Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis”

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis” –

Euskal gaizkileak: Mendaroko Jose Larrañaga
Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai
Euskal gaizkileak: Estudiante bizkaitarra
Euskal gaizkileak: Aiako Jose Frantzizko Tejeria
Euskal gaizkileak: Luis Beaumont, Leringo Kontea
Euskal gaizkileak: Berueteko Goñi anaiak
Euskal gaizkileak: Martin Larralde
Euskal Gaizkileak: Belateko lapurrak

Euskal Herrian egin diren krimenen artean orrialde beltzenetakoa da hau: Beizamako krimena

Beizamako Korosagasti baserrian gertatutakoak hotzikarak sortu zituen garaiko jendartean, eta jada orduan bizirik zeuden inguruko zahar gutxi geratu arren, jakina da ez dutela ahantzi Urola eta Goierri eskualdeen arteko herritxo hartan gertaturikoa. Noizbehinka gertatzen den bezala, teoria ezberdinak daude, baina lehenik eta behin oinarria azaldu behar da.

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"1926ko azaroaren 14ean Beizamako Korosagasti baserrian bi emakume aurkitu zituzten hilda, ama eta alaba. Hilketa haiek sekulako sona izan zuten, gertatutakoa lau haizetara zabaldu zen, eta ondorioak ere ez ziren nolanahikoak izan: atxiloketa mordoxka bat, zurrumurruak, prentsaren eragina… Jazinta Odriozola Tolosan zebilen neskame lanetan, eta igandero legez, bere familia bisitatzera joan zen; berak aurkitu zituen Bibiana Azkardi ama (66 urte) eta Maria Odriozola ahizparen (27) hilotzak, ziurrenik ardiei ilea mozteko artazi zati batekin egindako zauriekin. Maria baserriko atarian zegoen zerraldo, Kanel etxeko txakurra alboan zuela, eta ama baserritik metro gutxira. Ziurrenik erasotzaileak lehenik alaba hil zuen; ondoren ama egoeraz ohartu eta laguntza eske atera zen, kriseiluarekin (gorpuaren ondoan zeukan). Beraz, erasoa gauez izan zen, eta amari bidea argitu zion kriseilu berak argitu zion hiltzaileari non zegoen ama.

Jazintak gertaeren berri eman bezain pronto agertu ziren Korosagastira Bidaniko mikeleteak. Diligentzia guztiak egin eta Azpeitiko epaitegira igorri zuten kasua. Atxiloketa ugari egin zituen poliziak: Jazintaren lagunak ziren bi artzain, artzaina zen Beasaingo Isidro Aranburu, Joxe Antonio Irazustabarrena Ormaiztegiko tratantea… Azkenean, baserritik hurbil zegoen Lizardi auzora (Itsasondo) jo zuen poliziak, eta Aranzegitarrak eta Mujikatarrak atxilotu zituzten. Aranzegitarrak diru asko omen zeukaten etxean, eta bertako semeak Jazintarekin harremanak zeuzkanez, poliziak aski froga ikusi zuen horretan.

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"Iskanbila sekulakoa izan zen. Hedabideek heriotz zigorra eskatzen zuten (Diario Vasco nahiko ongi portatu omen zen atxilotutakoei emandako trataerarekin), baina jendeak atxilotuen errugabetasunean sinesten zuen; Lizardikoek auzolanean egin zituzten atxilotuen baserrietako lanak espetxean izan ziren bitartean, eta 2000 lagun elkartu ziren Azpeitian atxilotuak epaitegira nola eramaten zituzten ikusteko. Manifestazioa eta guzti egin omen zuten hauen askatasuna eskatuz. Atxilotutakoen anai batek, Legorretako Beroztegiko Lasatar batek, tentsioa ezin eramanda, bere buruaz beste egin zuen. Poliziak Urrestillako ume batzuk torturatu omen zituen erantzun bila, ia azkazalik gabe uzteraino.

1927ko maiatzean epaiketa ospatu zen, Pedro Marroquin epailea buru: guztiak absolbituta, froga falta zela eta. Lizardiko errugabeak negarrez atera omen ziren epaitegitik, eta Itsasondon omenaldi bazkaria egin zieten ongi etorri gisa. Epaiketaren sumarioa 1953ko uholdeetan galdu omen zen.

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"
Lizarditarrei egin zitzaien bazkari-omenaldia, Itsasondon

Gertaera latz haietatik hamar bat urtera, dena hankaz gora jarri zen berriro. Itziarko Santuaran baserriko Luxiano tratanteak, “Mekatxis”-ek, apaizari bere bekatuak aitortu zizkion hilzorian zela. Tartean, Beizamako krimena.

Tartean, diogu, zeren eta apaizari ere aitortu zion inguruko baserri bateko morroia ez zela Amerikara ailegatu, berak hil eta gorpua Urteagako haitzulora bota zuelako. Apaizak zalantzak izan omen zituen ea guzti hori barka ahal zitekeen edo ez, eta artzapezpikuarengana jo zuen; honek ere ez zeukan oso garbi, agidanez, eta Vatikanora jo zuen. Hainbeste tramiteren artean hil zen Luxiano, bere bekatuen barkamena jaso gabe, eta (bizitza honetan?) zigorrik jaso barik.

Korosagasti baserriko gertaeretara itzulita, bi hipotesi nagusi daude.

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"
Korosagasti baserriaren hondakinak

Lehen hipotesia: Mekatxis lapurtzera joan zen baserri hartara, etxeko gela gehienak hankaz gora baitzeuden, eta gainera dirua falta zen.

Bigarren hipotesia: Agustin Linazasoro irakasle ordiziarrak babesten duen tesia. Gipuzkoan, garai hartan, prostituzio trama bat omen zeukaten herrialdeko jauntxoek, eta Korosagastiko ama alabak tartean zeuden: ama proxeneta eta alaba emagaldua. Urte horietan antisorgailurik ez zegoenez, harreman haietatik haurdunaldi dezente sortzen ziren. Abortua posible ez zen kasuetan, umea erditu, eta ondoren Korosagastikoak arduratzen ziren umea desagertarazteaz. Baserrian 20 umeen hezurrak agertu zirela dio Lizanasorok. Irakaslearen iritziz, tramako buruek Luxiano bidali zuten ama alabak hiltzera, hitz egin ez zezaten. Jon Aranok elkarrizketatu zuen Linazasoro Goierriko Gidan:

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"

 

“Beizamako krimena” podcasta


Honako bertsoak idatzi zituen Patxi Erauskin bertsolariak:

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, "Mekatxis"
Beizama

*Auxen da era etorri dana
bertso batzuek jartzeko,
kulparik gabe preso egon diran
itsasondotarrantzako;
letra bat ez da izango
inor ofenditutzeko,
eskerrak onak lege-gizonak
zeuzkatela libratzeko.*

*Millaz ondoren bederatzi eun da
ogei ta seigarren urtean,
Azaroaren amalaueanegun senalamentean,
negargarri bat gertatu zana
Guipuzkoa”ko partean,
Beizama erriko korosagasti
baserri etxe batean.*

*Etxe orretan bizi ziraden
ama ta alaba bakarrik,
lanean zintzo saiatzen ziran
egin gabetan oporrik;
egun orretan arkitu ziran
biak ill da otziturik,
Euskalerrian ez da gertatu
askotan orrelakorik.*

*Jazinta odriozola beste alaba
neskame zegona Tolosa”,
egun orretako amaikaetan
etxe ortara igo zan;
bere ama ta aizpea illak
billatutzaille bera zan,
aditzerakin ala errira
destetxaetan joan zan.*

*Jazinta bera parte ote zan
jarririk errezoloso,
kulparik gabe egota”re
izan zeikean akaso;
zerbaitegatik sartua zuten
bigarren aldian preso,
ez da gainera libratu ere
garbi jakin arte oso.*

*Agintariak saiatu ziran
nun billatuko usaiak,
ama-alaba il zituztenak
agertutzeko etsaiak;
lendabiziko artu zituzten
ijitano ta artzaiak,
kulparik gabe preso, etzeuden
aien biotzak lasaiak.*

*Andik urrena Itsasondo”ko
Lizarditara jo zuten
aurrean artu Azpeitia”ko
kartzelara zuzen-zuzen;
periodiko batzuek berriz
gezur aundiak zabaltzen,
oiek kulpante ornen zirala
baita”re askok sinisten.*

*Eriotz aiek bateonbatek
egin zituan serio,
esan lezake elkarrengana
asko zutela odio;
aizken orduan guztion aitak
kontuan artuko dio,
zenbait familik negar egin du
kaso ori zan medio.*

*Aita semeak, ama-alabak,
senar eta emaztiak,
izan dituzte oso garratzak
gau t”egun, jai ta astiak;
kulparik gabe eraman bear
oinbeste pena tristiak,
orain etxean libre daude ta
aztu bitzaie guztiak.*

*Ondo dakigu iltzaile oien
billa zorrotz dabiltzala,
denok nai degu gaizki eginak
arren argitu ditzala;
merezi du-tabizia kendu
edo betiko itzala,
kulpa gabe preso egotetikan
Jainkoak libra gaitzala.*

*Maiatz illaren ogei ta batean
ta larunbat arratsian
itzenekoak aita-semeak
erabat libratu zian;
poz-dardara bat sartu zitzaigun
askori bai biotzian,
lo-gurerikan inork etzeukan
oiek errian sartzian
aien biotzak lasaiak.*

*Orra azaldu kulparik gabe
nola egonduak diran,
inorentzako mesederik ez,
familientzat galeran;
onra emanaz bertsoak kanta
mundu guztien aurrian,
iltzaile krimen lapurrik ezta
Itsasondo”ko errian.*

Iturriak

Jon Egiguren, Aizarna.com

Asier Agirresarobe, Argia

Jon Arano, Goierriko Gida

Bixente Barandiaran, Goierritarra aldizkaria

Euskal gaizkileak: Itziarko Luxiano, “Mekatxis” 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.