, komunikabideak…) zapaltzen.
  • Bizitzan egiten dugun guztia da politika. Etxean liburu batekin arratsaldea ematea guztiz da ekintza politikoa. Egiten duguna egiten dugula polisa eratzen ari gara, herria, alegia. Zer-nola egiten dugun halakoxea herria. Atzo bazkaldu ondoren lagunarekin hartutako kafea, arratsaldean irakurri nuen poema, lanean nagusiarekin izan nuen xextra, gaur goizean egin dudan mendi buelta, jertse hau eramatea edo bestea, korrika egitea edo paseatzera joatea, ekintza guztiz politikoak dira eta politiko jende horren diskurtso eta jardun itxuragabeak baina transzendentzia politikoa askoz handiagokoak. Guk, herritar arruntok, utzi diegu pasatzen ez zegokien tokira, sukaldera. Eta ahaztu egin zaigu etxeko suari eustea norberaren lana dela eta ez beste inorena.
  • Katalan xaloak:
    Gu herri hiperpolitizatua omen ginen. Izugarri aurreratuak. Abangoardia. Katalanak berriz hain xaloak, hain kultura politiko eskasekoak, hain indibidualistak, koadrilarik gabeko jende modu bitxia, gaizki zegoen gure kide katalan mattez horrela hitz egitea baina…”ez ziren ezertaz enteratzen”…eta hara gauetik goizera miloi t’erdiko lagun Bartzelonako kalean barna independentzia eskatzen ez, baina eratzen. Nola ote?
  • Gure urteetako jardunera eta katalanena antipodetan daudela esan daiteke. Gu ekitaldi handi-mandi jendetsuetara joan beharrean izan gara urteetan depositua betetzera, zerbait bagarela sinetsi ahal izateko. Ez dugu ikasi nahi izan depositua nork berea eguneroko xumean betetzen dela edo ez dela beteko. Hala denean lagun multzo baten elkarketari bizia bor-bor besterik ez zaio jarioko. Katalunian hori besterik ez da gertatu, halako batean, zegoena, zeukatena erakustea tokatu zaie eta bai ederki erakutsi ere. Maiuskulaz idazten dugun Errealitatea, izatekotan ere hamaika errealitate txiki xumez osaturikoa izango da. Hala ez denean hedabide handiek sorturiko fikzioa pozoitsuarekin zer ikusi handiagoa izango du errealitatearekin baino.
  • Agian horregatik, antipodetan gaudelako ez dugu ezer ulertu eta edozein lotsatzeko moduko jarrera eduki dute gure politiko jendeak, Egunkaria itxi zutenean laguntza ematen hustu zen herri harekin. Nazionalismo euskadizalearen abanikoaren luze-zabalean diren kolore guztiek, nor bere interesaren pean, eskaskeriaren erakustaldi ez sinistekoa egin dute Kataluniako prozesu guztian zehar.
  • Espainiak horren aurrean zer egin behar zuen aurreikus zitekeentxo bat bazen ere hemengo politiko jendea, kataluniarren kide min aspaldikoak, Madrilgo parametro berberetan ikustea (hauteskunde autonomikoak besterik ez dira izan irilekoak, errespetu osoz begiratzea, hori ez da gurea gurea euskal bidea da, guk kupoa daukagu eta hori da gure bidea…) gauza guztiz etsigarria izan da. Etsigarria guztiz ikustea, Madriletiko mezua zein garbi helarazten zigun gure komunikabide publiko bakarrak, eta Kataluniatik bertatik igorritakoa berriz, zein eskas, lauso eta lurrunduta. Denok dakigu gerra garaian komunikabideek duten paper ezin garrantzizkoagoa, paper berbera betetzen dute “bake” garaian. Etsigarria guztiz zein espainolak garen ikustea eta ia berrogei urteotan hala euskadizale nola espainiazale nazionalista guztiek lana zein ondo egin duten ikustea. Katalanak ez bezala gu 78an baino askoz espainolagoak gara egun. Pentsamoldeak Madrileko faktoriatik -a ze faktoria!- ekarri eta hizkuntza apaingarri. Ondo idorra erreka.
  • Kataluniaren aurrean Espainiak zer jokamolde izan duen ikusita, -hori ikusi beharrik ez bazegoen ere- zertaz ari dira gure jauntxo euskadizale nazionalistak, negoziazio parekideaz edo alde biko hitzarmenaz ari direnean? Zertaz beste berrogei urteko iruzur batez ez bada? Filma hori ikusita gaude aspaldian, wester aspergarria “Etsaien lurraldean bakardade gorrian”. Baina pelikula amerikanoetan ez bezala hemen ez dago B planik etsai maltzurrek jipoi latza emango diote barregarri utzitako gure heroi zintzoari. Eta badator bueltan gixajoa, B planik ez -“beharrik ere ez, hain gaizki ere, ez gaude eta”- eta hobe etxera lehenbailehen, Madrilek ezetz esan du-eta. Marcos subkomandanteak ere horrelaxe zioen:
    Carlos Salinas de Gortari (Historia liburuen arabera) “será el visionario que entendió que vender a una Nación era, además de un negocio familiar (claro, entendiendo como familia a la sanguínea y a la política), un acto de patriotismo moderno”.
    Kataluniarekiko errespetu osoaren atzean ze ote zegoen gure agintezuloen buruan? Ze emaitza desira ote zuten hango iraileko hauteskundeetan, atera direnak ala unionismoaren garaipen garbia? Kanpaina bitarteko eta ondorengo isila isla da, gardenago ezin. Marilin sonatu hark ere gogotik heltzen zion gonari haizea aztoratu zen hartan, gogoratzen? Trantze latza pasa dute batzuek, ekialdeko haizetearen ufadek ipurdi bistan utziko ote zieten beldur! Larrosa eta krabelin, Sant Jordi egunean. Han unio ia desagertu den bezalaxe hemengo konbergentzia, aspaldian desagertu zen. Horretan bai doazela aurretik. Lapur handiak inoiz ez baina etsai politikoak beti kartzelaratzen dituen Guardia zibila, haien egoitzetan sartu da ez Sabin Etxean.
  • CUP bera ere tranpa horretan erori da. Ondo urruti nago ni konbergentzia defenditzen hastetik. Hor ere ustelak egongo direla ez daukat nik dudarik, baina ustelkeria hori Espainiak 78an eratu zuen egiturazko sareko partea dira, hortaz, lehentasuna sare hori apurtzea da, Katalunia independente batean, ustelei zirrikiturik ere ez uzteko. Tranpa izan da premia sozialak batetik eta subiranismo bestetik unionistek eratu duten bi bloke monolitikoen diskurtso gogaikarria. Ez ba. Sare horren barruan ez dago behar sozialei aurre egiteko modurik, askoz errazagoa izango da, inondik inola ere, arazo horiei aurre egitea Katalunia -edo Euskal Herria- independente batean. Nola pentsa daiteke ideia antikapitalistaren ikuspegitik hobe dela iruzurrerako hain ondo eratuta dagoen Espainiako amaraunean segitzea? Pena handiz ikusi dut CUPeko jendea eta CUPeko ez diren antikapitalista asko, sare horretan katramilatuta. Maitasunez esango nieke, alde egiteko amarauna horretatik lehenbailehen Andere Beltza hor da, letagin pozoitsuak borondate oneko jendearen larruan sartzeko irrikan.
