Euskal Herriarentzako konstituzioa

Euskal Herriarentzako konstituzioa

Euskal Herriarentzako konstituzioa

Euskal Herriko nazioak, Justizia, Askatasuna eta Segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatzen du:

Euskal Herriarentzako konstituzioa

Borroka garaia webgunerako kolaborazioa, egilea: Aritz Grande Burgoa

Sabino Agirre eta Monzonek, Batzorde Konstituziogilearen Lehendakariak, berau ikusi eta ulertzen duten guztiei:
Jakin ezazue Batzorde Konstituziogileak onetsi duela, eta Euskal Herriko herriak berretsi, honako Konstituzio hau.

HITZAURREA

Euskal Herriko nazioak, Justizia, Askatasuna eta Segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatzen du:

LEHENENGO ARTIKULUA: ESTATU SUBIRANOA

1. Euskal Herriak Errepublika Demokratiko burujabea eratzen du. Euskal nazioaren subiranotasuna Euskal Herriko herrian datza eta hortik sortzen dira Estatuaren botereak.

2. Konstituzioa eta berau garatzen duten gainerako arauak Euskal Herriko nazioaren batasunean oinarritzen dira, berau baita euskaldun guztien aberria.

3. Euskal Herriaren subiranotasunaren ondorioak dira:

a) Batetik, Euskal Herriak bere burua politikoki, ekonomikoki, gizarte arloan zein kulturalki antolatzeko duen ahalmena.

b) Bestetik, Euskal Herriak, beti ezaugarri duen uste onaren arabera, nazioarteko erkidegoan bizikidetza baketsua, lagunkoia eta elkarlana oinarri duten harremanen multzoa antolatzeko duen ahalmena.

BIGARREN ARTIKULUA: LURRALDE ANTOLAKETA

1. Lurraldeari dagokionez, Euskal Herria udalerri, eskualde eta Lurralde Historikoetan antolatzen da.

a) Euskal herria osatzen duten Lurralde Historikoak hauek dira: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa.

b) Eskualdeak dira antzeko ezaugarriak dituzten udalerrien multzoak eta udalerri hauen eta Lurralde historikoen arteko harremanak errazteko funtzioa dute.

2. Erakunde horiek guztiak autonomia dute beren interesak kudeatzeko. Beraien arteko solidaritatea Euskal Estatuak bermatzen du, lurraldeko toki ezberdinen artean oreka ekonomiko egoki eta zuzena ezar dadin begiratuz.

HIRUGARREN ARTIKULUA: HIZKUNTZA NAZIONALA

1. Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza nazionala eta ofiziala. Euskal Herriko hiritar guztiek daukate berau jakiteko eta erabiltzeko eskubidea eta betebeharra. Artikulu hau garatzen duen lege batek ezarriko du zein den hiritar guztiek euskara ikasteko duten epea.

Euskal Herriko euskalki eta azpieuskalkien aberastasuna kultur ondarea da eta ondare horrek begirune eta babes berezia du.

2. Lurraldean lurraldeko legeek arautuko dute hizkuntza nazional ofizialaren eta erdal hizkuntzen arteko harremana. Azken hauei ofizialtasuna aitor dakieke lurraldearen zati batean baina inolaz ere ez lurraldearen osotasunean.

3. Estatuaren erakundeetan zein hauen menpe daudenetan lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza euskaldun izatea da, euskaraz hitz egin eta lan egiteko gai izatea alegia.

4. Euskara hutsean aritzen diren elkarte, erakunde, enpresa eta alderdiek laguntza publikoak eskuratuko dituzte.

LAUGARREN ARTIKULUA: BANDERA NAZIONALA

1. Euskal Herriaren bandera nazionala Ikurriña da: Nafar Kateen banderaren hondo gorriaren gainean Ander Deunaren kurutze berdea eta honen gainean Kristoren kurutze zuria. Leku publiko eta ofizial guztietan aireztatuko da.

2. Lurralde Historikoetako legeek bandera eta ikur berezkoak onar ditzakete. Horiek Ikurriñaren ondoan jarriko dira Lurralde Historikoetako eraikin publiko eta ekintza ofizialetan.

3. Beste bandera batzuk (Arrano Beltzarena,…) ofizialki erabili ahal izango dira geroago horretarako prestatutako lege baten bidez.

BOSGARREN ARTIKULUA: EZKUTU NAZIONALA

Seirak Bat izeneko armarria da ezkutu ofiziala. Bera bakarrik edo Ikurriñaren gainean erabiliko da.

SEIGARREN ARTIKULUA: ERESERKI NAZIONALA

1.  Euskal Herriaren ereserki ofiziala Iparragirreren Gernikako Arbola da.

2. Beste batzuk (Eusko Gudariak, Agur jaunak, Eusko Abendaren Ereserkia,…) ekintza batzuetan ofizialtzat hartu eta abestuko dira.

ZAZPIGARREN ARTIKULUA: JAI NAZIONALA

Jai nazionala aste santuko bazko eguna da, Aberri Egunaren ospakizuna, hain zuzen ere.

ZORTZIGARREN ARTIKULUA: HIRIBURU NAZIONALA

1. Euskal Herriaren hiriburu nazionala Iruña da. Bertan egongo dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren, Eusko Legebiltzar Nazionalaren eta Epai Boterearen erakunde gorenen egoitzak.

2. Hala ere, beste hiriburuei dagokien hiriburutasuna ez zaie kenduko:

Bilbao: Ekonomiarena eta Finantzena.

Donostia: Kulturarena eta Turismoarena.

Gasteiz: Ohiko Autonomi Erkidegoaren egoitza dagoen hiria eta Esperientziaren hiriburua.

Baiona: Arrantzarena eta Europartasunarena. Euskal Herriko herriak halan erabakiz gero eta Euskal Herria Europako Batasuneko kide bihurtuz gero, hiri honetan izango dute beraien egoitza Europako Batasuna ordezkatzen duten organoek.

3. Gernikak tratu berezia izango du euskaldun guztion eta Euskal Herri osoaren hiriburu saindu eta sakratu bezala, Errekontziliazio eta Bakearen Hiria izango da. Lau urteroko goi kargu publikoek bertan zin egingo diote haien karguari. Eusko Legebiltzar nazionalak hainbat lege garrantzitsu bertan onartuko ditu geroago horretarako prestatutako lege baten bidez.

BEDERATZIGARREN ARTIKULUA: ERLIJIOA

Erlijio batek ere ez du izango estatu-izaerarik. Botere publikoek kontuan hartuko dituzte Euskal Herriko gizartearen erlijio sinesteak, eta Eliza Katolikoarekin eta beste erlijioekin lankidetza-harremanak izango dituzte, oreka oso bat lortuz.

HAMARGARREN ARTIKULUA: HERRI ZAINTZA

1. Orain arteko Espainiako Polizia Nazionala, Gendarmerie eta Goardia Zibila desegin egingo dira eta erakunde horietako partaideei haien jaioterrietara itzultzeko bidea erraztuko zaie,  geratuko direnei euskal herritarra izateko balditzak betetzeko eskatuz.

2. Orain artean Euskal Herriko lurraldean jarduten duten Ertzantza eta Nafar Foruzainak erakunde bakarrean bilduko dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren pean.

HAMAIKAGARREN ARTIKULUA: INDAR ARMATUAK

1. Euskal Herriaren defentsarako bolondres ordaindutakoez osatutako armada ez-iraunkor bat sortuko da. Armada honek gudu-defentsiboetan baino ez du jardungo, inolaz ez badaezpadako-guduetan.

2. Inor ez da armak hartzera zein armada honetako partaidea izatera behartuko.

3. Era berean indar gabe geratuko dira Euskal Herriaren lurralde osoan Espainiako zein Frantziako indar armatuak. Haien partaideek beraien herrietara bueltatzeko aukera izango dute, hemen geratuko direnei euskal herritarra izateko baldintzak betetzeko eskatuz.

HAMABIGARREN ARTIKULUA: OINARRIZKO ESKUBIDEAK

1. Ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri dira gizabanakoaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, eta legeei eta gainerakoen eskubideei zor zaien begirunea.

2. Euskal Herriko Konstituzioa eta gainerako legeak interpretatzerakoan, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala.

HAMAHIRUGARREN ARTIKULUA: PERTSONA GUZTIEN ARTEKO BERDINTASUNA

Pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean, ez da inor bereiziko arraza, sexua, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gora-beheragatik.

Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo burujabetasun mugak dituena.

HAMALAUGARREN ARTIKULUA: ALDERDI POLITIKOAK

1. Alderdi politikoek aniztasun politikoa adierazten dute, herri-nahia eratu eta azaltzen dute, eta politikan parte hartzeko oinarrizko tresnak dira.

2.  Haien sorrera eta jarduerak askeak dira, legeak errespetatuz.

3. Ezingo da alderdi politikorik legez kanpo utzi, ez eta beraien parte hartzerik mugatu. Alderdiren baten legez kanporatze edo haren parte hartzea oztopatzeko ideia zabaltzea Euskal Herriko Estatua eratzen duten printzipio demokratikoen kontrako jarduera larritzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu.

HAMABOSGARREN ARTIKULUA: ADIERAZPEN ASKATASUNA

1. Gizabanako guztiek dute iritzi eta adierazpen askatasuna. Eskubide honek barne hartzen du bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta iritziak eta informazioa mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.

2. Komunikabideek pentsamenduak, ideiak eta iritziak, idatziz nahiz beste edozein bidetik askatasunez zabaltzeko eginkizuna beteko dute.

3. Alderdi politikoen eraentza aplikatuz, egunkari, irrati zein beste komunikabide legez kanporatzeko edo uzteko ideia zabaltzea Euskal Herriko Estatua eratzen duten printzipio demokratikoen kontrako jarduera larritzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu.

HAMASEIGARREN ARTIKULUA: BILERA ESKUBIDEA

Bilera baketsu eta armarik gabekoa egiteko eskubidea aitortzen da. Eskubide horren egikaritzak ez du aurretiazko bermerik behar.

HAMAZAZPIGARREN ARTIKULUA: EZKONTZEKO ESKUBIDEA

1. Pertsona orok du ezkontzeko eta familia osotzeko eskubidea, arraza, sexu, herritartasun edo erlijioagatiko inolako mugarik gabe.

2. Ezkontza eskubidearen kontzeptuak bere baitan hartuko ditu emakume-emakume arteko, emakume-gizon arteko eta gizon-gizon arteko loturak eta kasu guztietan ezkontzak berezko dituen ondorio guztiak izango ditu.

3. Ezkontideek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura disolbatuz gero.

4. Familia eratzeko eskubideak guraso bakarreko kasuak eta sexu bereko nahiz ezberdineko guraso biko kasuak hartzen ditu bere baitan. Horrez gain, honek edo hauek ondorengoak izan ditzake edo ditzakete bide naturalen bitartez edo adopzioaren bitartez.

HAMAZORTZIGARREN ARTIKULUA: HEZKUNTZA SISTEMA

1. Pertsona orok du hezkuntza eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizkoaren, ertainekoaren eta goi mailakoaren kasuetarako.

2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea eta Giza Eskubideen errespetua indartuz herrialde, arraza eta erlijio guztien elkar ulertzea izango da.

3. Gaur egungo Udako Euskal Unibertsitatea, urte osorako Euskal Unibertsitate Nazionala bihurtuko da, instituzioen eta komunitate unibertsitarioaren laguntzaz bide pedagogikoak, zientifikoak eta euskaldunak erabiliz aurreko paragrafoko helburuak betez.

HEMERETZIGARREN ARTIKULUA: LANGABEEN KASUA

1.  Langabe guztiek soldata iraunkor bat kobratuko dute lanpostu iraunkor bat aurkitu edo sortu arte.

2. Soldata horren zenbatekoa haien ordezkariek, sindikatuek, enpresarien elkarteek eta Eusko Jaurlaritza Nazionalaren artean adostuko da. Ezingo du izan gutxieneko lanbide-artekoa azpitikoa.

3.   Egoile langabeek ere laguntza ekonomiko zehatz batzuk jasoko dituzte haien egoeretatik ateratzen laguntzeko.

HOGEIGARREN ARTIKULUA: ZIGOR SISTEMA

1. Zigor askatasun gabetzaileek gizartean birsartzea dute helburu. Ezin dakioke inori egite edo ez-egiteen ondorioz kondena edo zehapenik ezar, baldin eta une horretan delitu, falta edo arau-hauste administratiboak ez badira, aldi horretan indarrean dagoen legeriaren arabera.

2. Atxilotuak hurrengo eskubideak izango ditu:

a) Lehenbailehen eta ulertzeko moduan jakinaraziko zaizkie beren eskubideak eta atxilotzeko arrazoiak.

b) Atxilotuak ezin dira behartu adierazpenak egitera.

c) Atxilotuentzat konfiantzazko abokatu-laguntza bermatuko da, polizia-eginbideetan eta eginbide judizialetan.

3. Askatasun gabetuek hurrengo eskubideak izango dituzte:

a) Lan ordaindua izateko eskubidea.

b) Kultura lortzeko eskubidea

c) Bere nortasuna oso-osorik garatzeko eskubidea.

4. Debekatuta dago aurreneurrizko atxiloketak burutzea. Atxilotutakoa agintaritza judizialaren esku geratuko da atxiloketa burutu eta batera.

5. Atxilotuari ezin dakioke inoiz torturarik egin, ez eta zigor edo tratu jasanezinik eman. Jarduera hauek burutzeak zigor-erantzukizuna eragingo du.

Atxiloketa inkomunikatua torturatzat joko da eta horren araberako ondorioak izango ditu, hori agindu duen agintariak erantzukizuna izango duelarik.

6. Zigor askatasun gabetzaileak askatasun gabetuaren azken bizilekutik hurbilen dagoen kartzelan beteko dira.

Askatasun gabetua bere azken lekutik urruntzea torturatzat hartuko da eta horren araberako ondorioak izango ditu, hori agindu duen agintariak erantzukizuna izango du.

HOGEITABATGARREN ARTIKULUA: EUSKO LEGEBILTZAR NAZIONALA

1. Eusko Legebiltzar Nazionala 85 legebiltzarkidek osatzen dute.

2. Legebiltzarkideak sufragio unibertsal, libre eta sekretu bidez hautatuko dira. Hamazortzi urtetik gorako euskal herritar guztiek dute botoa emateko zein aukeratuak izateko eskubidea.

3. Lurralde Historiko bakoitzak legebiltzarkide kopuru bat aukeratuko du bere biztanleria zein herrialdeen arteko oreka kontutan hartuz:

Bizkaiak 30 legebiltzarkide

Gipuzkoak 19 legebiltzarkide

Nafarroak 19 legebiltzarkide

Arabak 9 legebiltzarkide

Lapurdik 6 legebiltzarkide

Zuberoak 2 legebiltzarkide

4. Abstentzioak ere beraren ordezkariak izango ditu. Ordezkari hauen lana informatiboa, kontsulta eta proposamenak egitekoa izango da.

HOGEITABIGARREN ARTIKULUA: EUSKO JAURLARITZA NAZIONALA

1. Eusko Jaurlaritza Nazionala osatuko dute Lehendakariak, Lehendakari Ordeak, Ministroek eta legeak ezartzen dituen beste kideek.

2. Eusko Jaurlaritza Nazionalaren Lehendakaria Eusko Legebiltzar Nazionalak aukeratuko du. Eusko Legebiltzar Nazionalaren konfiantza jaso duen Lehendakari horrek bere jaurlaritza osatuko du.

3. Hauek dira Eusko Jaurlaritza Nazionalaren Ministeritzak:

Industria, Ekonomia eta Finantzen Ministerioa.

Nekazaritza eta Arrantzaren Ministerioa.

Hirigintza eta Ingurugiro Ministerioa.

Osasun Ministerioa.

Emakume eta Sendi Planifikazioaren Ministerioa.

Herrizaingo Ministerioa.

Kultura eta Kirolen Ministerioa.

Hezkuntza Ministerioa.

Lan Ministerioa

Nazioarteko Harremanen Ministerioa.

HOGEITAIRUGARREN ARTIKULUA: EUSKAL HERRITARTASUNA

1. Eusko Jaurlaritza Nazionalak kudeatuko ditu herritartasuna eskuratzeko eta galtzeko egoerak, beti ere Konstituzioak ezarritako baldintzak kontuan hartuz.

2. Euskal herritarra da:

a) Euskalduna den pertsona, euskaraz hitz egiteko eta lan egiteko gai dena. Beraz, kanpoan bizi diren euskaldunak izan daitezke euskal herritar.

b) Euskal Herrian jaiotako herritar guztiak egun edonon bizi direlarik.

c) Azken 10 urtetan Euskal Herrian bizi direnak.

3. Baldintza hauetatik kanpo gelditzen diren herritar guztien kasuak banan-banan eta zehatz-mehatz aztertuko dira haien arrazoi eta balizko eskubideak kontuan hartuz. Hala ere bertan bizi diren kanpotar guztiek daukate hainbat eskubide: Botoa ematekoa eta dohaineko osasun laguntza jasotzekoa.

HOGEITALAUGARREN ARTIKULUA: ENBAJADAK

Enbaxadak eramango dira Madril, Paris, Brusela, New York,… eta bertan kokatu harreman diplomatikoak eta komertzialak  handituz.

HOGEITABOSGARREN ARTIKULUA: EUSKAL EPAI BOTEREA

1. Justizia herriari dario eta bere izenean administratzen dute Epai Boterea osatzen duten magistratu eta epaileek.

2. Magistratu eta epaile hauek guztiz burujabeak dira Estatuaren beste botereekiko, batez ere Eusko Jaurlaritza Nazionalarekiko.

3. Salbuespen auzitegiak debekaturik daude.

4. Justizia dohainekoa izango da edozein kasutan.

HOGEITASEIGARREN ARTIKULUA: EUSKAL BANKU NAZIONALA

Eusko Jaurlaritza Nazionalak Euskal Banku Nazionala eratuko du: Berezko moneta (Ipar) igorri eta herritar guztiei emango zaie partaide eta bazkide izateko aukera. Kooperatiba baten antzera Eusko Jaurlaritza Nazionalak kudeatzailearena egingo du benetako banku nazionala erraztuz.

HOGEITAZAZPIGARREN ARTIKULUA: KONSTITUZIOARI BURUZ

1. Konstituzio honen kopia bana munduko Estatu guztietara bidaliko da, Nazio Batuen Erakundera eta munduan zeharreko euskal etxe eta zentro guztietara.

2. Euskal Herriko familia guztiek ere ale bana jasoko dute etxean dohainik.

3. Hemen adosten dugun Euskal Herriarentzako Konstituzio demokratiko hau hamabost urteren buruan orduko herritar guztien beharretara egokituko da beharrezko aldaketak eginez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Herriko Estatura gehitu nahi duten inguruko herrialdeak gehiengoz erabaki beharko dute erreferendum baten bidez. Gehituz gero hauen egoera herrialde berezi edota autonomotzat geldituko litzateke.

Herrialde horiek izango dira Bearn, Errioxa eta Euskal Herriko Estatuaren kanpo mugak ukitzen dituzten besteak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

 Konstituzio hau indarrean jartzen den unetik aurrera Espainiako Konstituzioak, Euskal Autonomi Erkidegoko Estatutuak, Nafarroako Foru Hobekuntzak, Frantziako Konstituzioak eta hauek garatzen dituzten beste arauek bere balioa galduko dute.

AZKEN XEDAPENA

Konstituzio hau indarrean jarriko da Estatuko aldizkari ofizialean beronen testu ofiziala argitaratzen den egunean bertan.

Hortaz, euskal herritar guztiei, herritar nahiz agintari, agintzen diet honako Konstituzio hau bete eta betearaz dezaten

Errege Nafarren Jauregian, bi mila eta hamaikako azaroaren 21ean.

Sabino Agirre eta Monzon

http://borrokagaraia.wordpress.com

Euskal Herriarentzako konstituzioa  Euskal Herriarentzako konstituzioa  Euskal Herriarentzako konstituzioa  Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzioa Euskal Herriarentzako konstituzoa

7 pentsamendu “Euskal Herriarentzako konstituzioa”-ri buruz

  • mezu hau bazkalondorengo jogurra janez irakurtzen hasi naiz, eta (barkatuko didazue zabarkeria) gonbitolarria sartu zait…

    Oso ideia polita iruditzen zait etorkizunean EH independenteak izango lukeen Konstituzio bat irudikatzea, baina zein baloreren gainean eraiki da testu hau!??!?!?

    Lehen postuan egon behar dute ereserkiak, banderak eta ezkutuak??? Buagggjjjj! Sinboloak garrantzizkoak izango dira, baina, beheraxeago ere kabituko dira… Gainera, ze arraio da “Ander Deunaren kurutze berdea eta honen gainean Kristoren kurutze zuria” aipatzearen hori… Kristo??? Mesedez eta faborez,… gero politikoki zuzendu nahi duzu ERlijio askatasuna bermatuko dela esanez, baina plaza guztietan Kristoren Gurutzea zabaldu nahian zabiltza!! Aze erlijio askatasuna…

    total… ez naiz seigarren artikulutik pasatu,…
    akaso, sabela hutsik dudan beste batean izango da…

  • Amonamantangorri 2011-11-23 18:52

    Konstituzio “berri” hori idazteko, Agirre Monzon Jaunak ez du, esate baterako, Suitzako Konstituzioa begiratu ere egin (Zertako?). Espainiako konstituzioa euskaratu, petatxuak bete, eta lixto.

    Hautes-sistema: Espainian behintzat, sistema horri “proportzionala” esatea, “Trantsizioko” garaietan sartutako ziri gaizto bat besterik ez da, batzuren ustez, “atado y bien atado” haren adibide bat gehiago. Igual Euskal Herria bezalako populazio txiki batekin hobeki funtzionatuko zuen, auskalo. Estatu federala izan arren ganbera bat eta bakarra edukitzea, xelebrekeria litzateke.

    Hizkuntza nazionala: Espainiar konstituzioaren aniztasunarekiko begirune falta eta harropuzkeria jakobinoa kopiatu du. Hori da Euskal Herriaren hizkuntza-aniztasun sekularraz puta idearik ere ez eukitzea.

    “Nafar Kateen banderaren hondo gorriaren gainean Ander Deunaren kurutze berdea eta honen gainean Kristoren kurutze zuria”. Honek pentsarazi dit, testua, “La Consti”-aren plagio lotsagabea izateaz gainera, ez ote den izanen auskalonoizko bertsio baten fusilatzea. Euskara normalean, “Ander Deuna” ez da deus.

  • Bada Xaxak ez bezala, neuk zoriondu nahiko nuke gure konstituzioko aitari.
    Jode, hauxe da behar genuena asteburuko patxaranaldia animatzeko, iupiii! Kopetaraino nengoen betiko gaiekin; sare sozialak, walking dead, identitatea… Biba zeu eta zeure konstituzioa!

  • konstituzioaREN esan nahi nuen, barkatu jaun-andreok

  • […] behar dira hondakinak, kontzientziak inarrosteko» Victoria Mendoza: Eta hemendik aurrera, zer? Euskal Herriarako konstituzioa Onintza Enbeita: ez da sinplea Xabier Gantzarain: Denona Unai Iturriaga: Matematikak Iker Aranburu: […]

  • Egia esan, ez zait batere gustatu konstituzio hau. Inguruko estatuen konstituzioetatik edaten du zalantzarik gabe. Zertarako nahiko ditugu guretzat besteei hainbeste kritikatzen dizkiegun gauzak? Zergatik ez gara saiatzen zerbait berria egiten? Behetik gora eraikitako demokrazia partehartzailea behar dugu eta bandera, ereserki, ezkutu eta kaka zahar gutxiago.

  • jatorrizkoa ez zen honela, norbaitek desitxuratu egin du.
    Berriztatuaren aurkezpena duzue abenduak 6an 3etan Durangoko Azokan. Eskerrik asko.