Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Euskal gaizkileak: Martin Larralde –

Euskal gaizkileak seriea:
Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga
Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai
Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra
Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria
Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea
Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak
Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”
Euskal Gaizkileak: Belateko lapurrak

Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Martin Larralde Iturbide, Bordaxuri izenez ezaguna, Hazparnen jaio zen 1782ko urtarrilaren 7an, Elizaberri auzoan. Lapurtarra Plumaienea baserrian sortu zen; aita Guillaume Larralde, Bordaxurikoa, eta ama Marie Iturbide, Plumaienekoa. Ogibidez zapataria izan zen.

Marie ama zendu zitzaionean, Martinek aitari ama zenaren baserri zatia eskatu zion, ama izatez sortetxe horretakoa baitzen. Eztabaida majo gaiztotu omen zen bien artean.

1815eko ekainaren 27an, Guillaume Larraldek baimena eman zion Jean Ospital, Kaselarenbordako etxetiarrari, Plumaieneako lurretan belarra biltzeko; azken honek tiro bat jaso zuen bizkarrean lanean ari zela, eta zerraldo erori. Jendarmeek Plumaieneako premua jo zuten errudun, eta preso hartu zuten uztailaren 4an.

Baionara eraman zuten atxilotuta eta azaroaren 28an auzitaratu zuten Pauen: galeretara kondenatu zuten bizi osorako. Zazpi epaile agertu ziren erabaki honen alde, eta bost kontra. Rochefort hiriko galeretara eraman zuten abuztuaren 5ean, 35 urte zituela, eta bertan hil zen 1821ko abenduaren 19an, 40 urterekin.

Pasarte triste honi buruz antzezlan bat idatzi zuen Piarres Larzabal apaizak, “Bordaxuri” izenekoa. Antzerki honetan fikzioak presentzia handia dauka, besteak beste semea aita hiltzen saiatzen baita, baina Martin Larralderen izena haizatu zuen ezker-eskuin.

Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Epaiketak dio Bordaxurik ez zuela jasan auzotar bat bere ustez bereak izan behar ziren lurretan lanean ikustea, eta horregatik hil zuen Ospital. Auzotar ugari izan ziren lekuko, eta beraien testigantzak erdaraz jasota daude, nahiz eta ez ziren gai frantsezez mintzatzeko. Epaiketan Martin Larraldek eta lekukoek xiberotar bat izan zuten itzultzaile.

“Itsaso zikin bat” podcasta

Martin Larralderi gertatutakoaren harira bertso sorta bat zabaldu zen bere garaian,  eta oraindik ere abesten omen dira Elizaberrin, askoren ustez Larralde biktima izan baitzen, eta ez borrero. Pantxoa eta Peiok bertsoak musikatu zituzten, Galerianoren kantua:

Mila zortzi ehun ta hamabortzgarena
ni Hazparnen preso hartu nindutena
pluma gaineko premu orok dakitena
galeretan higatu beharko naizena…
 
Kantatzera nihazu alegera gabe,

ez baitut probetxurik trixkaturik ere;
nehun ebatsi gabe, gizonik hil gabe,
sekulazko galereak enetako dire…

Ala zorigaitzeko premu izaitea!
harrek eman baiteraut betikotz kaltea;
aitari galdeginik sortzeko partea,
galeretan eman nau, hauxe duk dotea!

Ene aita da gizon kontsideratua,
semia galeretan du segurtatua;
nun nahi otoitzean belaunikatua,
saindu iduri, debru madarikatua!

Ene lehen kusia, Kader Bordaxuri,
fagore bat banuke galdatzeko zuri;
ongi adreza zaite ene arrebari,
ene saltzeko zonbat ukan duen sari!

Aita aitzenean ta arreba ondoko,
osaba burjes hori diru fornitzeko;
ez ordian enetzat bi sei liberako,
galeretan bederen leher egiteko!

Elizan sartzen dire debozionerekin;
Iduriz badoatzila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Deabruak pesta onik einen du herekin.

Zortzigarren bertsua anaiarendako:
Kontseilu bar banikek hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi, etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.

Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dutalarik begiau nigarra;
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainiz bakarra.

Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

Hok eman izan ditut, ez xangrinatzeko;
Ahide, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantu hok aditzean, semiaz oroitzeko.

 Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Joseba Sarrionandia idazle eta poetak berari eskaini zion “Martin Larralde” olerki ezaguna, “Hnuy illa nyha majah yahooliburuaren baitan. Urte batzuk beranduago Ruper Ordorikak musikatu zuen, “Dabilen harria” lanaren baitan.

Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak,

jendarme auto bat bidean,

bildots artean, pasatzen.

Etxe elizetan otoitzak, betiko otoitzak

neguko kearen antzera

leun igotzen.

Martin Larralde ez da sekula itzuli

baina itzuli balitz,

arantzak barrurantza itzuliak dituen sagarroiak lez.

Itzuli izan balitz zer?

Gaur igandea da.

Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak

Jendarme auto bat bidean

Bayonne 17, panopetik.

Jendea familia erretratuetan bezala

Larritasuneraino perfumaturiko arima erakutsiz doa mezetara.

Inork ere ez du dena ohitura dena errua dena barkamena.

Oroimenaren korapiloa deslotzen

Inork ez du dena ohitura dena errua dena barkamena

Martin Larralde honelako egun batez hil zen galeretan.

Begiak zabalik etzanda: Zerua itsaso zikin bat da.

Zerua itsaso zikin bat dela esanez.

Agian zerua itsaso zikin bat dela esanez.

Iturria: Bordaxuriren epaiketa
Euskal gaizkileak: Martin Larralde

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.