  • Gure beste euskadizale nazionalistak ere azalpenak batere garbi eman gabe, Madrilera joaten hasita daude, gurea hala ere, euskal bidea omen da, hori zehatz zer den ez badakigu ere, euskaraz egin beharrekoa ez seguruenik. Gara edo Naiz medio erdaldunak irakurtzen ez ditugunok ez dakigu oso ondo hitz horien edukia zein den, medio horiek irakurtzen dituztenek ere ez, antza. Agian ondo ari dira, agian hemen ere badator egun handia. Egia ere da boterea, estatua eduki bitartean jai dagoena, baina bien bitartean zer? Zain egon? botoa eman? abanguardiaren erabakiei itxaron? Ez ba, bien bitartean guztia. Bien bitartean bizia. Euskal Herri handi hori noizbait izango bada hamaika euskal herri txikiz osatutakoa izango da. Etxe bakoitzean bat. Poetak ere esan zuen: “Eguneroko bizitza da nire aberri bakarra”.
    Eta ziudadano moderno guztiz liberalen jukutria pozoitsuan erori gabe, esan dezagun, autodeterminatu, erabaki, egunerokoan egiten den gauza dela. Erabaki norberaren esku dagoen ekintza da, eskubideak berriz beste norbaiten oniritzia behar duen zerbait. Imajinatu egun handi batean herri-bazkari handia antolatu dugula nork bere etxetik ekarritako puskez egin beharrekoa, eguna iritsi da, denok desiratutako eguerdi handi horren orena iritsi da, mahaira eseri eta hara, inork ez zeukan ezer etxetik ekartzeko. Ez dago bazkaririk. Izan, bagarelako, izango gara, edo ez gara izango.
  • Bukatu da ebanjelioen arteko talka garaia. Ebanjelioa bakarra dago indarrean, etekina ateratzen duten bitartean zipitzik ere mugituko ez direnena. Eta hari, egin behar zaio kontra, baina ez beste ebanjelio baten bitartez. Hitz egitea eta entzutea oso da kirol sanoa. Hemen inoiz praktikatu ez dena. Horretan ere katalanak maisu. Iritziak entzuteko gaude eta apaletik erantzuteko. Ikasteko eta ez lezioak emateko, bunkerrak botatzeko. Bazkari handia soilik puska bilketa handi baten ondoren etorriko da. Presta ditzagun bada, koplak.
  • Azkenean, ia berrogei urte pasa ondoren, batzuk agintearen eta diruaren xarmak burua (eta herria) salduta, beste batzuk abangoardiaren basoko sastrakan bidea galduta, honatx euskadizale nazionalistek gehiengoa duten herri honen errealitatea: Euskaldunak ateratzen ez dituen eskola sare publiko bat, bertako hizkuntza ikasteko bertako biztanleek ordaindu beharra, bere funtzionarioak euskaldundu ez dituen administrazioa, politika instituzional handi-mandi horretan espainolaren nagusitasunaren finkatze erabatekoa, euskalduntze mugimendua heroi batzuen eskuetan segi dezan utzikeria eskandalagarria, erdaldunak euskara ikasteko betebeharrik ez izatea eta ondorioz euskaraz bizitzea ezin daitekeen gauza bihurtzea beste helbururik izan ez duen hizkuntz politika, euskaratik eta euskaraz egindako hezkuntza curriculumaren baztertze argia, Euskarazko Unibertsitaterik ez dago, urrutiko euskarazko unibertsitaterik are gutxiago, guztiz duina izanda ere militantzian oinarritu beharreko euskal komunikabideen ibili ahaldanmodukoa, hizkuntza salbatzera zetorren euskarazko behar zuen telebista publiko bakarra arreba erdaldun nagusiaren mesedetan denbora pasa negargarria bihurtzea, edo ordaintzeko dirurik ez edukitzea delitua eginda kale gorrira kondenatu duten lagunak, lanik gabe utzi dituztenak, baten batzuen gehiegikeriak eta lapurreriak guztiok ordaindu behar izatea, beti-beren intereserako diru publikoen erabilera doilorra, patrika gutxi batzuk betetzearen eta jende asko pobretzearen truke. Pobretu beraz, arimaz eta gorputzez. Hizkuntza akabatu eta ogia lapurtu. Dena ultraerrotak eraikitzearen truke. Ultraerrotak eraikitzearen truke erreka lehor.
  • Iraganaren inguruko irakurketa kritikoa nazkatzeraino errepikatzen ari zaizkigun honetan, nork eskatu behar du hondamendi honengatik barkamena? non dira erantzukizunak? ze etika klase eskatzen ari dira hori egiteko gai izan direnak?
    Ez da batere etikoa gezur, lapurreta eta bortizkerian oinarritutako sistemaren abaroan besteei etika eskatzea, sistema horri men egitea besterik ez denean etika hori: “etika ni naiz, zurea berriz ez da batere etikoa. Horregatik epaitu eta zigortuko zaitut harik eta sistemaren etika horren aurrean men egiten duzun arte”. XVI. Mendean ere logika bera erabiltzen zen.
  • Harrigarria da guztiz Madrileko faktoriak -a ze faktoria!- gurean daukan indarra, hasteko eta behin itzuli beharrik ez dagoelako -zertarako? denok dakigu-eta espainolez- eta ondoren, denok oso eroso sentitzen direlako nonbait, handik datozkigun eskemetan. Euskaratik eta euskaraz eratu beharreko faktoriak izua ematen digu nonbait, ez dute nahi. Horra hor Kataluniarekin dugun beste alde handia. Faktoria hori uste duguna baino aurreratuago ez ote dagoen iruditzen zait niri. Lehengaia sobera dagoela ez daukat nik dudarik, jende askoren isileko lana hor dago, herritik aterea eta herriarentzat egindakoa, politika instituzionalak senperrenak egin baditu ere horiek ezkutatzeko eta daukagun jende on asko bazter uzteko… Katalunian funtsak sekula galdu ez duten bitartean hemen haiek bereiztera ere ez gara ailegatu, edo ez dugu nahi izan.
  • Hizkuntza eta ogia. Guztiok ondo biziko garen lapur ustelik eta pobrerik gabeko euskararen herria behar dugu ja.

 

Jaume Errotabere Uretabengoa

Euskal Herria, Katalunia, Madrid

Zer duzu buruan “Hizkuntza eta Ogia”-ri buruz

  • Idatzitako guzti-guztia sinatzen dut hemen eta orain. Ni neu lotsagorrituta geratu naiz behin baino gehiagotan azken aldian nire ezagun-lagun katalan batzuek euskaldunen beroa non zegoen galdetuta. Harrituta nago, salbuespen batzuk kenduta (Sarekideak-eta), ezaxolaren hotza baino ez dut topatu inguruan. Blanesen bertan galdetu didate,gure egunkariarekin hain eskuzabal jokatu zuten udalerrietako batean… Auzo-lotsa sentitu dut, non egon dira Bilduren 140 udalak mozioak eta kontzentrazioak deitzeko, jaietan senyerak haizean erabiltzeko, non…? Hotza, ezaxola, erreka idorra, ez bakarrik gure auzokoekin, gurearekin ere, ez dugu asmatu, ez dugu garra izetuta belaunaldi berriei ematen jakin. Eta gero asaldura, simulakro linguistikoa, EtB1 hil hurran…Zer nahi dugu ba, Bermeoko, Azpeitiko eta Zarauzko alkateak erdaraz ETB2n barra-barra arituta? Tristea da gero panoramea!! Lagun katalanak, onena opa dizuet!! Barkatu eta botako ahal duzue hesola halako batean!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude