Euskal gorputzaren bila

Euskalduna naiz? Ez dakit. Zerk egiten du euskaldun? Gogoak? Orduan, bai, euskalduna nintzateke. Gorputzik gabeko euskalduna, baina. Gogo hutsa.

Ez, ez naiz aingerua, baina nire  gorputz euskalduna ez da inon eta inoiz agertzen. Beno, noizbait agertzen zait, bi urtean behin, Korrikan. Orduan, euskara haragi bihurturik, nire euskal gorputza sentitzen dut, beste inon ez. Mamu euskalduna naiz. Izena dut, baina  izana ez; hitza, baina ez ahotsa. Idazkera da nire mamu gorputzari forma ematen dion oihala. Horregatik, haragitzeko mirariaren zain, euskaraz idazten jarraitzen dut.

Ez dakit sindrome hori oso hedatuta dagoen euskaldunen artean. Agian gorputzik gabeko euskaldun gehiago egongo dira. Sintomak? Sintomarik ez izatea, hain zuzen ere. Sintomak gorputzean agertzen dira eta guk ez dugu gorputzik. Hutsune bat, sorgortasuna eta, batez ere, distantzia. Urruti, oso urruti — argi-urteetara — sentitzen gara. Euskaldunen gorputza —  odola, haragia, azala —  desiratzen dugu; haien ondoan egotea, haien beroa sentitzea.  Alferrik,  desiratzen ditugun gorputzak  ukitzerakoan gure desioen artean urtzen dira.

Sarriren liburukotean irakurri nuen: “Ez gara ezer, nahi duguna izango gara… Gramatika eta hiztegiak baino ez ditugu”, idazten zuen Sarrik. Lasaitu ederra hartu nuen.  “Ni ez naiz arraro bakarra”, pentsatu nuen. “Euskaldun gorpuzdun horiek ere mamirik gabekoak dira, gramatika eta hiztegiak baino ez zaie geratzen. Haiek ere mamuak dira, eta haiek bezala, nik ere gramatika eta hiztegiak eskura ditut”.

Bidea irekita nuen: gramatika eta hiztegiak. Nire kezkak eta penak bukatuta! Baina mamuen oihaletan pozak gutxi irauten du. Horra hor non agertu zen Amuriza . “Gramatika eta hiztegiak zaharkiturik daude”, oihu egiten zuen profeten ahotsez. Banengoen ba ni! Adibide bat jartzen zuen: Zigorgabetasuna ala inpunitatea? Berak oso garbi zuen. Nondik zetorkion segurtasun (segurantza, segurtamen, ziurtasun) hura? Bere gorputz sendotik, dudarik gabe (ezin da ukatu, haren ahotsa lekuko, Amurizaren euskal gorputza sendoa eta gihartsua denik ) Zigorgabetasuna? Inpunitatea? Nik, zintzo zintzo, lehenengoa aukeratuko nuke (gainera, “inpunitatea” jarriz gero, hiztegi-zuzentzaileak gorriz azpimarratzen du). Ba, ez. Amurizak ezetz zioen. Eta nor nintzen ni, gorputz gabeko ziztrin bat, Amurizaren euskal senaren kontra altxatzeko ? Eta zertarako balio zuten gramatika eta hiztegi zaharkitu haiek euskal senik ez baduzu? Eta hasperen batean gramatika eta hiztegirik gabe geratu nintzen; eta, horrekin batera, benetako gorputz euskalduna lortzeko itxaropena ere galdu nuen. Ez gara ezer, zioen poetak; eta ni, hutsaren hurrengoa.

Agur Zuberoa, agur Euskal Herria. Granadara noa.

“Bertso terapia behar duzu”, gomendatu zidan lagun batek. Zentzuzkoa iruditu zitzaidan aholku hura. Amuriza bertsolaria zen. Agian bide horretatik euskal gorputza eskuratuko nukeen azkenean. Gogo beroz hasi nintzen. Kontatu behar dizuet nola bukatu nuen? Imajina ezazue: gorputzik ez, belarririk ere ez. Eta nola ibili daiteke bertsotan bertsoekiko gorra izanez gero? Lehenengo bertsoak harrapatzen saiatzen ari nintzenerako, bertsolariak bukatzen zuen. “Ez kezkatu”, lasaitu ninduen nire lagunak, “hasierako bertsoak betelana baino ez dira. Mamia bukaeran dago”. Handik aurrera azken bertsoak, bidelapur batek bezala, zelatan itxoiten nituen. Eta iritsi ere iristen  ziren, baina ez nuen tutik ulertzen. “Izan ere, argitzen zidan nire lagunak, azken bertsoa ulertzeko aurrekoak ere kontuan hartu behar dira”. Ikusten al duzue ñabardura? Kontuan hartu, ez ulertu. Gogo hutsek ulertu baino ez dezakegu; kontuan hartu ahal izateko gorputza ezinbestekoa da. Ñabardura hori bertsolaritzan sartzeko giltza omen da.

“Desioa ez baduzue, eskatu desioa izatea”, esaten ziguten apaizek. Eta halako zerbait egin nuen. Etsita, ulertzeko imintzioka  hasi nintzen. Besteak bero-bero txalotzen hasiz gero, nik inork baino beroago. Barre eginez gero, nire barreak inorenak baino ozenagoak. Hunkiturik geratuz gero, ni negar batean. Gogo beroak bultzaturik zutik jarriz gero, ni misil bat bezala altxatzen nintzen. Alperrik, ezin jaso bertsoaren dohaina. Denboraren poderioz, imintzioka ibiltzen nekatu egin nintzen.

Ez nuen etsi, halere. Itxaropen guztiaren kontra idazten jarraitu nuen. Idatzi eta ZUZEUn plazaratu ere. Nire kalterako! “Gizarte” ala “jendarte”?  Zer jarri behar nuen? Nik “gizarte” jarriko nukeen —  hala ikasi nuen eta — , baina  “jendarte” omen zen zuzenago, arau “politiko” berrien arabera. Ez nekien, inozoa!, hitz hori tranpa hitza zela, bonba hitza hobeto esanda. Izan ere,mezu hau jaso nuen: «“Jendarte” hitza irakurri/entzuten dudanean buruak pum egiten dit.» Imajina ezazue nire kezka eta nire ezinegona. Bat-batean artikulu osoa bonba-tranpa hitzez josita zegoela iruditu zitzaidan. Beldur nintzen ez ote ziren nire aldamenean lehertuko euskaldunen buru minbera eta hauskorrak. Nola jakin euskal senik gabe ?  A!, zer emango nukeen halako euskal buru minbera eta hauskor horiek izateagatik! Zer, euskal sena jasotzeagatik? Alferrik, mamua baino ez nintzen; gorputz gabea.

Granadara! Oihalak, beloak eta mamuen gauzak maletan sartzen hasi nintzen. “Granadara ez, Amezketara joan beharko zenuke”. Nire laguna zen. “Amezketara? Herri malapartatu horretara? Ba al dakizu non dagoen?”, erantzun nion, nire ezetz biribila adieraziz. Zer egingo du han Gorbeiako mamu batek?  “Amezketara”, errepikatu zuen irmotasunez. Eta biatiko gisa izen hau eman zidan: Fernando Bengoetxea Altuna.

Eta hemen nauzue, Amezketan.

Blas Aginako

Gorbeiako mamua

FILOSOFO OHIA

4 pentsamendu “Euskal gorputzaren bila”-ri buruz

  • Egun batean borroka armatuaren eraginaren kontuak bazterrean laga eta bizi gaituZten harrikadez beharko dugu serioski mintzatzen hasi. Pentsatzekoa al da hau bezalako artikulu bat frantsesez, espainolez edo ingelesez? Uste baino hondatuago gaude, euskaldun maiteok, eta ez dirudi dagoenik couldinarik sendatuko gaituenik…

  • Nahiarekin bakarrik Euskalduna zera? Ze merke dago Euskalduna izatea.

    • Bat nator zurekin Hanhemengo. Euskalduntasunaren (auskalo nork zehaztutako absolutoa) merketasuna, garestitasuna, fuertetasuna… da harrikada horietako beste bat. Antza, neurtu egin daiteke euskalduntasuna. Eta areago, hirugarren batek baloratu eta epaitu. Zuk diozun bezala, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez halako gauzak entzunda zer ez genuke esango..

  • Aitortzen dut: ez dut askorik ulertu…
    dena dela diozu “Nik ‘gizarte’ jarriko nukeen”… ba jar zazu ba, gizona. Jarriko zenukeenari uko egin (moda absurdo batengatik) eta zeren kexu zara ba…