Haien manifestazioak eta gureak

Hasi aurretik argitu beharra daukat hau ez dela prentsa guzia goitik behera arakatu eta metodo analitikoekin ateratako ondorio bat. Hau besterik gabe urteak joan, urteak etorri, nik irakurtzen ditudan egunkarietatik jaso dudan sentsazio bat besterik ez da; baina barruan txertatuta daukadan sentsazioa, eguna joan, eguna etorri, egunkariak zabaltzerakoan gehitu egiten zaidan sentsazioa.

Gure manifestazioetako argazkiak beti dira berdinak: usu aurretik aterata, gehienetan pixka bat gorago dagoen ikuspuntu batetik, orokorrean teleobjektiboa erabiliz, maiz pankartan jartzen duena irakurtzeko moduan eta sarri manifestazio osoa  erakusten duten argazkiak; jende asko edo gutxi izan, manifestaziora, zenbat jende joan den erakusteko intentzioz eginda dagoela diruditen argazkiak.

Haien manifestazioetako argazkiak aldiz, askoz biziagoak dira. Gehienetan manifestaziora joan den jendearen detaileren bat erakusten saiatzen dira, lau gizon oihuka, bi emakume bandera bat eutsiz, lagun talde bat haurrak lepo gainean dauzkatela…

Zergatik da hau horrela?

Egia da guk, bertako argazkilariok, sarritan, argazki horrekin fijazioa daukagula. Badirudi, gu, argazki horrek ‘ipini’ egiten gaituela eta beste ezer ez daukagula buruan, baina egiaztatuta daukat ez dela hori arrazoi bakarra, nik denetatik bidali izan baitut, eta ia beti hantzekoa azaltzen da argitaratuta.

Ezohizko izugarrizko jende andana azaldu den manifestazio bateko argazkietako bat hori izatea ez dago gaizki, nolabait jende uholde horren sentsazioa ematen baitu, baina behin eta berriro argazki bera ateratzerakoan, sentsazio hori apaldu egiten da, galdu.

 

Joan den urtarrilean Bilbon egin zen presoen aldeko manifestazioaren argazki orokorrari zentzua aurkitu nion, izugarria zen jende kopurua, harrigarria argazkiak ematen zuen sentsazioa; baina manifestazio guzietan argazki bera ateratzen saiatzek zer zentzu du?

Aspaldi, asko miresten dudan argazkilari batek esan zidan, “manifestaziora milaka lagun joan ziren” zioen titular baten azpian, behin eta berriro, milaka lagun erakusten zituen argazkia jarri beharrak, kazetak (edo kazetariek) beraien hitzak sinetsiak izan zitezen argazkiarekin demostratu behar zutenaren, edo pankarta ikusi ezean, beste edozein manifestaziotako argazkiak izan zitezkeenaren ustea zela. Hau horrela bada arazo baten aurrean gaude, argazkiak ez duelako ezer demostratzeko balio eta garrantzitsuena, irakurleak egunkari batean esandakoa sinesteko beharko lukeen froga bakarra egunkari horrek eta kazetari horrek esan izana delako.

Agian nire laguna oker zebilen, eta behin eta berriro argazki hori jartzeak ez du sinesgarritasunarekin zer ikusirik, baina orduan beste arazo baten aurrean gaude, gure egunkariak aspergarriak, monotonoak, kontserbadoreak eta irudiarekiko axolagabeak bihurtzen dituelako, eta horrek irakurleak uxatzen dituelako.

 

Oharra:

Haiek eta gu ez da banaketa politiko bat, ez da ideologia kontutan hartuta egindako sailkapena, ez du zer ikusirik manifestazioak egiteko arrazoiarekin edo protestazeko moduekin. Haiek, gure mugetatik at daudenak dira, atzerrian bizi direnak, eta gu, Euskal Herrian bizi garenak, baina batzuetan hego Euskal Herrira mugatzen gara, Estatu Frantsesean beste tradizio bat baitute argazkilaritzarekin.

 

Bilboko manifestazioko argazkia J.Urbek ateratakoa da, ArgazkiPresserako

Gure eta haien manifestaziotako argazkiak egunkari esberdinetatik hartutakoak dira.

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.