Basauri

Basauri –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

BasauriBehin edo bitan egon naiz Basaurin, baina, oroitzapenak lauso, ezin dut zehaztu noiz izan zen, edo nola, edo norekin. Laudion lankide izan nituenekin agian? Nolanahi ere, Basaurirekiko izan ditzakedan zorrak kitatu ahal izango ditut 2027tik aurrera, Gasteiztik Bilbora trenez joateko Basaurin geldialdia eta tren aldaketa, abiadura handitik abiadura txikira, egiteko aukera izango dugunean. Zergatik ez buelta bat Basauri hobe ezagutzeko? Data gutxi gorabeherakoa da, jakina: AHTaz ari garela, zer dira urteak?

La Unión autobus konpainia ahalguztidunaren arduradunak barrezka egongo dira; azken buruan, Dimako mendatetik joanda ere, azkarragoa izango da Gasteiztik Bilborako bidaia autobusez abiadura handi-txikiko trenez baino. Inoiz ez dakizu nondik iritsiko zaizun negozioa.

Aitortu behar dut Basauriko albiste hori irakurri nuen lehen aldian, sakelakoan, erdizka eta presaka, pentsatu nuen EH Bilduko baten esajerazioa zela, txantxetan edo, nahita. Geroago, albiste osoa irakurri eta den-dena benetakoa zela egiaztatu nuen, adarjotze galanta. Geroago, Arriola sailburua eta Sánchez ministroa ikusi nituen pren-tsaurreko batean Basaurikoaz serio hitz egiten. Serio? Harrigarriena da ikustea nola hitz egin daitekeen jendaurrean lasai asko Basauriko lardaskeriaz algaraka hasi gabe edo ohe azpian lotsatuta ezkutatzeko beharra sentitu gabe. Porlanezko aurpegiarena beharbada ez da metafora bat.

EAJ, bere aldetik, AHTetik aldentzen hasi da apurka-apurka. Hamaika ikusteko jaio gara. Ortuzar jaunarentzat penagarria da dena (“un desastre”), orain arte xahutu den dirutzarekin bidegorri izatera ere iristen ez den zera hori lortzeko. Denboraren makina izango bagenu, Ortuzarren hitz horiek bidaliko nituzke AHTari buruzko eztabaida hasi zen garai haietara. Badirudi erruak banatu edo urruntzeko garaian gaudela orain. Egia da Urkullu eta Arriola atera direla urak baretzera, lurpeko geltokiak egingo dituztela, garrantzizkoena dela lanak bukatzea eta abar, baina hazia hor dago.

Lanak bukatzea garrantzizkoa dela: hori ere barre egin gabe bota dute.

Basauri

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude