Familia babesteko herri-akordio bat

Familia babesteko herri-akordio bat –

Ukaezina da familia kontzeptua errotik aldatu dela azken hamarkadetan. Eta aldaketa horiek begibistakoak dira hainbat gauzatan: kide kopuruan, emakumeen rolean eta lan munduan sartzean, edo autoritarismoa eta errespetua bezalako balioetan.

Familia babesteko herri-akordio bat

Familia tradizionalaren kontzeptuak bilakaera izan du eta familia-formula berriak sortu dira, guztiak ere lehengoak baino txikiagoak. Seat 600 batean 4 edo 5 umeren irudiak aspaldiko garaiak dira. Gizarteak hartu duen bilakaeraren eraginez, emakumeek bataz besteko 1,39 seme-alaba dauzkate, eta ama izateko adina 33 urtetik gorakoa da (lanean sartzeko eta lan finkoa izateko eman diren atzerapenari lotutako kausak tarteko). Errealitate horrek talka egiten du euskal gizarteak adierazitako nahiarekin.

Hainbat azterlanen arabera, gazteek haurrak goizago izan nahiko lituzkete. Hori bai: seme-alaba bakarra. Euskadik, alor horretan ere, gure inguruko herrialde garatuenen jokamolde beretsua du. Ugalkortasun baxu hori azaltzeko hainbat erabaki pertsonal batzen dira. Horietako gehienak lotuta daude ekonomiarekin, eta baita haurrak zaintzeko beharrezko azpiegiturekin: laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko arazoak, ezegonkortasuna lan-merkatuan, amatasunaren eta emantzipazioaren atzerapena.

Aurrean dugun erronka erraldoia da: populazioa galtzen ari gara, eta daukaguna, gero eta nagusiagoa da. Arazo hau ausardiaz, konpromisoz eta epe luzeko ikuspegiz landu behar dugu.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duen Jaurlaritzak dagoeneko gure agenda politikoaren erdigunean jarri du auzia, ibilbide luzerako erabaki eta neurriak hartuz, arinkeriatik eta hauteskunde-taktiketatik ihes eginez, ez Estatuko gobernuetan ikusi izan dugunaren tankeran.

Familia babesteko herri-akordio batArazo demografikoak ez du egun batetik bestera eragiten, baina politikak epe luzerako ikuspegia behar du. Oso egokia iruditzen zaigu Familien eta Haurren aldeko Hitzarmena, berriki euskal erakundeek sinatutakoa, eta denboran iraunkorra izango den estrategia global bakarra egotera eramango gaituena (laguntza ekonomikoak, fiskalitatea, lan merkatua, kontziliazioa…). Erakundeak, Hirugarren sektoreak eta Unicef edo Save The Children bezalako erakundeek elkarlanean jardun dute akordio hau egi bilakatzeko. Orain alderdi politikoak, enpresa-elkarteak, sindikatuak eta gizarte zibila oro har inplikatu behar ditugu, guztion artean baldintzarik onenak sortzeko, familiek beren eskariak eta zerbitzu-beharrak asetu ditzaten. Halaxe jaso du Hitzarmenak; Herri Hitzarmena, euskal familiek nahi beste seme-alaba izan ditzaten. Herri Hitzarmena familia babesteko, gure gizarte osoaren zutoin gisa.

Urteak daramatzagu taulak, piramideak eta datuak aztertzen. Urteak daramatzagu ugalkortasuna laguntzeko politikak ezartzen, herri zaharkitua ez bilakatzeko. Baina emaitzak ikusita, agerikoa da ez ditugula behar beste politika ezarri.

Politika horiek premiazkoak dira. Baina premiazkoa da baita ere guztiok onartzea arazo demografikoaz gain, ekonomikoa ere badaukagula: jaiotza gutxiago, populazio aktibo eta okupatu gutxiago, eta horretara, kotizazioetarako diru-sarrera gutxiago.

Ahaleginak mereziko du, familia baita funtsezko bizikidetza-muina. Indibidualismoa eta konforta lehentasun diren gizarte honetan, non kosta egiten baitzaigun bizimodu erosoari uko egitea, pentsatu beharko genuke ardura osoa ez dagoela gure erakundeen eskuetan.

Amaia Arregi Bilboko Uriola

Familia babesteko herri-akordio bat

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

5 pentsamendu “Familia babesteko herri-akordio bat”-ri buruz

  • Behar baino beranduago bada ere ari da demografiaren inguruan eztabaidatzen euskaldunon artean. Pena da ordea ikuspegi ekonomizista hutsetik idatziak izatea iritzi gehienak, ikuspegi etniko-nazional batetik irabazteko baino galtzeko askoz ere gehiago dugula jakinda.

    60. eta 70. hamarkadan jaiotako baby boom belaunaldiak ez du somatuko agian, baina XX. bukaeran eta XXI. hasieran jaiotakook eraldaketa sozial latza ikusiko dugu geure bizitzetan, eta ez da onerako izango. Baby boom belaunaldia erretiratzen doan bezala bi estatuetako pentsio sistemak pikutara joaten hasi dira, eta estatuen bideragarritasuna kolokan jartzen ari da egoera hori. Ikusiko da politika sozialen iturria istean zer pasako den, baina 10-15-20 urteen bueltan panorama oso beltza jarriko dela ez da dudarik. Euskaldunok hobe genuke jaiotza politika serio eta espansibo bat planteatzen hastea gure bizitzetatik bertatik hasita. Gure biziraupena dago jokoan

    • aupa Mikelats!!! 2018-02-12 21:15

      Nik umea eduki dut. Eta bigarrena eduki nahi dut. Indian edo Afrikan biziko banintz, neba-arreba eta iloba pilo edukiko banu, ziurrenik ez nuke edukiko umerik edo bakarrarekin konformatuko nintzateke.

      Baina EHko egoera ikusita, gehiago kezkatu behar gara umeak edukitzeaz. Eta euskara eta abertzaletasuna transmititu. Hori da euskarari egin ahal diogun ekarpen handiena.

      Eta ez hainbeste inmigranteez kezkatu, adibidez. Eurak ez dira gutaz kezkatzen.

      • Bejondeizula! Haurrak edukitzea ez ezik hezkuntza egokia ematea ere funtsezkoa da guztiz, eta badirudi gauzak argi dituzula. Pozgarria zure gisako iruzkinak irakurtzea!
        Zorionak eta gozatu!

      • Haur gehiago eduki behar ditugu eta hortarako garrantzi handikoa da amatasuna eta aitatasuna gaztetan abiatzea. Ume bakarra edo bikotea soilik edukitzearen tendentzia ere atzean utzi behar dugu lehenbailehen. 4 edo 5 umeko euskal familiak salbuespena izatetik araua izatera pasatu behar dugu!

  • euskaldun bat 2018-02-16 17:18

    Ohikoa izaten da 3 ume edo gehiago dituzten gurasoei buruz halamoduzko esamesak entzutea, opusekoak ote diren etab. Beraien bizitza ustezko progreek eta zuzentasun politikoak jarritako hesien barruan antolatzen duten bururik gabeko ardiak bezala. Zoriontzekoa da bestelako jenderik ere badela ikusi eta iruzkin hauek irakurtzea.