Hautesajea: UPyD

4522-rosa-diez-durante-el-acto-de-upyd1Hauteskundeak pasata hautes-ajea dator, biharamuna. Orain bakoitzak bere lekua hartu behar du, gertatu denari buruz erreflexioa egin eta aurrera begira bere ildoak zehaztu. ZuZeun Euskal Herrian dauden alderdi nagusien papera aztertu nahi dut, nire irakurketa egin eta ahal bada zuen ekarpenak eta iritziak jaso. Txikienetik handienera joango naiz idazten hurrengo egunotan. Lehenengoa, UPyD.

UPyD Euskal Herrian ordezkaritza txikiena duen alderdia da, baina Espainiako hauteskundeetako irabazleetako bat da. Era berezian egiten dute euren politika, batez ere besteen kontra, eta ez zerbaiten alde. Badirudi beti haserre daudela, beti dutela guztiak etsai. Eta egia esan bide horretatik arrakasta lortu dute: 1.400.000 bozka baino gehiago eta lehen zuten Rosa Diezen ordez, 5 diputatu, nahikoa talde parlamentarioa osatzeko baldin eta legea ez duten modu zurrunean betearazten. Horien artean Toni “antinazionalista” Cantó aktore eta raperoa egongo da eta Carlos Martinez Gorriaran, mundu osoan ETAkide gehien ikusten dituen ETAkide ohia. Gazteleraz idatziko banu “todo no es de color de Rosa” jarriko nuke eta titular ona litzateke. Euskaraz ez duenez graziarik, magenta kolorea aipatuko dut.

UPyD alderdia “zerbaiten aurka” sorturiko alderdia da. Rosa Diezen figuraren inguruan, PSOErekiko kritiko, espainiar TDT partyaren konplizitate osoa izan du. PSOE kolpatzeko erabili dute, egunero egunero medioetan ateraz. Gainera guztiak iraintzen joan dira gora, berdin zien nor zen, denak dira “ETAren lagunak” Gorriaranekin sartuz gero edo “inkulto” batzuk Gorka Maneiro kritikatuz gero.

Ez dut uste UPyDk bere maximoa lortu duenik. Oraindik hazten jarraitzeko aukera dute, batez ere orain talde parlamentarioa dutela ikusita. Baina PP gobernuan egonda ez dira hainbeste aterako telebista eta tertuliatan. Dagoeneko ez dira “tonto erabilgarriak” eta jada ez dago PSOE egunero eta orduoro kritikatzen egon beharrik. Eta gaiak desagertzen joaten badira, PPk “euskal gaia” nolabait konpontzeko saiakerak egingo balitu… UPyDren diskurtso ahalmena mantendu arren berau ezaltzeko aukerak desagertzen dira.

Izan ere, zertarako nahi du PPk euren medioetan mantendu kritikoa den ahots hau, gehiengo absolutua dutelarik nahi dutena egin ahal badute? Eta zer esanik ez PSOEren gertu dauden medioek, ez dutela inoiz begi onez ikusi Rosa Diezen alderdia.

Hauteskunde legearen aldaketa
UPyDren proiektu izarra hauteskunde legearen aldaketa da: “espainiar bat, bozka bat” da ideia. Eta bere horretan demokratikoa dirudien arren, hainbat eskualderen ordezkaritza ukatzen du. Horretarako dago Senatua, esan daiteke… baina egia esan euren aldarrikapenak badu sostengua ezkerreko eremuan (IU litzateke onura gehien izango zituenak). PSOEk ere begi onez ikus dezake: izan ere PSOEk diputatu asko galduko balitu ere, lege aldaketarekin PPk orain ere ez luke gehiengo osorik izango.

UPyDren aitzakia Amaiur izango da: bozken herenarekin 2 diputatu gehiago lortu ditu. Baina hor erraturik daude, eta azkar demostra daiteke: zirkunskripzio bakarrarekin Amaiurrek 5 diputatu lituzke gutxienez, Katalunia, Gaztela eta Andaluzian sostengua iazn duelako, historikoki, “Herri Batasunaren alderdiak”.

