“Ez dugu Amaiurrekin hitz egingo Konstituzioak ez dituelako bere helburuak babesten”

Inozook. Aitzakiarik gabe gelditu zirela uste genuenok. Espainiako Gobernu berria ez da Amaiurrekin elkarrizketan arituko. “Konstituzioak babesten ez duen helburua du Amaiurrek“, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari orokorrak esana. Hitzak lotu egingo al du Cospedal?

ETA gaitzestea? Biolentzia amaitzea? ETAtik aldentzea? Ez. Orain Espainiako Konstituzioak zure proiektua “babesten” ez badu, ez duzu merezi hitz bat ere, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari orokorraren iritziz. Egundoko baldarkeria. Zentzugabea da argudioa IUk “Konstituzioak babesten” ez duen errepublika nahi duelako, ERCk Kataluniaren independentzia aldarrikatzen duelako, UPyDk hauteskunde legearen aldaketa proposatzen duelako eta, fin ibiliz gero, PPk eta PSOEk “Konstituzioak babesten” ez zuen defizit publikoaren muga konstituzionala jarri ziotelako. Hortaz, Konstituzioak dioena dagoen moduan, aldaketarik gabe, babestu behar duzu/zaitu Gobernuarekin hitz egiteko. Txalo bero bat Cospedal anderearen argudioarentzat. Aho gehiegi izango da belarri gutxirako. Horren arabera, PPk ez du inor entzungo.

Konstituzioaren aldaketa proposatzeko zilegitasuna duen alderdi bakarra haiek dira. Edo denak Amaiur salbu. Edo UPyD bai, baina IU ez. Edo auskalo… Esan duenaz pentsatuko al zuen Cospedalek?

Esandakoa prestatuta bazuen langa kezkagarria ezarri berri du, baina argudioan atzera egin dezake horren ahultasuna/malgutasuna ikusita. Gainera, aldi berean, ETA(=mamua) aipatu ez izana harrigarria da. Erantzuna galderari izkin egiteko inprobisatu badu, ETA alde batera uztea  argudio erraz horri uko egitea da. Bata ala bestea izan, ETAri buruz ezer esan ez izana miraria izan da. Hainbeste aurkako sentimendu pizten dituzten hiru hizkien ordez Konstituzio arrazional eta lehorra erabiltzea aldaketa badela uste dut. Baina, oro har, orandik misterio handia da PPk prozesuari begira izango duen jarrera. Publikoki behintzat lubakietan segitzen dute.

Oina zuloan

333.628 bozka legal lortzea, lau lurraldetan ordezkaritza erdiestea, lurralde historiko batean lehenbiziko indarra bilakatzea, EAEko bigarren esparru politiko bozkatuena izatea, Nafarroako hirugarren lekua eskuratzea, aurkeztu den barrutietako bozken %22a ordezkatzea, 3 senatari izendatzea eta 7 diputatu aukeratuak izatea ez da nahikoa. PPrentzat ez da beharrezkoa ordezkari horiekin hitz egitea, are gehiago, Amaiurrekin hitz egingo ez duela baieztatu du hauteskunde emaitzak zenbatu eta 20 ordura. Hori al da euskal presoen auzian aldarrikatzen duten “zuhurtasun” bera?

Antza, ez da nahikoa babes demokratiko legala hitz egiteko, politika egiteko. Eta, lehen esan bezala, badirudi ETAren amaierak ez duela zertan horretan eraginik izan. Zur eta lur. Baldintza “demokratiko” berriak jartzen maisuak dira espainiarrak. Laura Garrido PPko kideak Berrian esandakoa kea da: “Edozein aldaketak gure marko juridikoa errespetatu beharko du, eta marko juridikoak zehazten dituen prozedura.” Gehitu izan balu “baina ez dugu haiekin hitzik ere egingo”, boikoteatu egingo dituztela, alegia, Garridoren aldetik zehaztasun dotorea zatekeen. Bestalde, Antonio Basagoitik iragarri zuen Raxoik “esku ezkerra” izango zuela, ederki hasi da.

Oina zuloan du PPk. Ezker abertzalearen (gehitu orain Aralar, EA eta Alternatiba) kontrako jarrera neurrigabeak latz egingo du Raxoiren politika aldaketa. Abertzaleekiko hurbilketa oro errotik deuseztatu zuen aspaldi, eta PPtik ez dator egoera berriarekiko egokitzapen zantzurik. Egia esan, ez da harritzekoa Bilduko alkate baten eta PPko zinegotzien arteko solasagatik barkamena eskatu behar badute hedabide garrantzitsuek polemika sortu ostean.

Inork gutxi du zalantzan PPk posizio berria hartuko duela euskal auziaren inguruan, Financial Timesi edo Koffi Annani entzungor ez egiteko bada ere.

Gaur, ordea, arindu ordez, Dolores de Cospedalek trasantlatikoaren mugimenduari zama erantsi dio: hitzaren zama. Eskerrak “espainol hitzak” euskaldunaren aldean gutxi balio duen.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra