Euskararen eremu osoa???

Euskararen eremu osoa? –

Euskararen eremu osoa???Duela 25 urte inguru Eusko Jaurlaritza inkestak egiten hasi zenetik lehenengoz, ez ditugu eskuragarri Euskal Herriko datuak. Horien ordez, “euskararen eremu osoarenak” eskaini dizkigute. Euskal Herria ezkutatu bezala, beste errealitate batzuk ezkutatzen edo mozorrotzen dituzte gure agintariek, Inkestaren hedapen partziala eginez eta hiztegia bihurrituz, besteak beste. Iker Salaberria hizkuntzalariak eman zituen hainbat adibide, iruzkin honetan.

Balizko multzotan banatzen gaitu Inkestak, Ikerrek azpimarratu lez. Hala, “euskaldunak” %30 inguru omen gara, “ia euskaldunak” beste %15 inguru, eta “erdaldunak” %50 baino ez. Baina belarriak eta begiak dituen edonork badaki, jakin gura badu, “euskararen eremu osoan” be, herritarron %100 erdaldunak garela. Horietatik %30 euskaldunak ERE bagarela (elebidunak alegia), %15 inguruk euskara ulertzen omen duela eta %55 piperrik ere ez duela ulertzen.

Gazteek euskaldunduko omen dute Euskal Herria, barka, “euskararen eremu osoa”. Jaurlaritzatik eta enparauetatik datozkigun diskurtso “positiboei” jaramon eginez gero, gazteen bizkar omen dago euskararen normalizazioaren etorkizuna (hori ere bai, arranopola?).
Hala ere, nabarmendu ez arren, Jaurlaritzak aitortzen du Inkestan bertan errealitate demografikoa: “euskal gizartea gero eta zaharragoa da. Jaiotze-tasa oso txikia da, gazteen multzoak, euskaldun gehien biltzen dituenak, gero eta pisu txikiagoa du gizarte osoarekiko”.
Alabaina, irudira ekarriz azpimarratzen duena “euskaldunen bilakaera adinaren arabera” da, gazteen elebidun tasa handia nabarmenduz… baina gazteen pisu demografiko txikia ezkutatuz.

Hogeigarren mendean desagertu ziren azken euskaldun elebakarrak.
1981. urtean artean baziren bakan batzuk artean. Baina euskaldun elebakarren desagertzea ospatu zuen Jaurlaritzak, “hizkuntza aniztasuna” deitzen duena (españolak / frantsesak euskaldunak bereganatzea) “aberasgarria” dela argudiatuz. Euskaldun elebakarrak desagertu bitartean erdarek ez dute hiztun bakar bat ere galdu ostera, Inkestak besterik iradokitzen duen arren: “Gazteenen euskalduntzea agerikoa da eta erdaldunen ehunekoaren jaitsiera orokorra…”.
Euskal Herrian, soilik euskaraz bizitzea ia ezinezkoa den bitartean, erdaldun elebakarrak patxada ederrean bizi dira españolez / frantsesez, baita herririk euskaldunenetan ere. Herririk euskaldunenetan aurki daitezke euskarari bizkarra emanda bizi diren herritarrak. Baita bertakoekin harreman ohiko eta ugariak dituzten tabernari, dendari eta bestelakoak ere. Jeneralak bailiran, zalditik jaitsi barik. Ondo dakite nork agintzen duen hemen.

Euskararen eremu osoaren Inkesta, lainoan galdurik.
Jaurlaritzak EAEko Inkesta, Nafar Gobernuak Nafarroakoa eta EEP delakoak Iparraldekoa eskaintzen dute nork bere webgunean. “Euskararen eremu osoarena” ez dago bilatzen erraz.
Baina egon badago, Jaurlaritzaren “irekia” izeneko gune erraldoian. Bitxia hori ere.

Euskararen eremu osoaz galdera bat edo beste.
Zergatik ordezkatu EUSKAL HERRIA, bulego unionista-kutsuko goitizen irendu horrekin?
Zergatik desagerrarazi duzue Euskal Herria Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren azken agirietatik? PP-k eta PSOEk badute zerikusirik horretan?
Buñuel, Milagro, Angelu edo Trebiñu euskararen eremukoak dira? Eta Boise, Bartzelona edo Montevideo? Eskiula eta Aramitze? Bordele eta Huesca?
Azkenik, eragile euskaltzalei (eta abertzaleei) ez die inongo kezkarik sortzen hizkuntz politika honek? Errealitate bat desagerrarazteko lehen urratsa ukazioa izan ohi da…

euskara, Eusko jaurlaritza, inkesta soziolinguistikoa
JJ Agirre

Albaitaria.

4 pentsamendu “Euskararen eremu osoa???”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2017-08-31 00:14

    Orotariko Euskal Hiztegian: erdaldun: Que no habla vasco. v. erdaradun, erdaratar; cf. euskaldun. Tr. Documentado en textos meridionales y septentrionales no suletinos. La forma erdeldun se encuentra por primera vez en Arrese Beitia (que emplea tbn. erdaldun) y la emplean algunos autores meridionales del siglo XX. En DFrec hay 36 ejs., uno de ellos sept., de erdaldun y 4 de erdeldun.

    Hiztegi Batuan:
    erdaldun 1 adj./iz. Erdaraz mintzatzen dena, euskaraz ez dakiena. Maisu erdaldunak. Elizgizon erdaldun edo erdaltzaleak. Galdu gaituzte arrotz eta erdaldunek.
    2 adj./iz. Hizkuntza arrotzean mintzatzen dena. Erdaldunak ere gaelerazko elizara joaten baitira.

    Eta abar.

  • “Gure” buruzagi politikoak guri besterik axola ez zaigun informazioan gure izana ukatzen. Menpekotasun ideologikoa, kolonizazioa, geroz eta sakonagoa da. Ea espabilatzen garen!

  • “Euskal Herrian, soilik euskaraz bizitzea ia ezinezkoa den bitartean, erdaldun elebakarrak patxada ederrean bizi dira españolez / frantsesez, baita herririk euskaldunenetan ere. Herririk euskaldunenetan aurki daitezke euskarari bizkarra emanda bizi diren herritarrak. Baita bertakoekin harreman ohiko eta ugariak dituzten tabernari, dendari eta bestelakoak ere. Jeneralak bailiran, zalditik jaitsi barik. Ondo dakite nork agintzen duen hemen.”

    Hau.

    Euskaraz bizitzeak pobretzen duelako. Euskaldun izatea erabaki politiko bat da, joera orokorraren kontra baitoa. Zure sare plutokratikoa txikiagoa egiten da. Aberatsen etxaitasuna edukiko duzu gainean. Lana aurkitzeko zailtasun gehiago dituzu.

    Gu azken finean haientzat basoko izaki maitagarriak baino ez gara; beterinarioarengana noanean guztiek hitz egiten diote zakur edo katuari euskaraz, Donostiako edozein jolastokitan baino gehiago entzuten da euskara. Baina ez dago ezer egiterik abertzale plutokratek jauntxo espainiar eta frantziarrari uzkia miazkatzen dioten bitartean. Azken finean zirkulu sozial aberats eta guayenak dira. Kolonoak haien lekuan jartzeko unea da.

  • Hiztegi politiko zuzenetik hartuta:
    Eusko Jaurlaritza: Euskararen Mendebaldeko Eremuko Jaurlaritza.
    Euskara: Nortespañako ekialdeko eta Hegofrantziako mendebaldeko hizkera.
    Euskalduna: Euskararen Eremu Osoan bizi den edonor. Ez daigun inor utzi kanpoan!
    Ia euskalduna: Euskararen Eremu Osoan oporretan daudenak.
    Erdalduna: Euskarak fitsik konprenitzen ez dutenak. Lau katu. Desagertzeko bidean.
    Euskal Herria: kantuetako eta kondaira zaharretako fikziozko lurraldea. Atlantidaren edo País de Nunca-jamásen parekoa. Egun EAEk, Nafarroak eta Pirineo Atlantikoetako zati batek hartzen duten eremuan omen zegoena. Basajaun, Mari, TTartalo eta Urkulluren oasia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude