Ondarea eta dekadentzia

Ondarea eta dekadentzia –

Hegoi Belategik Industri ondarea zaindu eta fabrika zaharren berrerabiltzeaz idatzi du Uriolan.  

Gaur egungo Euskal Herria industriarekin lotu behar da. XIX. mendeko amaieratik aurrera emandako industrializazioak zeharo eraldatu zuen egoera sozioekonomikoa eta fisionomia gure herrialdean. Neurri handi batean, aldaketa horren ondorengoa da gure gizartea. Bigarren sektoreak garrantzitsua izaten jarraitzen du, baina lehentasuna galtzen ari da. Hala ere, industrializazio horren aztarnak nonahi topa daitezke, batez ere Bilbo Handian.

Ondarea eta dekadentziaAurrekoan lehen aldiz joan nintzen Laudiora trenez; Abusutik Ugao arte, lantoki, fabrika eta biltegiak ikusten dira etengabe, horietako asko itxiak edo zaharkituak. Paisaia zakartzen dute bai, baina antzinako botere ekonomikoaren erakusle ere badira. Bilbo industriaz inguratutako hiria da, Basauri, Asuako bailara eta Ezkerraldea besteak beste. Duela ez hainbeste, Bilbo bera gune industrial garrantzitsua zen eta gaurko hiri egitura eta demografia, iragan horren ondorioa dira.

Europako beste leku batzuekin alderatuz, berandu hasi zen industrializazioa, XIX. mendeko bigarren erditik aurrera hain zuzen. Baina penintsulako lehenak izan ziren Katalunia eta Euskal Herria. Burni beharrean zeuden britainiar enpresak izan ziren fabrikak ireki zituzten lehenak. Beranduago euskal burgesiak gauza bera egingo zuen. Ia mende batez, milaka eta milaka lagun iritsi ziren Espainiako eskualde guztietatik fabriketan lan egiteko, batez ere Bilbo ingurura. Langile horien etxebizitza beharrak asetzeko, auzo berriak eraiki ziren, asko korrika eta presaka gaur egungo urbanismo berezia sortuz. Garai hartan, bilbotarrak euren industriaz oso harro zeuden, tximinien kea, dinamismo ekonomikoaren baliokide baitzen. Aldarrikapen ekologistek ez zuten oihartzun handirik garai hartan. 80. hamarkadako krisia ordea, aro baten amaiera izan zen. Produkzio modeloaren aldaketa globalizazioarekin batera, industria askoren porrota eragin zuen eta milaka lagunek lanpostua galdu zuten. Amaiera hura gatazkatsua izan zen hainbatetan, Euskalduna Ontziolen kasuan bezala.

Agintari eta enpresariek etengabe diote, euskal industriak egoera berrira egokitzen jakin zuela, eta bigarren sektorea pisu handia izaten jarraitzen duela. Egia da, baina polo industrial erraldoien garaia ezinbestean bukatu dela dirudi. Euskal Herrian zehar barreiatuta dauden fabrika itxiak, errealitate horren erakusle dira. 100 urteko industrializazioak, aire, lur eta ibai kutsatuak utzi zituen, hainbat eskualdeen zailtasun ekonomikoekin batera. Dekadentzia beraz. Baina fabrika horiek guztiek, gure nortasunaren parte dira ere bai, historiaren laginak. Hau da, ondarea.

.

Fabrika zaharrei, erabilera berriak

Bilbo, hiri baten zaharberritze prozesuaren eredu aproposa da. Maiz entzuten da, Bilbok utzi diola hiri gris eta industriala izateari, hiri moderno eta dinamikoan bihurtzeko. Alde batetik, hiriko zentroa erabat berritu zuten, Euskalduna Jauregia eta Guggenheim museoa eta Zubizuri hiriaren ikur berriak bihurtuz. Baina beste auzo batzuk gabezia berdinekin jarraitzen dute, bereziki gune industrialetatik hurbil dauden auzoak. Hala ere, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak 1984. urteaz geroztik, industria zahar hauek babesten jardun dute. Alde batetik, gure historiaren parte direlako baina baita ere, eraikin hauek erabilerarik gabe geratu ez daitezen.

Aukerak bi dira eta aski sinpleak. Fabrika zaharrak botatzea beste zerbait eraikitzeko. Modu honetan, ondare fisikoa galtzeaz gain, espekulatzeko eta gentrifikatzeko aukera dago, Zorrotzaurren bezala, alegia. Beste aukera eraikin horiei bizitza berri bat ematea da. Badirudi azken urteetan bide egokia jarraitzen ari garela, izan ere, geroz eta proiektu gehiago garatzen ari dira pabiloi eta fabrika horietan.

.

Parte hartzea

Azken urteotan, industria eta kultura lotzen saiatu direla dirudi. Atzoko lantokia, gaurko jakintza egoitza da, Alondegia edota ZAWP aretoa bezalako esperientziak Euskal Herrian zehar banatzen ari dira. Eta hala behar du izan. Baina Kukutza ere gune kulturala zen, herritik jaioa eta herriarentzako gainera. Badirudi eraberritze prozesu hauetan enpresa eta instituzioen kudeaketa aurreikusi dela soilik. Okupazioak zeharo kriminalizatuta jarraitzen du, nahiz eta helburu soziala izan, gehiegizko ahalduntzea litzateke hori. Baina logikaz pentsatuta, gizarte osoarentzat aberasgarria baino ez da, herritarrek kudeatzea espazio hauek. Elkarte eta talde askoren egoitza falta konponduko litzateke, herritarrek kudeatuta gainera, herriaren beharrei hobeto erantzungo lieke proiektuak. Hau da, erakundeen lana arinduko litzateke. Eraikin bat 30 urtez hutsik badago jabeak jaramonik egiten ez diolako, zilegi da herritarrek espazio horiek okupatzea. Azken finean industria horien hazkundearen eragileak langileak izan ziren, herria. Euskal Herrian trebeak omen gara, tradizioak berrikuntzekin uztartzen. Zorte pixka batekin, gaurko fabrika itxiak, etorkizuneko gaztetxe, antzoki eta museoak izango dira.

Ondarea eta dekadentzia Ondarea eta dekadentzia Ondarea eta dekadentzia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.