Euskaldunok, euskara egunero “sortzen” dugun horiek

Euskaldunok, euskara egunero “sortzen” dugun horiek

Halabeharrez datorkiguna normaltzat izaten dugu. Hori dela-eta, euskararen egoera “anormala” dela dakigu. Azken finean, euskal herri batean jaio direnak telebista edo-ta irratia piztu eta erdarak dituzte nagusi. Baita egunkari euskaldun eta abertzaletan ere diglosia delako hori suertatzen zaigu. Halabeharrez.

Orain dela 30 urte, euskararen legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Hortik hona, EAEn euskaldun kopuruak gora egin duen arren, erabilpenak behera egin du, ordea. Arrazoi ugari dira eta ez ditugu hemen arakatuko, baina argi dago euskara jakiteak ez du erdaraz bizitzea kentzen. Nafarroan eta Iparraldean zer esanik ez. Zoritxarrez.

Era berean, azken urteotan euskaldunok “hizkuntz eskubideak” aldarrikatu izan ditugu Euskal Herri osoan; euskaraz egiteko eskubidea, alegia. Halere, aurreko larunbateko Donostiako manifestazioak beste buelta bat eman dio eskaera honi, izan ere, euskaldun batzuk ez dute bakarrik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen; baizik eta “euskaraz bizi nahi dut” ozenki esan dute.

Euskaldunok, euskara egunero “sortzen” dugun horiekEz gaitezen engainatu. Euskaraz bizitzea hautu bat da, erabat kontzientea gainera. Horregatik, “hizkuntz eskubideak” aldarrikatzeaz gain, euskaraz bizitzeko hautua egitea aurrerapausoa da; sujetu aktiboago bihurtzen baikatu. Izan ere, administrazio publikoetara hainbestetan begira egon beharrean, geure buruari so egiten diogu. “Gu gara euskaldunok, euskara bizirik egiten dugun horiek, eskubide formal horiek gauzatzen ditugunok, alegia” gogorarazten diogu geure buru euskaldunari.

Gaur euskararen eguna dugu. Urte batetik bestera aldarrikapenak antzekoak dira. Aurtengoak, ostera, euskaraz bizitzeko hautua kontzientea plazaratzea dakarkigu; normalizatzeko bide luze honetan aurrerapauso itzela nire ustez. Azkenean, lehen berba euskaraz eginez gero, euskaraz solasteko aukera gehiago zabaltzen du.  Agian ez dugu euskara bera mintzagai izango, baina euskaldunok elkar ezagutzeko balio handiko detailea da.

Eta hori da euskaldunok egin beharreko kontu bat: euskara “hain sinboliko”-tzat hartzeari utzi eta eguneroko hizkuntza bilakatzea. Izan ere, geure penak eta pozak euskaraz kontatzeak bizia emango dio hizkuntzari. Hori da erdaldunak erdaraz egiten dutena.

Geurean, gainera, inork ez du egingo geure ordez. Euskaraz bizi gaitezen, beraz. Ahal dugun neurrian, behintzat. Euskara da euskaldun egiten gaituena eta euskaldunok hizkuntza egunero “sortzen” dugun “horiek” gara.

Euskaldunok, euskara egunero “sortzen” dugun horiek

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.