Arazorik handiena, ordea, PPk aldaketa hori egitean interesik ez duela da. Zerrenda bakarrarekin ez lituzke hainbeste bozka jasoko (aukera gehiago daude alderdi marjinalek ere diputatua lortzeko) eta gainera gehiengo osoa errepikatzeko aukera ere galduko luke. Ez dute euren interesen aurkako erabakirik hartuko.

Anti-Amaiur
UPyDk antinazionalistatzat du bere burua. Benetan Amaiurren aurkako politika egingo du, hori baita Deabru berria. Baina horrek ere denbora muga bat du: PPk hala nahi badu “euskal gatazka” konpontzeko bideak jar ditzake. PSOEk ere agindu behar izateko ardurarik gabe diskurtsoa erraztu ahal du. Eta medio batzuen laguntzarekin gatazkaren parametroak alda daitezke.

Beraz Amaiurren aurkako borroka horretan extremista gisa gera daitezke, hor metatuz hurrengo urteetako ildo politikoa, baina kaduzitatea jarriz euren alderdiari. Iritsi daiteke momentu bat non horrelako diskurtsoak eskuin-muturreko eremuetan baino ez duen isla. Momentu horretan UPyDren “transbertsalitate” hori kolokan geratuko delakoan nago, alderdi ultra eta intrantsigente gisa agertuz. Horrek badu bere publikoa, noski, baina PPk ondo egiten badu bere lana “bakearen aurkak” gisa agertarazi ahal ditu, euren bozka guztiak bereganatuz. 1,5 milioi bozka posible ez dira pagotxa, gero.

Egoera Euskal Herrian
UPyDk paper garrantzitsua har dezake Gaztela, Madrilen eta agian Valentzian bertan dagoen bipartidismoaren aurrean hirugarren aukera bat emateko. Jendeak ez du nahi Jack Johnson eta John Jacksonen artean erabaki gauzak gaizki doazenean. Euskal Herrian, ordea, ez dute indar handiegirik. Araban duten ordezkari bakarra galduko luke legalizazio egoera batean. Gainera PPri kendu dizkien botoek Araban eta Nafarroan parlamentarioa kendu diote, kasu batean Geroa Bai eta bestean Amaiurri emanez. Kontraesan erraldoia da hau euren jarraitzaileentzat eta, beraz, eskarmentua izan dezakete hurrengo baterako.

Gainera UPyDk Diputazioen desagerpena proposatzen du, EHn oso sustraituta dauden erakundeak (Gasteizko gobernua ez bezala) eta Kontzertu Ekonomikoa edo 4. Xedapen Iragankorra kentzea ere proposatzen dute. Neurri hauek guztiak ez dira oso jarraituak gure artean.

Euren proposamen izarrak, gainera (biztanle bat = bozka bat), euren parlamentarioa ere kenduko luke Arabatik. Oso merke atera zitzaien eta Espainian igoera izan badute ere Euskal Herrian ez dute nahikoa izan. Zinegotzi, batzarkide eta parlamentaririk gabe, alderdi erresiduala litzateke, Espainia eta Euskal Herriaren arteko aldea nabarmentzen duen beste faktore bat.

Espainiako hauteskundeak, politika, UPyD

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

3 pentsamendu “Hautesajea: UPyD”-ri buruz

  • UPyDren boz guztiak Arabako PPra joanda ere, Amaiurrek ez luke eserleku hori galduko. Agian EAJk galduko zukeen. Gainontzekoarekin ados.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Bazen garaia norbaitek gogora arazteko UPyDk bere lehen hautetsia, plaza politikoan sarrera eman ziona, orain hainbeste kritikatzen duen sistema ez proportzionalari zor diola, Araban lortzen delako errazen eta boto gutxienen trukean ordezkari bat. Arrain oroimen interesatua!

  • “Hautesajea” barik, “hautestondo” bota zuen atzo itzultzaile batek Itzulist foroan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude