[#EztabaidaNazionala] Sinesgarritasunaz

Sinesgarritasunaz –

Artikulua bi zatitan banatuko dut. Lehenengo zatian elite independentistaren ikuspegiak dituen eta nire ustez kaltegarriak diren aurreiritziak agerian jartzen saiatuko naiz. Bigarren zatian, berriz,  alde propositiboari helduko diot; euskal errepublikara eramango gaituen bide sinesgarri batek kontutan hartu beharko lituzkeen ideia batzuk aipatuko ditut.

Sinesgarritasunaz

Lehengo zatian egingo ditudan kritikak, autokritika moduan sentitzen ditut;  mundu hau aldatu nahi dugunok barku berean gaudela sentitzen baitut. Eta independentismoa zerbait bada horixe baita, mundu hau aldatu nahi dutenen mugimendua. Nire helburua, hortaz, ez da inor haserrearaztea, ez da inor mintzea. Baina aurrera egin nahi badugu, autokritika zorrotza eta autokritika politikoki zuzenaren artean autokritika zorrotzaren hautua egin behar dela oso argi dut. Kosta ala kosta.

 

1. AGERIAN JARRI (AUTOKRITIKA)

 

1.1 Sinesgarritasunaren garrantziaz

Autodeterminazio eskubidea egunen batean Espainiako gobernuak onartu beharko digula dioen bide independentista ez da sinesgarria. Hori ez da gertatuko eta jendarte osoak badaki. Sinesgarritasunarena funtsezko kontua da estrategia politikoez ari garenean. Sinesgarritasuna  duen biderik gabe jendartearen aktibazioa eta oinarria zabaltzea ezinezkoak dira.

1.2 Espainian ezin da

Espainiak  gurean hartzen duen forma 78ko erregimenarena da. Estatuan erabateko hegemonia duen mundua ulertzeko modua da 78ko erregimena. Ideologia horrek, guztion ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzea xede duen mekanismoa justifikatzen du. Eta Estatu aparatu guztiek lapurreta hori legalizatzea dute helburu. Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legal horren zaintzaileak dira. Hori da Estatu espainiarra, ez besterik.

Esan bezala, lapurreta legal hori erabat naturalizatua du Espainiako jendarteak. Horregatik, Estatuko jendartearen gehiengoak (Euskal Herrikoak barne) onartuta du Espainian pentsioek, lan baldintzek, osasungintzak, azken finean gure bizitzei zuzenean eragiten dieten gai estrukturalek okerrera egingo dutela. Ezin dela bestela. Ez dugu Espainian esperantzarik, beraz. “Espainian ezin da” leloa gu denon subkontzienteetan tatuaturik dugu.

Horregatik, Espainiaren “baimena” eskuratzea oinarrizko baldintzatzat duten aldebiko independentziarako bideak ez dira sinesgarriak jendartearentzako. Gernikako Estatututik hasi, estatus berriarekin jarraitu eta Kataluniako alderdien mahaiarekin bukatu, aldebiko bideak agortutako bideak dira.

1.3 Tarteko geltokiak hilerri bilakatzen direnean

Aldebikotasunaren logikapean independentismoak eskaintzak egin dizkio Estatuari. Balizko negoziaketa mahai batean jarri nahi zituen proposamen taktikoak egin dizkio, alegia. KAS alternatiba, Alternatiba Demokratikoa eta Anaitasunako Proposamena, adibidez, hori izan dira: Estatuak onartu behar zituen oinarrizko zoru demokratikoak. Borroka armatua gogorrenean zegoenean eta herri aktibazioa oraingoa baino handiagoa zenean, Estatuak ez zuen proposamen taktiko bat bera ere onartu. Horrela, zentzu komun independentistaren begietara, aldebikotasuna, bide itsua bilakatu da.

Horregatik, azken aldian independentismoaren zentzu komunaren kontra independentismoaren zati batetik egiten ari den Espainia konfederal eta demokratiko baterako proposamena, gurpil zoroari beste buelta bat ematea dela pertzibitzen du jendarteak. Espainiaren onarpena behar duten helburu taktikoekin tematzeak, tarteko geltokia betiereko hilerria bilakatzen du.

1.4 Partidu politikoek irentsi dute politika

Loiolako negoziaketa prozesuaren ingurumarian elite independentistak erabili zuen ideia batek zioen, gatazka kaleetatik atera eta negoziaketa mahaira eraman behar zela. Baieztapen horrek politika alderdi politikoen kontua denaren ideia zabaltzen zuen. Herritar ezjakinok, berriz, gure eliteek diotena egin behar genuen. Bozkatu eta aldian  behinka eliteek deituriko manifestazioetara joan. Politikaren ikuspegi elitista horretan jendartea objektua da, ez subjektua. Honela, sinesgarritasunik gabeko bide baten aurrean eta protagonista papera alderdien zuzendaritzek duten egoera batean, aktibazioa ezinezkoa da. Aurrera egitea ezinezkoa da.

1.5 Imajinazio politikoa antzututa dugu 

Erakundeetara iritsi eta berauek kudeatzeko darabilzkigun instrumentuetatik erakunde horiek gaindituko dituen subjektua sortzea absurdoa da. Independentismoaren neurria alderdiak badira, independentismoak behar duen imajinazio politikoa indarrean dagoen legedira moldatuko da. Horrela, euskal errepublikaren eskaria gero eta «irrealagoa» bilakatuz. Politikaren ikuspegi partidistaren ondorioz autozentsura egiten dugu. Gure imajinazioa antzutu egiten dugu. Ez dugu planteatu ere egiten, beste marko posible bat badela. Euskal errepublikaren eskaerak, estrategia sinesgarri batekin batera, gure bizitzen mugak zabaldu eta birpentsatzeko aukera ematen digula.

1.6 Alderdia ala aberria

Kosmobisio partidistaren beste ondorio bat oinarri independentista eta alderdiena (botoak?) berdintzea izan da. Independentismoari alderdien mugak, agendak eta erritmoak ezartzearen ondorioz, alderdia bera bilakatu zaigu helburu. Bitarteko izan beharko litzatekeena helburua bilakatu zaigu, alegia. Alderdia helburu bilakatzeak, erakundeen kudeaketa hutsa jarri du ortzi mugatzat. Ondorioz, nahiz eta ehunekoetan independentismoak behera egin eta Euskal Herri osoan abstentzioa %50era igo, independentismoa aurrera doala interpretatzen dugu EHBilduk ordezkari kopuruetan igoeratxoak dituelako.

Sinesgarritasunaz
Arg: EH BIldu

1.7 Independentismoaren ikuspegi partidista hutsaren paradoxa

Ikuspegi soilik instituzionalean badago salbatu ezin den kontraesan bat: alderdi independentistek demostratu behar dute beste inork baino hobeto kudeatzen dutela sinesgarritasuna irabazi eta hauteskundeetan gora egiteko. Baina aldi berean, kudeaketa ona banderatzat hartzeak, egungo markoan egiturazko arazoak konpondu daitezkeen mezua plazaratzera behartzen ditu. Ondorioz, alderdi independentistak gora egiteko baldintza euskal errepublikaren justifikazioa alde batera uztea bilakatu da.

1.8 Independentismoaren folklorizazioa

Oraingoz independentismoaren erreferentzia nagusiena denak bide sinesgarririk ez plazaratzeak, desaktibazioa eta oinarriaren murriztea ekarri du. Egunerokoan eragiten diguten arazoen (etxebizitza, lana, hezkuntza, osasuna, aisia…) inguruko konponbidea Espainian eta indarrean dagoen legedian dagoela plazaratzen ari gara etengabe. Inplizituki gehienetan eta esplizituki gero eta gehiagotan. Horrek independentismoaren justifikazioa folklore esentzialista ez-politikora baztertu du. Benetako arazoak Espainian konpondu behar direla badiogu, euskal errepublika beharrezkoa ez dela transmititzen duen independentismoa elikatzen ari gara. De facto, independentismoa souvenir  folklorikoaren esparrura zokoratu dugu.

1.9 Demokrazia deliberatiboa askapenerako ez da sinesgarria 

Demokrazia deliberatiboa da azken urte hauetan independentismoak bereganatu duen izate politikoaren ikuspegia. Ikuspegi horrentzat akordioak dira helburua; pertsona arrazionalak garenez akordioa beti izango baita denontzat onena. Politika pertsona taldeek inongo nahitasunik gabe egiten dutela esango digu demokrazia deliberatiboak; akordioak neutralak direla, alegia.

Independentismotik demokrazia deliberatiboaren alde egitearen arrazoia bi eratara justifikatu da. Lehenengo justifikazioak, Estatuak, negoziatu eta beteko lituzkeen akordioetara iritsiko garela diosku. Bigarren justifikazioak, berriz, kontsentsuaren eskaerak, negoziatu nahi ez duenaren (Estatuaren, PNVren…) posizioa higatu egingo duela. Edozer gertatuta ere, demokrazia deliberatiboaren logikapean aritzeak, independentismoa indartu egiten duela esaten zaigu. Win win kasu bat dela alegia.

Hala ere, demokrazia deliberatiboaren demagogoek diotenaren kontrara, injustizia eta zapalkuntza guztiak estaltzeko eta momentuko indar harremanak betikotzeko aitzakia paregabea da demokrazia deliberatiboak aldarrikatzen duen kontsentsua. Kontsentsua da egoera betikotu nahi duenaren ametsa; akordioak, aldiz, amets kontserbatzailearen erreminta.

Emaitzei eta mundu osoan zehar eman diren statu quo aldaketa prozesuei begiratuz gero, kontua erabat bestelakoa dela konturatzen gara. Ikuskera honi lehentasuna eman zaionetik independentisten portzentaia jaitsi egin da eta independentismoaren barneko animoa minimo historikoetara erori zaigu. Demokrazia deliberatiboak, berriro ere, toki berera garamatza: ez da sinesgarria statu quoa aldatuz bizitza hobetu nahi duenarentzat.

1.10 Sisepuedismoa

Orain dela gutxi, Albano Dante Fachinen hitzaldi bat entzuteko aukera izan genuen. Ondoren, pote batzuk tarteko, kontu askoren artean, komentatu zigun 2017ko udan euskal politikari ezagun bat Kataluniako parlamentuan izan zela. Bertan, Podemekoei (garai hartan Albano Dante bertako presidentea zen) Espainia ezin zela demokratizatu esan zien. Handik hilabete gutxira, Urriaren 1arekin batera, Espainian ezin zela ikusi eta Podemeko batzuk, Fachin haien artean, independentista bilakatu ziren. Horregatik, esan zigun, orain harritzekoa egiten zaiola independentismoaren zati bat sisepuedismora nola gerturatu den ikustea.

Albano Dante Fachin independentismora konfrontazioak ekarri zuen. Horregatik, elite independentistan nagusitu den logika deliberatiboak, independentista ez direnak ez ditu independentismora gerturatzen eta, aldebikotasunean tematzen garenez, jada indepea dena autonomista (federalista?) bilakatzen du. Sisepuedismoa ortzimuga berria ari zaio ezartzen independentismoari; Espainia barruan aldaketatxo batzuk egitearena. Horrela, sisepuedismoa, “comodos en España” (Espainian eroso) leloaren bertsio berritua bilakatzen ari zaigu.

Sinesgarritasunaz
Albano Dante Fachin. Arg: Omnium Cultural

1.11 Estatu sakona eta sable zarata, aldebikotasun hutsa justifikatzeko aitzakiak

78ko erregimenak egunero erakusten digu bere aurpegia. AHTa dela, etxegabetze bat dela, lan kontratu umiliagarri bat dela, emakumeen bazterkeria dela, pentsioen eskastea dela… gu guztion bizitzetako egunerokotasunean oso presente dago 78 erregimena. Horregatik zaila egiten zaigu Espainian egiturazko arazoak konpondu daitezkela sinestea. Sisepuedismoaren aldeko apustua egiten dutenak ere ohartzen dira guzti horretaz eta beraien posizioa justifikatzeko “aitzakiak” bilatzen dituzte.

Aitzakia horietan lehena PP eta VOXen etorrera da. Balizko etorrera hau sable zarataren bertsio berritua ari zaigu bilakatzen. Estatuarekin hautsi beharrean, erreformatu daitekeela sinestarazteko “txantai” berria. Kontua da, 78an ez bezala, oraingo honetan independentismoaren zati garrantzitsuenak xantaia hori onartu egin duela, horrela soilik justifikatu baitezake bere posizio politikoa.

Bigarren aitzakia Estatu sakona eta azalekoa bereiztea da. Argudio honek, PSOEk Espainia demokratizatu dezakeela eta nahi duela aurresuposatzen du, baina Estatuko aparatuek ez diotela uzten. Horregatik, PSOEn gobernua bultzatu behar omen du independentismoak.  Bere kabuz erortzen den argudioa delako ez naiz kontra egiten saiatuko.

Espainian, demokratizazio eta autodeterminazio kontuetan ez dago sakoneko edo azaleko estaturik. Batera doaz beraien “unidad de destino en lo universal” horretan. Hau barneratu arte independentismoak ez du proposamen sinesgarririk egiteko gaitasunik izango.

2. BIDE SINESGARRIAZ (BURUJABETZAK PRAKTIKARA) 

 

2.1 Aldebakartasunak, sinesgarria delako, indartu egiten gaitu

Katalunian, 2017ko urria arte jendartearen aktibazioa eta oinarri independentista zabaltzea posible izan zen, gehiengo zabalarentzat independentziara eta jendarte justuago batera eramango zituen bide sinesgarria egiten ari zirelako. Momentu haietan Kataluniako jendarte osoarentzat, berdin independentista ala unionista, Kataluniako errepublika posible zen. Gaur egungo Kataluniako alderdien mahaiarekin gertatzen ez den moduan, aldebakarreko bideak sinesgarritasuna zuen jendartean. Autodeterminazio eskubidea sekula onartuko ez dizun Estatu baten aurrean, aldebakartasunak bakarrik ematen duen sinesgarritasun hori oinarrizkoa  da aktibaziorako eta independentzia nahia zabaltzeko.

2.2 Herriak du boterea… eta gidaritza  

Aldebikotasunak, protagonismoa, alderdi politikoei eta beraien bulego ilunetan egiten diren bilera ezkutuei ematen die. Lehenago esan dudan moduan, aldebikotasun hutsean, alderdiak dira subjektua eta jendartea objektua. Eta horrek, indarrean dagoen legedira makurtzea dakarrenez, ez du statu quoa aldatzeko baldintzarik sortzen. Edozein prozesu askatzaileri begiratuz gero, jendarte antolatua agenda eta erritmoak inposatzeko gai izan denean soilik apurtu dira indarrean zegoen legediaren mugak. Horregatik, erabat konbentzituta nago, Euskal Herriko errepublikanismoak alderdietatik autonomoa izango den eta agenda eta erritmoak ezartzeko gaitasuna izango duen mugimendu bat behar beharrezkoa duela aurrera egin nahi badu. Horrela bakarrik izango ditugu askapenerako aukerak.

2.3 Burujabetza aldarrikatzetik praktikan jartzera (aldebikotasun hutsetik aldebakartasuna lehenestera)

Azken urte hauetan, independentismoak asmatu du burujabetzari zentraltasuna eman behar zaiola esaterakoan. Azken finean, burujabetza falta baita dugun arazo nagusia. Ezin baitugu edozein alorretan guk erabakitakoa aurrera atera. Ezin dugu, patriarkatuan, kapitalismoan eta Espainia eta Frantzia barruan bizi garelako, besteak beste. Bide horretatik, Euskal Herriko errepublikanismoak beste urrats bat eman beharko du: burujabetza aldarrikatzetik, hau da, gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek eman diezazkigutela erregutzetik, praktikan jartzera pasatu behar dugu. Elektrikek, gizonek, kapitalak, Espainiak, Frantziak, erdarek… lapurtu dizkiguten burujabetzak berreskuratzen hasteko ordua iritsi da. Baimenik eskatu gabe, legala izan ala ez izan. Norbanako eta komunitate moduan aske jokatzen hasteko garaia iritsi zaigu. Burujabetza iraultzari hasiera eman behar diogu.

2.4 Burujabetza iraultza 

Burujabetza aldarrikatzera (eskatzera) mugatzeak, aldebikotasunaren markora iltzatzen gaitu, alderdiei erabateko protagonismoa ematen dien marko horretara bertara. Aldarrikatzera mugatzeak, inplizituki, momentuko markoan aldarrikapenak betegarriak direla esaten digu. Burujabetzak praktikara eramaten hasteak, berriz, aldebakartasunaren potentzial guztia jartzen digu begi-bistan eta politikaren deselitizaziora gerturatzen gaitu. Burujabetzak praktikara eramateak, gainera, talka sortuko du alor diferenteetan, gure burujabetzak berreskuratu nahi ditugunon eta gure burujabetzak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko duen konfrontazioa, konfrontazio egokia izango da jendartea mobilizatu eta polarizazioa sortzeko.

Hala ere, hasierako bultzadaren ondoren, burujabetza iraultza hau ezerezean gelditu ez dadin, zentzua ematen dion helburu konkretu eta aglutinatzailea behar du; marko aldaketa posible dela sinetsaraziz, burujabetza iraultza gero eta indartsuago egingo duena. Helburu konkretu hori euskal errepublikarena izan daiteke soilik. Edo, ba al dago burujabetzak Espainia edo Frantzian eskuratu daitezkeela pentsatzen duenik?

2.5 Euskal errepublika da burujabetzak berreskuratzea ahalbidetzen duen marko sinesgarria

Behin eta berriro errepikatu dut sinesgarritasuna oinarri-oinarrizko kontua dela estrategia politiko arrakastatsu baterako. Jendeak sinestu egin behar du egiten duen horrek emaitzak izango dituela. Horregatik, burujabetza iraultza gutxi batzuen boluntarismoan gelditu ez dadin, lorgarria dela sinistu behar du jendartearen gehiengo zabalak. Estatu espainiar eta frantziarraren markoak ezbaian jarri gabe burujabetzen gauzatzea ez da sinesgarria, ez du jendartea aktibatuko. Horrela, espreski euskal errepublika eskatzen ez duen burujabetza iraultzak ez du arrakastarik izango. Burujabetza iraultzak, gauzatzeko, euskal errepublika behar du eta euskal errepublikaranzko bide batek, arrakasta izateko, burujabetza iraultza behar beharrezkoa du.

2.6 Arazoak aukera bilakatzen asmatu behar dugu

Gorago aipatu dudan moduan, 78ko erregimena ideologia bat da. Denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzea naturalizatzen duen ideologia. Estatu aparatu guztiek, berriz, lapurreta hori legalizatzea dute xede. Garai nahasi hauetan eta aldatuko ez den erregimen hori parean izanda, independentzia justifikatzen ez duen, hau da, folklorizatzen duen independentismo bat izatea akats historiko larria dela uste dut. Faktura izugarria pasatuko digun akatsa. Horregatik, egunerokoan eragiten diguten arazoak aukera bilakatzen jakin behar dugu. Euskal errepublikanismoak barneratu behar du Espainian ez dagoela egiturazko arazoentzat konponbiderik eta horren arabera pentsatu eta jokatu behar du. Talka egokia sortzen asmatu behar dugu, jendartearen zati handiena  beharrezkoa dugun euskal errepublikarako bidean jartzeko. Pedagogia independentistak urrats hori egiten lagundu diezaguke.

2.7 Pedagogia independentista                          

Pedagogia independentista da, egunerokoan eragiten diguten kezka eta arazoetatik abiatuz, edozein ekintzaren bitartez, euskal errepublikaren beharra plazaratzea. Pedagogia independentistak, ekitea lehenesten duenez, burujabetza lapurretek lotu dizkiguten ezkutuko kateak agerian jartzen laguntzen digu. Horregatik, pedagogia independentista euskal errepublikaren aldekotasuna zabaltzeko ezinbesteko erreminta dela uste dut.

Laburbilduz, pedagogia independentista da burujabetza diferenteak praktikara eramaten hasteko euskal errepublikanismoak duen erreminta. Esparru diferenteetan legitimitatez beteriko konfrontazioa sortuz, polarizazioa leku egokian sortzen lagunduko diguna. Burujabetza iraultza hau da euskal errepublikanismoa, indartu eta zabaltzeko dugun aukera bakarra.

Sinesgarritasunaz

2.8 Egun txikiek egun handira eramango gaituzte

Autodeterminazio eskubidea onartu behar digutela esaten digute. Hala ere, Espainia eta Frantziak sekula onartuko ez digutela erantzuten diegunean, aldebakarrez autodeterminazio eskubidea praktikara eramateko nahikoak ez garela esango digute. Lehenago oinarria zabaldu behar dela eta horretarako logika instituzional hutsa erabili beharko dugula. Indarrean dagoen markoaren kudeaketa ona dela aldebakarretik autodeterminazioa praktikara eramango duen subjektua sortzeko giltza, alegia.

Artikulu honetan hori ezinezkoa dela argudiatzen saiatu naiz. Aldebiko logikak aldebikotasunera moldatzen duen subjektua sortzen du eta aldebakarreko logikak aldebakarrera ohitzen duen subjektua sortuko du. Horregatik, autodeterminazio eskubidea aldebakarretik martxan jarri aurretik, autodeterminazio ekintza txikiagoak egin beharko ditugu. Egunerokoan egin beharreko burujabetza iraultzek baldintzak eta askapen subjektua sortuko dituzte, autodeterminazio eskubidea aldebakarrez egikaritu ahal izateko eta erreferendum hori irabazteko.

2.9 Imajinazio politikoa eta ausardia

Sinetsi dezagun burujabetzak gureak direla, pentsatu dezagun indarrean dagoen legearen mugarik gabe, pentsatu dezagun lotsarik gabe, pentsatu dezagun konplexurik gabe, pentsatu dezagun justua dena irudikatuz, pentsatu dezagun aske … eta ekin diezaiogun. Aprobetxatu ditzakegun mila esparru diferente ditugu burujabetzak praktikara eramaten hasteko. Bat aipatzearren, pentsatu dezagun burujabetza energetikoa eta hasi gaitezen praktikara eramaten. Saltatu dezagun mugatzen gaituzten legeen gainetik. Jokatu dezagun burujabe.

Baditugu udaletxe batzuk, badugu erradikalizatuta dagoen jende kopuru handia, badugu martxan jarriz gero erradikalizatu daitekeen jendartea, badugu arrazoia. Eta badugu burujabetzak praktikara leku egokian eramateak emango ligukeen zilegitasuna. Jar dezagun martxan burujabetza iraultza eta berreskuratu dezagun eraginkortasuna, berreskuratu dezagun sinesgarritasuna.

 

#EztabaidaNazionala

Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz Sinesgarritasunaz 
Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz  Sinesgarritasunaz

7 pentsamendu “[#EztabaidaNazionala] Sinesgarritasunaz”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-16 23:08

    Oso gai interesgarria ZuZeureratu duzu.
    Guztiz ados nago zurekin, Unai… ikuspegi bati dagokionean.

    Izan ere, bide hertsira murrizten dena hertsitu egiten da, eta makaldu eta muskulua galdu. Eta hori da, in my opinion, EH.Bilduri gertatzen zaiona, eta larriena dena, Sorturi berari ere.
    Muskulua galtzen ari direla. Batetik, bide hertsietara lerratzen delako; eta bestetik Alderdien jokoan ari delako, berea ez den Zelaian. Ez dakit konturatzen diren, baina, nik uste, kanpoko Zelai horretan ez dute sekula santan irabaziko (réfere jaunak eurak ere kontrakoak direla (Justiziarekin egin dugu topo, Sancho); nahiz eta gauza batzuetarako egokia izan zenbait lorpen partzial erdiesteko; eta are gehiago ezkerreko aliantzak egin ahal izanez gero, etab.
    Alderdien Zelaitik ateratzeko aukerak behatu beharra dauka, inoiz gauza serio bat lortu nahi badu; adibidez, hausteskunde batzuetan noizbait nagusitu. Nik behin plateatu nuen, eta ez nenbilen brometan, emakume soilez osatutako hautes-plataforma behin-behineko bat planteatzea, herri-mugimenduen eskutik, behetik gora, taxuz iharduteko behar den bezala betiere.

    Bestelako aukeraren ba bai?. Honez gero, gauden egoeran egonik, ez gaitezen beldur izan Esperimentuak egiteko. adibidez PERUko sistema, behin Altsasuko bilera batean planteatu nuena, eta hori ere EZ brometan.

    PUNOko udalerrian bi alkate zeuden: bata instituzionala, eta bestea herrikoa. Azken hau ikusteko parada izan genuen: gurdi dotore batean zekarten, bere medaila eta hornidura guztiekin.
    Ez al dago Zelai Bitan aldi berean jokatzerik?, planteatu nuen orduan.
    Noski, ez zen halakorik erabaki, baina batek esan zidan, aparte, ideia hori apuntatuta geratzen zela.
    Joko binario horretan kontraesanik izan ez dadin, noizean behin bileratxo bat egin, eta kitto.

  • Unai Apaolaza 2021-11-17 20:11

    Mila esker ekarpenagatik, Josu. Aipatzen duzun Punoko kasu hori interesgarria egiten zait. Ikertuko dut.

  • Zuhaitz Ordoki 2021-11-18 14:34

    Aupa Unai!
    Lehenik eta behin zorionak artikuluarengatik.
    Astelehenean irakurri nuen eta oraindik buruan bueltaka neramala egin dut topo Pello Otxandianoren azken gogoetarekin:
    https://erria.eus/sinadurak/marjinak-eta-disonantziak
    Bertan, besteak beste, deigarriak egin zaizkidan bi puntu nabarmendu nahi nituzke.

    – Gizarte hiperazeleratu eta hiperkonektatuan bizi gara. Jende askok lan orduak amaitu ondoren lanean segitzen du, eta azkenean bilatzen duena bere ingurune sozialetik deskonektatzea da. Horrek militantzia aldenik alde zeharkatzen du.
    – Aisialdi eredua geroz eta gehiago etxe barruan ematen da (“Netflix jendartea”).
    “Halako megafaktore globalak aintzat hartu gabe betaurreko zaharrekin begiratuko diogu herri mugimenduari, eta argazkia lausoa aterako zaigu beti.”

    Ez dakit zer deritzozun gogoeta horren inguruan. 2017an Katalunian elementu horiek mahai gainean zeuden, eta hala ere matxinada herrikoi baten lekuko izan ginen.

    Bestalde, ez dakit ongi barneratu dudan demokrazia deliberatiboaren ideia. Uste dut akordioak lortzea eta indar metaketa zabalak biltzea ez dela ber gauza, baina era berean batak ez duela bestea kentzen.

    Mila esker

  • Unai Apaolaza 2021-11-21 10:15

    Kaixo Zuhaitz. Pelloren artikulua Sortuko barne prozesuaren logikatik ulertu behar dela uste dut. Prozesu horretan dauden bi aukeretatik baten alde egiten du. Horregatik, uste dut, nahiz eta oso txukun idatzita egon, atzean ez duela eduki handirik.
    Demokrazia deliberatiboa politika ulertzeko modu bat da. Gaur gaurkoz nagusitasuna hartzen ari dena. Motzean, politikaren helburua eztabaida arrazionalaren bidez guztiontzako onuragarriak izango diren akordioak erdiestea litzateke. Ikuskera horren tranpa non dago? Indar posiziorik ez balego bezala planteatzen duela politika eta horrek, de facto, indar posizioan dagoenari egiten diola mesede. Artikulu honetan aritu nintzen gai horretaz: Akordionismoa | Iritzia | GARA Euskal Herriko egunkaria (naiz.eus)

  • Barkatu, baina estatu zapaltzaileen egiturak bidea ez direla hainbeste errepikatu ondoren, bukaeran letra lodiz “Baditugu udaletxe batzuk…” irakurrita txundituta geratu naiz. Udaletxe espainiar/frantziarrak tresna dira eta foru aldundi, autonimoa gobernuak ez???

    Independentismoa zerbaitek ahultzen badu ikuspegi estrategiko falta eta oinarria, hau da, sentimetu abertzalea galarazi izana da.

    Ikuspegi estrategikoa:
    – Ze barne indar daukagu? Zenbat jendek ditu beretzat euskaldunok beste nazioetatik ezberdin egiten gaituzten ezaugarriak? Herritarren ze ehunekok? Ze ehuneko dago nazio zapaltzaileengandik asimilatuta? Biztanleen ze ehuneko dira Eskal Herria bera ukatu eta bertan integratu nahi ez duten kolonoak? Zein da euskaldunon erreferentzia markoa gaur egun kirolean, futbolean, merkataritzan… Errealitate honekin aldebakarreko bideari ekin diezaiokegu??? Ala lehen fasean arlo hauetan hobekuntzak lortu behar ditugu aurrerago beste urratsak posible izan daitezen?

    – Ba al daukagu gure aldebakarreko bidea babestuko duen nazioarteko potentzia handirik? Ala katalanak bezala dida batean airean eramango dituzte gure aldebakarreko amets inozoak estatu zapaltzaileen iritziz horertarako unea iritsi denean?

    – Estatu egitura batzuk abian jartzeak bere lanean jakingo duten dozenaka milaka lagun trebatuta edukitzea eskatzen du. Gaztetxe batean trebatuko dugu jendea lan horretan? Ez ote da eraginkorragoa izango gureak ez diren, baina antolaketa eta funtzioak parekagarriak diren erakundeetan trebatzea?

    – Sinesgarritasunak errealismotik etorri behar du. Gainerakoan bide itsutik eramango gaituen inozokeria besterik ez da.

    Sentimendu abertzalea:
    Euskal Herria es da Vallecas, ez eta Gamonal ere. Euskal Herria nazioa da eta definizioz, beste nazioetatik bereizten gaituzten ezaugarri propioak ditugu, gure kasuan, ukatuak eta galaraziak. Hori da independentziarako beharra sortzen digun arrazoi nagusia. Independentzia gai unibertsalei lotuz (AHT, etxebizitza eskubidea ala munduko edozein txokotan arazo izan daitekeen bestelako edozein gai), eta, berezko arrazoiak ezkutatuz (euskaldunon zapalkuntza, euskal herriaren zatiketa..) gure berezko izaeraren kontzientzia galtzea besterik ez dakarkigu.
    Azken urteetan zabaldutako mezu okerrak, hau da, EH-n bizi diren asimilatu eta kolonoak independentzia “hobe bizitzeko” dela konbenzitzeko erabilitako bideak gauzak okertu besterik ez ditu egin. Berezko arrazoiak lantzen eta gizarteratzen hasi behar dugu berandu baino lehen.

  • josu naberan 2021-12-14 22:54

    “Sinesgarritasunak errealismotik etorri behar du”

    Goiburu ederra, lagun.

    Baina “errealismoa” gaur egun DAGOENA da:

    Eta Gaur egun dagoena, batez ere eta denaren gainetik, 2.030-AGENDA dugu.
    Utz bazterrera kontu zaharrak eta tokikeriak. E.H.aren burujabetasuna eta independentzia eta sezesionea… ederki,
    baina hori (euskaldunok bakarrik eta isolaturik lortzen oso zaila, zinez) tresna bat. Tresna bat besterik ez, ORO HAR DAGOENARI BEGIRA.

    Eta dagoena oso latza da: 2.030-Agendaren SUBJEKTUA den Elitea izugarri da boteretsua.
    Gure E.H. maitea, adibidez, takada batez bezatu (domestikatu du), ezkerraren ezkerrenik hasita… INDEPENDENTISTA jatorrenetik hasita.

    Ez gara gai izan, ezta, geure umeak eta nerabeak babesteko ere. Sasi-txerto pozoitsu batekin txertatuko dituzte, inependentista jatorrenen mutur aurrean.

    Jo dezagun ikuspuntu estrategiko zabalagoarekin., edo jai daukagu.
    Larunbateko manisfestarien artean espero zaituztet Donostian, gure BENETAKO ERREALITATEA neurtzen.

  • josu naberan 2021-12-14 22:59

    Ah, Unai

    Ba la ditugu, egiatan honez gero “udaletxe batzuk”, TAPIA ANDRA gORENAREN takadaren ostean?

    Noizko matxinadara deitzea? Tren guztiak galdu eta gero?